euskaraespañol

Boluntarioak behar dira biztanleria hipertentsiodunari eta gehiegizko pisua duenari buruzko azterketa baterako

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/23

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateak, Farmazia Fakultatearekin batera, biztanleria hipertentsiodunaren eta gehiegizko pisua duenaren azterketa jarri du martxan, bosgarren urtez jarraian. Helburua da ariketa fisiko aerobikoko programek tentsio arterialean, gorputzaren osaeran, arrisku kardiobaskularrean eta leptinemian duten eragina ebaluatzea, gehiegizko pisua edo obesitatea eta hipertentsioa eta hipertentsio primarioa edukita dieta hipokalorikoa jarraitu duten pazienteen kasuan.

'Ariketa aerobikoko programek tentsio arterialean, bihotzaren eta arnasketaren egoeran eta arrisku kardiobaskularrean duten eragina, esku-hartze nutrizionala barne hartuta, hipertentsio primarioa eta gehiegizko pisua duten pertsonengan' izenarekin, Sara Maldonado Martín, UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakaslea, hipertentsioa duen biztanleriari buruzko ikerketa-proiektu bat ari da garatzen azken urteetan. Idoia Labayen Goñi (UPV/EHU) da proiektuaren zuzendarikidea eta Javier Pérez Asenjo, Eider Larrarte eta Rodrigo Aispuru dira lankideak.

Gaur egun osasun publikoak duen arazorik larrienetako bat da hipertentsioa eta gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko arrisku-faktore garrantzitsuenetako bat ere bada. Ariketa fisikoa areagotzea gomendatzen da, baita bizitza-estiloa aldatzea ere, hipertentsioa prebenitzeko eta kontrolatzeko. Hala ere, ariketa fisikoko programa batek eduki beharreko ezaugarri bereziak ez daude garbi oraindik.

Horregatik, ikerketa honekin intentsitate desberdineko ariketa fisikoko programak garatu nahi dira hipertentsioa eta gehiegizko pisua duten pertsonengan, esku-hartze nutrizionala barne hartuta. Bestalde, tentsio arterialean duen eragina ebaluatzen da, pazientea geldirik dagoela eta ariketa egiten ari dela, baita hainbat parametro fisiologiko kontuan hartuta ere: alderik ote dagoen eta bizi-kalitatean duen eragina ebaluatzen da osasunaren ikuspegitik; eta tratamenduan esku-hartze nutrizionala egiteak eta ariketa fisikoko programa desberdinek gorputz-osaeran duten eragina eta adin baskularra baloratzen duten arrisku-faktoreak ebaluatzen dira.

Azterketa honetan parte hartzeko interesa duten pertsonek -parte-hartzea boluntarioa da eta dohainik egingo da-, Sara Maldonado-Martínekin harremanetan jarri behar dute, 945013534 telefono-zenbakian edo sara.maldonado@ehu.es helbide elektronikoan.

Proba guztiak programa hastean eta bukatzean egingo dira. Araba-Txagorritxu Unibertsitate Ospitalean egingo da odolaren analitika eta UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean egingo dira, berriz, balorazio nutrizionalaren eta gaitasun fisikoaren probak.

Gainbegiratuko diren taldeetan parte hartzeko aukeratu diren pertsonak ariketa fisikoa egingo den zentrora bertaratuko dira. Guztira 32 saio egingo dira, bina saio astean, guztira 16 aste. Ariketa-saioen ordutegia zabala da (goizez edo arratsaldez) eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko ikasleek gainbegiratuko dute.