euskaraespañol

Enpresetako praktikek gora egin dute Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolan

Ikasturte honetan, orain arte egindakoan, ikastegiak enpresekin sinatutako hezkuntza lankidetzarako hitzarmenen kopuruak gainditu egin du krisialdiaren aurrean sinatutakoena

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/20

Irudia

Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolak, ikasturte honetan, orain arte egindakoan,150 hitzarmen eta Lehen Aukera izeneko 12 beka sinatu ditu dagoeneko. Beraz, gainditu egin du krisialdiaren aurrean sinatutakoen kopurua, hau da,  2007/2008 eta 2008/2009 ikasturteetakoena. Gure esparruko 75etik gorako enpresekin sinatutako hitzarmenak izan dira, enpresa handiekin (Michelin España Portugal SA, Espainiako Mercedes-Benz, Iberdrola SA edo Aernnova SA), hain handiak izan ez baina Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegi honentzat garrantzitsuak diren enpresekin (IDOM Ingeniería y Consultoría SA, ABGAM Grupo Segula Technologies SA, EGA Master SA, Biopraxis Research AIE), erakundeekin (Vitoria-Gasteizko Udala), edo enpresa txikiekin (Geograma SL, Torniplasa SAL, Servicort System SL, Digital Ingeniería eta Gestión SL).

Atalei erreparatuz gero, azpimarratzekoak dira Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Antolakuntzako  ikasketekin lotutako enpresak, jarraian doaz Geomatika eta Kudeaketarako Informatikakoak, grafiko honetan adierazi bezala:

 

Borondatezko praktika hauek aukera ematen diete ikasleei enpresekin lehen kontaktu bat izateko. Batez beste, 550 orduko iraupena izaten dute praktika horiek, eta ikastegian jasotako prestakuntza teorikoa eta praktikoa osatzeko balio ohi dute. Eta, kasu askotan, Gradu Amaierako Lana egiteko ere zaie baliagarri. "Hainbat kasutan, ikasleek titulua lortutakoan, lan kontratua egiten zaie -Eskolako zuzendaritzak adierazi duenez?. Bestalde, kontuan hartzen badugu 2012/2013 ikasturtean 197 tituludun izan genituela, esan ahal dugu gure ikasleen % 80tik gora borondatezko praktiken esperientzia bizi izan dutela. Eta, oraindik ere, ikasturtea bukatu gabe dagoela, hitzarmenak sinatzen jarraitzen dugu, enpresek ikasleak eskatzen dizkigute eta".

Praktiken %65ean ikasleek hilean, batez beste, 500 euro inguru jasotzen dituzte eta, jakina,  familiek matrikulan egindako ahalegin ekonomikoa konpentsatzen du nolabait diru horrek.

Enpresek egindako praktikekiko erakusten duten gogobetetzea oso handia da: 4.5 (gehieneko nota 5 izanda). Era berean, ikasleek erakusten duten gogobetetzea ere altu samarra da: 3.85 (gehieneko nota 4 izanda). "Enpresek gure ikasleak behin eta berriro eskatu izana eta erakutsitako gogobetetze indize altuak oso sintoma onak dira eta argi adierazten dute ikastegian emandako prestakuntza teorikoa eta praktikoa gaurkotuta daudela eta industrian eta gizartean detektatutako beharretara ere moldatuta daudela -adierazi dute UPV/EHUko arduradunek?. Gure helburu nagusia da ildo horretatik segitzea, ingeniaritzako prestakuntzan ikastegiak kalitateko erreferentzia izaten jarraitu nahi du eta".

Hori guztia ezinezkoa litzateke gure inguruetako enpresa sareak lagunduko ez balu. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiegu Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolarekin lan egiten duten enpresei, hezkuntza lankidetzarako hitzarmenen bidez laguntzen dutenei ez ezik, beste eginkizun hauetan ere laguntzen dutenei: espezializazio jardunaldi eta ikastaroetan, haien instalazioak bisitatzen, ekipamendua ematen, etab.