euskaraespañol

Irudi plataforma berri bat minbiziaren aurka nahi erara borrokatzeko

Banafshe Larijani, CSIC - UPV/EHU Biofisikarako Unitatean ari den Ikerbasque ikertzaileak, irudi plataforma bat garatu du arrisku handiko gaixo onkologikoak hobeto identifikatu eta terapia espezifikoak diseinatzeko aukera emango duena

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/29

Banafshé Larijani, CSIC - UPV/EHU Biofisikarako Unitatean ari den Ikerbasque ikertzaileak, Erresuma Batuko eta Frantziako beste ikertzaile batzuk lagun dituela, irudi plataforma kuantitatibo bat eta analisi metodo berri bat garatu du minbiziko gaixoengan aktibatutako biomarkagailu baten egoera atzemateko eta, honen arabera, arrisku handiko gaixoak identifikatzeko, farmakoterapia espezifikoago baten onurak jaso ahal izango dutelarik. Ikerketaren emaitzak eman dira argitara Cancer Research aldizkari entzutetsuan.

akt/PKB (kinasa B proteina) onkoproteinaren deserregulazioa loturik ageri ohi da zenbait giza kartzinomaren pronostiko txarrarekin. Minbizian, eginkizun funtsezkoa izaten du PKB-ak ugalketa eta biziraupen zelularrari, glukosaren metabolismoari, egonkortasun genomikoari eta birbaskularizazioari dagokionean.

Bularreko minbiziaren kasuan -munduan emakumeei gehien diagnostikatutakoan-, Akt/PKB-ren aktibazioa gaixotasunaren egoera aurreratu bat dagokio, pronostiko txarrekoa, biziraupen murritza eta irrati-terapiarekiko erresistentziari dagokionez.

Proteinen aktibazioa balioesteko egun egiten diren hurbilketak metodoko intentsiboetan oinarritu ohi dira, eskuzko puntuazioak eta espezifikotasun eskasak mugatuta. Larijani doktoreak eta ikerketa kideek metodo berri bat diseinatu dute, espezifikotasun eta sentiberatasun handikoa, honez gain seinaleztapen molekularraren edozein bide analizatzeko baliatu ahalko litzatekeena.

Aldi berean, errendimendu handiko FRET/FLIM irudi plataforma bat garatu dute, frekuentzia anitzen bizialdirako fluoreszentzia mikroskopian  (Multiple Frequency Fluorescence Lifetime Imaging Microscopy, mfFLIM) oinarrituta eta behar den softwarearekin, ehun mikroarray-en mapa (TMA) automatikoki egin, FLIM irudiak eskuratu eta FRET datuak prozesatzeko gai delarik, zelula eta tumoreen alderdi interesgarriak bereiziz.

Plataforma honek ahalmen handia lukete gaixoen ebaluatzeko, bai predikzio nola diagnosiaren arloan. Ikerketa egin duen ekipo zientifikoak erabilia du jada teknologia hau probatu baitute onkoproteinak  aktibatuta badaude bularreko minbizia duten gaixoengan biziraupen baxua eta eritasuna gainditzeko zailtasun handia egon ohi dela. Honez gain, metodoa berdin erabil daiteke beste ehun mota batzuekin, koloneko kartzinomekin esaterako.

Onkoproteinen aktibazioa modu zehatzaz kuantifikatzeko aukerak eragin eta ondorio handiak ditu medikuntza traslazionalerako, bereziki iragarpen eta pronostikorako biomarkagailuen aurkikuntza eta balioztatu ahal izateko eta gaixoen estratifikazioa egin ahal izateko, onkoproteinen aktibazioan oinarritutako .

Biomarkagailu hauek inflexio puntua dira gaixo onkologikoen tratamenduan, aurrera pauso esanguratsuak baitira terapia pertsonalizatuak lortze bidean. Pronostikorako biomarkagailuak iragartzen du gaixotasunaren balizko garatzea, terapia aurrera eraman behar ote den adieraziz. Beste aldetik, iragarpenerako biomarkagailuak balioesten dute tumore batek farmako zehatz bati erantzungo ote dion, terapia pertsonalizatuago eta eraginkorragoak ezartzen lagunduz.

Banafshé Larijani irakaslea CSIC-UPV/EHU Biofisikarako Unitateko Zelula Biofisikako laborategiko burua da 2014ean Ikerbasque Research Professor posizioa lortu zuenetik. Lehenago Cancer Research UK-en ikertu izan du, 2013 urtean ikertzaile senior postua lortu zuelarik. Stony Brooks (New York) eta Massachusetts Amherst (Massachusetts) unibertsitateetan alboko irakasle postua du ere.

Larijani doktorearen laborategia diziplina anitzeko puntako plataforma da, zientzia fisikoetan oinarrituz prozesu biologikoak ikertzeko bide berriak garatzen dituena. Bere laborategiak fosfoinositidoek eta hauen metabolitoek, bigarren mezulari gisa eta mintzen morfologien modulatzaile gisa duten rola ikertzeko aparteko bidea aurkitu du. Oinarrizko ikerketaren emaitzak, FRET-FLIM teknika kuantitatiboak  erabiliz fosfoinositido-aldaitzaile eta fosfoinositido-menpeko entzimen mekanismo molelularretan sakontzen dutenak, hainbat helburu klinikoetan erabili izan dira.

Larijani irakasleak 1000 aipamen baino gehiago jaso dituzten 70 ikerketa artikulu argitaratu ditu 2002 urtetik, bilgarri nuklearraren biogenesia, lipidoen seinaleztapena eta minbiziaren biologiaren arloan.

Erreferentzia bibliografikoa: S. Veeriah, P. Leboucher, J. De Naurois, N. Jethwa, E. Nye, T. Bunting, R. Stone G. Stamp, V. Calleja, St. Jeffrey, P. Parker & B. Larijani. High throughput time-resolved-FRET reveals Akt/PKB activation as a poor prognosic marker in breast cancer. Cancer Research, 2014. DOI: 10.1158/0008-5472.CAN-13-3382