euskaraespañol

UPV/EHUko NanoBioCel taldea Azpiegitura Zientifiko eta Teknologiko Berezietan sartu da

Nanbiosis plataformak biomaterialak eta nanomaterialak diseinatzen eta produzitzen jarduten du

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/29

Farmazia Fakultateko NanoBioCel taldea
Farmazia Fakultateko NanoBioCel taldea

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko NanoBioCel taldeko Sendagaiak Formulatzeko Plataforma, urrian, Azpiegitura Zientifiko eta Teknologiko Berezien mapan sartu da, CIBER BBNko nanomaterialak, biomaterialak eta biomedikuntzako sistemak produzitzeko eta ezaugarritzeko plataformaren (Nanbiosis) barruan. Urriaren 8an, Ekonomia eta Lehiakortasuneko Ministerioaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Politikako Kontseiluak mapa eguneratu zuen; guztira 59 azpiegitura dauzka barnean mapak.

Mapa hori eguneratzeko, zientzia, teknologia eta berrikuntzako kalitate goreneko irizpideak hartu dira kontuan. Azpiegitura hautagaiak ebaluazio prozesu zorrotz eta independente batean sartu dira. Gainera, azpiegitura horiek ekonomikoki iraunkorrak direla bermatu behar dute.

Azpiegitura Zientifiko eta Teknologiko Bereziek funtsezko hiru ezaugarri dauzkate: titulartasun publikoko azpiegiturak dira, bereziak dira, eta sektore publiko eta pribatuko ikertzaile-komunitate osoak erabil ditzake.

Nanbiosisekin zerbitzu osoa eman nahi da, biomaterialak eta nanomaterialak diseinatzeko eta produzitzeko, besteak beste. Nanbiosis plataforma integratua da, eta abangoardiako zientzia eta teknologia azpiegitura dauka. Haren unitateetako koordinatzaile zientifikoak azpiegitura honen jarduera-eremuko arloetako espainiar ikertzailerik onenen artean daude. Horregatik, agente terapeutiko bat garatzetik haren balidazio preklinikoa burutzeraino egin dezakete.

Mapa berri honi esker, 2014-2020 programazio-aldiko finantzaketa autonomikoa, estatuarena eta europarra aplikatzea planeatu eta koordinatu ahalko da, batez ere FEDER fondoak.