euskaraespañol

20.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena UPV/EHUn graduko ikasketak egiteko

Osasunari lotutako titulazioak eta ingelesez ematen direnak, gehien eskatzen direnen artean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/07/14

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak 2023-2024 ikasturtean graduko ikasketak egiteko 20.400 aurreinskripzio-eskaera jaso ditu. Gehien eskatzen diren titulazioen artean daude Medikuntza, Odontologia, Erizaintza eta osorik ingelesez ematen diren ikasketak, hau da,: Business and Economics  gradu bikoitza eta datorren ikasturtean hasiko den Biomedical Engineering (aipamen duala duena). Beste gradu berriak ere, Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza Gradu Bikoitzak, harrera bikaina izan du.

Jakintza-arloei dagokienez, eta eskaeretan adierazitako lehen aukera kontuan hartuta, aurreinskripzioetatik % 37,3 Osasun Zientziei dagokie; % 29,8, Gizarte eta Lege Zientziei; % 18,5, Ingeniaritza eta Arkitekturari; % 7,7, Zientziei, eta % 6,8 Arte eta Giza Zientziei. Alde horretatik, nabarmentzekoa da ingeniaritza eta Arkitekturaren arloan eskaerak bi puntu igo direla.

2023-2024 ikasturterako, guztira, 8.694 plaza eskaintzen dira, iaz baino pixka bat gehiago. Matrikula datorren astelehenean, uztailak 17, hasiko da.

“Gradu-ikasketen eskaintzak eskaera handia izan du berriz ere, eta horrek erakusten du euskal gizarteak konfiantza handia duela bere unibertsitate publikoan. Titulazio berriek jaso duten harrerak islatzen du eskaintza bat datorrela belaunaldi berrien eskaerekin, eta nazioartekotzean, diziplinartekotasunean eta ikasketa dualetan lanean jarraitu behar dugula”, nabarmendu du Eva Ferreira errektoreak.

8.694 plazen eskaintza

Euskal Herriko Unibertsitateko 19 fakultate eta eskoletan guztira 8.464 plaza eskainiko dira datorren ikasturtean. Plaza horiei gehitu behar zaizkie UPV/EHUri atxikitako hiru ikastegietako (Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskola; Gasteizko Erizaintza Eskola; eta IMHko Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskola), hiru graduenak, guztira, 230 plaza. UPV/EHUk datorren ikasturtean 107 gradu eskaintzen ditu. Horietariko bi berriak dira: Biomedical Engineering, oso-osorik ingelesez emango dena Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta Hezkuntzaren arloko lehen gradu bikoitza: Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean egingo dena, Gipuzkoako Campusean. Azken horrekin, hamabost dira eskaintzen diren gradu bikoitzak.

Bestalde, Biomedical Engineering-ekin dagoeneko bi gradu ematen ditu UPV/EHUk ingelesez, 2020-2021 ikasturtetik aurrera Ekonomia eta Enpresa Fakultateak Sarrikoko egoitzan Business + Economics gradu bikoitza eskaintzen baitu. Gainera, Lehen Hezkuntza, modalitate hirueledunean, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (Arabako Campusa) eta Bilboko Hezkuntza Fakultatean ematen dira. Bilboko fakultate horretan Haur Hezkuntza ere ematen da modalitate hirueledunean. Bi hizkuntza ofizialetan egin ahal dira graduak,, eta gehienek ingelesezko irakasgaiak dituzte (800 baino gehiago dagoeneko), baita beste hizkuntza batzuetan ematen diren irakasgaiak ere (180 inguru). Lau graduk nazioarteko aipamena dute, Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak ematen duen aipamena, ikaslegoaren nazioartekotzea sustatzeagatik. Ildo horretan, nabarmentzekoa da UPV/EHUko graduko lau ikasletik batek nazioarteko mugikortasun esperientzia bat izan duela ikasten ari den bitartean.

Gainera, hamabi graduk (Biomedical Engineering tartean) prestakuntza dualeko proiektuak garatzen dituzte, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak unibertsitatean eta enpresan uztartzen dituen eredua. Prestakuntza duala albo batera utzirik, ia ikasle guztiek dute aukera praktikak egiteko bertako enpresa, erakunde, GKE edo elkarteetan, eta urtero 13.000 praktika inguru egiten dira; % 37, borondatezkoak.

Matrikularen prozedura

Uztailean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren ohiko deialdian gainditu duten Batxilergoko ikasleak matrikulatzen dira, hala nola Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, 25 eta 45 urtetik gorakoak eta lan esperientzia dutenak eta titulatuak, besteak beste. Uztailaren 17tik 20ra luzatuko da lehenengo matrikularako epea eta gero, bigarren deialdian (uztailak 21) deitutakoak uztailaren 24an matrikulatuko dira, eta hirugarrenean (uztailak 26) deitutakoak, uztailaren 27an. Lehenengo deialdiaren ostekoetan, aurreko ordenazioan libre geratu diren plazak esleitzen dira. Geroago, irailean, beste hiru deialdi egongo dira.

Onarpen eta matrikulari buruzko informazio gehiago: https://www.ehu.eus/eu/web/graduak/matrikula