euskaraespañol

19.000 lanpostu sortu dira azken 12 hilabeteetan, eta emakumeak izan dira onuradun nagusiak

Sara de la Ricak nabarmendu du, baita ere, zerbitzuen sektorea indarra hartzen ari dela enplegu alorrean, industriaren eta eraikuntzaren aurrean, eta behin-behinekotasuna nabarmen hazten ari dela

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/30

Irudia

Gaur goizean aurkeztu da Bilbon 2018ko lehen hiruhilekoaren Euskadi Lan Txostena, UPV/EHUren eskutik. Sara de La Rica irakasle eta txostenaren zuzendariak azpimarratu du enplegua nabarmen berreskuratu dela Euskadin, baina behin-behinekotasuna eta epe luzeko langabeziaren kronikotasuna hazi direla.

Euskadi Lan Txostenak, hemendik aurrera, bi aldaketa garrantzitsu ditu: lehenengoa da ISEAK (Initiative for Socio-Economic Knowledge) sortu berri den taldeak egingo duela. Zortzi pertsonak osatzen dute talde hori, Sara de la Rica UPV/EHUko Ekonomian katedraduna buru dela, eta diziplina anitzeko izaera mistoa du, taldea osatzen duten pertsonak hainbat organismotakoak direlako, UPV/EHUkoak, Espainiako beste unibertsitate edo ikerketa-zentroetakoak eta Munduko Bankukoak.

Bigarren berrikuntza datuen aurkezpenean dator. FEDEAk −bertako Lan Behatokiak hartzen ditu datuok Euskadirentzat− aurkezpen dinamikoa egitea erabaki du, hala lan-arlo bakoitzaren bilakaera gardentasun osoz ikusi eta, beraz, informazio gehiago eta hobea lortzeko.

De la Rica pozik agertu da, Euskadin enpleguaren susperraldiak “aurrera” egin, azken hamabi hilabeteotan 19.000 lanpostu sortu eta langabeziak “behera” egin duelako.

“2011z geroztik lehenengo aldiz, Euskadin biztanleria landunak helduen % 50 gainditu du lehenengo hiruhilekoan (913.000 landun). Garrantzitsua da hori, 2011 urtea heldu landunen portzentajean inflexio-puntua izan baitzen, aurrera egiteari utzi eta etengabe beherantz egin baitzuen 2014era arte. Une horretatik aurrera, landunen proportzioa suspertzen hasi zen pixkanaka, baina 2018ko lehen hiruhilekora arte ez da % 50a gainditu. Guztizko zenbakietan, azken urtean landun kopuruak 19.000 pertsona gehiago ditu”, adierazi du De la Ricak.

Lan-merkatuaren ahultasunak

Datu on horiek aurkeztu badira ere, azterlanak euskal lan-merkatuaren hainbat ahultasun ere azaleratzen ditu: alde batetik, enpleguaren behin-behinekotasuna, horietako gehienak emakumezkoenak, eta, bestetik, epe luzeko langabeziaren kronikotasuna, Espainiako gainerako eskualdeetan baino motelago murrizten ari baita.

“Langabetuen kronikotasun-maila dela eta, enplegu-politika aktibo eta eraginkorrak beste eskualde batzuetan baino beharrezkoagoak dira hemen, zalantzarik gabe, beste eskualdeetan epe luzeko langabeziak ez badu Euskadin bezalako garrantzirik. Hala ere, langabeziaren kronikotasuna, Balearrei izan ezik, ia beste eskualde guztiei eragiten die”, azaldu du De la Ricak.

Informazio guztia: http://www.informelaboraleuskadi.org/