euskaraespañol

UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra, Prismas Saria - Zientzien Etxea 2014

Azaroaren 15ean egingo da sari banaketa

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/20

Juan Ignacio Pérez Iglesias

UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra, Animalien Fisiologiako katedradun eta errektore ohi Juan Ignacio Pérez Iglesiasek zuzentzen duena, Zientzien Etxeak Dibulgazio Zientifikoaren arloan ematen duen Prismas Sariaren irabazle suertatu da 2014ko edizioan, kategoria berezian.

Zientzien Etxearen Prismas sariak Museos Científicos Coruñeses fundazioak antolatzen ditu duela 26 urtez geroztik, eta Espainian dibulgazio zientifikoa aintzatesten duten sari garrantzitsuenak dira. Hainbat kategoria izaten dira (bideoa, web-a, liburua, kazetaritzako artikulua, etab.), eta horien artean, Sari Berezia nabarmentzen da, dibulgazio zientifikorako egindako lanarengatik eta dibulgazio horrek izandako oihartzunarengatik bereziki nabarmendu diren erakunde edo entitateei zuzendua. Aurtengo sariak azaroaren 15ean banatuko dira, Coruñan.

Katedraren zuzendari Juan Ignacio Pérez Iglesiasen iritziz, "sari hau, pertsonalki pozgarria izateaz gain, garrantzitsua da bere garaian bi erakunde sustatzaileek -UPV/EHUk eta Bizkaiko Foru Aldundiak- hartutako erabakia babesten duelako. Honelako sariak garrantzitsuak dira erakundeen apustuari eusteko eta beste erakunde batzuentzat erreferentzia gisa balio izateko sustapen zientifikoko proiektuetan parte hartzerakoan. Egia esan, katedraren jarduerek oihartzun handia dute eta hainbat aintzatespen jaso dituzte. Sari honek indartu egiten du gure lana, jardueren harrera bikainak lehendik ere bermea eman arren. Ildo horretan, nire lankideei eskerrak eman behar dizkiet jartzen duten gogoarengatik, eta erakundeen laguntza ere eskertu nahi dut. Denon artean katedra hau errealitate indartsua izatea lortu dugu".

UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra

Kultura Zientifikoko Katedra UPV/EHUk, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eginiko lankidetza hitzarmen bati jarraiki, 2010eko urrian sortutako unibertsitate hedapeneko katedra bat da. Aldundiak jarri zuen jarduera hori garatu ahal izateko babes ekonomikoa. Katedra honek herritarren artean kultura zientifikoa sustatzeko lan egiten du, hitzaldiak, jardunaldiak eta era guztietako ekitaldiak antolatuz, baita hainbat baliabide digital argitaratuz ere. Abangoardiako ikus-entzunezko formatuak ere erabiltzen ditu (minidokumentalak, web serieak, podcast-ak, etab.), eta gizarte sareen erabilera hedakorra egiten du.

Katedrak zientziaren printzipioak, askotariko teknologietarako aplikazioak, aurrerapen zientifiko berrienak eta gizarte inplikazioei buruzko hausnarketak barne hartzen dituzten edukiak dibulgatzen ditu, haien kultur ondare izaera eta balioak bereziki nabarmenduz.

Katedrak zuzendari bat du, Juan Ignacio Pérez Iglesias, eta hainbat kolaboratzaile: Marta Macho, Raúl Ibáñez eta Aitor Bergara, UPV/EHUko irakasleak. Lan editorialaz arduratzen direnak César Tomé (Mapping Ignorance, Cuaderno de Cultura Científica eta CienciaSfera), Uxune Martínez (Zientzia Kaiera) eta Marta Macho (Mujeres con Ciencia). dira. Blogak sortzeko eta diseinatzeko lanaz José Cuesta arduratzen da eta komunikazioaz eta ekitaldien antolaketaz, Iñaki Gorostidi eta Egoitz Gago.