euskaraespañol

Annick Laruelle

COVID-19ak boto erabakia aldatzea eragin dezake?

Ekonomia Analisiaren Oinarriak I irakasgaiko Ikerbasque irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/20

Annick Laruelle. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Animaliek bezala, gizakiek instintuzko jokabideak izaten dituzte infekzioak eta eritasunak ekiditeko. Adibidez, usain txarra duten elikagaiei uko egiten diegu edo eztulka ari diren edo gaixo daudela dirudien pertsonez aldentzen gara. Erantzun psikologiko inkontziente horiei «jokabidezko immunitate sistema» esan izan zaie (behavioral immune system). Lehen defentsa lerroa dira eritasunen aurrean, eta lana aurrezten diote immunitate sistemari.

Patogenoen prebalentzia handia eta iraunkorra denean, portaera horiek kulturan zertzen dira. Ikerketa enpiriko batzuen arabera, eritasun kutsakorren prebalentzia handia duten eskualdeetan, biztanleak barnerakoiagoak dira, esperientzietara itxiagoak.

 

Estres parasitarioaren teoria

Estres parasitarioaren teoriaren arabera (Parasite Stress Theory), korrelazioa dago eritasunen prebalentzia historikoaren eta gizarte baten indibidualismoaren edo kolektibismoaren artean. Eritasun kutsakorrekiko esposiziorik izan gabe kanpo taldeekin harreman sozialak eta ekonomikoak eduki ahal izan dituzten taldeak gizarte irekiagoak bihurtu dira.

Ondorioz, estres patogenoaren maila txikia izan duten eskualdeen kultur balioak indibidualistagoak dira (irekiera, konfiantza, arrakasta). Kolektibismo maila, ordea, handiagoa da estres patogenoaren maila handiko eskualdeetan. Horietan garatzen diren balioak konformetasuna, segurtasuna eta tradizioa dira.

Lan batek baino gehiagok berretsi dute estres parasitarioaren teoria. Horietako ikerketa batzuetan enpirikoki frogatu da eritasun infekzioso gehiago dituzten herrialdeen garapen ekonomikoa txikiagoa dela, eta demokrazia maila ere bai. Lan batean, adibidez, egiaztatu zen lotura zegoela eskualde bateko aniztasun erlijiosoaren eta eritasun infekziosoek eragindako estres mailaren artean.

 

Pandemiak alda gaitzake

BBC future hedabidean argitaratu zen artikulu batean (BBC News Mundo katean itzulia), David Robson zientzia kazetariak bi aditu elkarrizketatu zituen, COVID-19ak gure psikologian izan dezakeen eraginari buruz. Yoel Inbar Torontoko Unibertsitateko ikerlariak ebolaren epidemiak kolektibo homosexualekiko jarreran izan zuen eragina aztertu zuen ikerketa batean. Bere iritzian, aldaketa adierazgarri samarra izango da. Mark Schaller ikerlariak hainbat artikulu idatzi ditu «jokabidezko immunitate sistema» hizpide hartuta. AEBko hauteskundeetan izan dezakeen eraginaz galdetuta, garrantzi txikia izango duela erantzun zuen, ez behintzat erabakigarria.

Maciej Karwowski ikerlariak eta Wroclawko Unibertsitateko bost ikerlarik esperimentu bat egin zuten galdera berari erantzuteko, 2020an hauteskundeak egingo diren bi herrialde aztertuta: AEBak eta Polonia. Iragan martxoaren 12an eta 13an egin zen esperimentua, 1.237 parte hartzailerekin (633 AEBtan eta 604 Polonian).

Bi herrialdeetan bi taldetan banatu zituzten parte hartzaileak: esperimentu taldeak COVID-19aren agerraldiari buruzko txosten bat irakurtzen zuen hasteko, eta kontrol taldeak beste irakurgai bat. Ondoren, parte hartzaile guztiek euren antsietate mailari eta aukera politikoei buruzko galderei erantzun behar zieten. Ikusi zen koronabirusari buruzko albisteak irakurtzeak antsietatea eragiten zuela parte hartzaileengan, eta egonkortasuna eta ordena nahi zituztela. Ondorioz, hautagai kontserbadoreen aldeko hautuak gora egin zuen COVID-19ari buruzko irakurgaia irakurri zutenen artean. Berdin jokatu zuten parte hartzaileek, bi herrialde aski desberdinetakoak izan arren.

Halaber, Bartzelonako Unibertsitateko lau ikerlarik (F. Amat, A. Arenas, A. Falcó-Gimeno eta J. Muñoz) COVID-19aren krisiak Espainiako boto erabakian izan dezakeen eragina aztertu zuten. Inkesta bat egin zuten 2020ko martxoaren 20tik 28ra.

1.600 banakorekin osatu zuten lagina. Horien erdiak agerraldia Europara iritsi baino bi hilabete lehenago elkarrizketatu zituzten (2020ko urtarrilaren 27tik 30era). Emaitzen arabera, oro har, prest daude oinarrizko askatasun zibilak sakrifikatzeko, pandemiari eustearren, eta lidergo sendo bati babesa emateko, mehatxu horri aurka egitearren. Ikerketaren arabera, iritzi publikoa nahikoa prest dago aginte teknokratiko bat edo portaera autoritario bat onartzeko. Egileek ez dute ondoriorik atera hautu horiek denboran izan dezaketen bilakaeraz.

Erantzun posible bat eman da artikulu batean. Horretan, Ethan Watters kazetariak estres parasitarioaren teoriaren aitzindarietako bat, Randy Thornbill, izan zuen hizpide. Haren iritzian, eritasun mehatxuen ondorioak nahikoa laster gauzatu daitezke, are belaunaldi bakarrean ere. Gogora dakar alderdi naziak aginterako bidea gripe espainiarra gertatu berritan hasi zuela; ia bi milioi pertsona hil ziren Europan, milioi erditik gora Alemanian. Ikerlari batzuek estres parasitarioaren teoria zalantzan jartzen badute ere, ez da historia ahaztu behar.

The Conversation