euskaraespañol

UPV/EHUren XIV. Zientzia Asteak bere ateak ireki ditu Gasteizen jarduera ludiko eta dibulgatzaile ugarirekin

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/06

Irudia

Azaroaren 5etik 8ra bitartean burutuko da Foru plazan eta 13 stand, 8 tailer, 6 txango, hitzaldi bat eta ikuskizun zientifiko bat eskainiko ditu

UPV/EHUren hamalaugarren Zientzia Asteak, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteak, gaur ostegunaz inauguratu Vitoria/Gasteizen, adin guztietako jendearentzat antolatutako jarduera ludiko eta dibulgatzailez beteriko egitarauarekin. Bere helburua, euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea da, gai hauek sorrarazten dituzten errezeloak eta beldurrak eraitsiz. Zientzia Astea azaroaren 5etik 9ra bitartean ospatuko da aldi berean Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen.

Edizio honetan, UPV/EHUren Zientzia Astearen eskaintza 13 stand, 8 tailer, 6 txango, hitzaldi bat eta ikuskizun zientifiko bat eskainiko ditu. Tailerretan eta txangoetan parte hartu nahi izanez gero, ezinbestekoa da www.zientzia-astea.org web gunean izena ematea; oraindik plazak eskuragarri daude hainbat jardueratan.

 

Adin guztientzako eskaintza erakargarria

 

Vitoria/Gasteizen, azaroak 6tik 8ra bitartean, ostegunetik larunbatera bitartean, Foru plazan jarritako karpan, 13 stand jarriko dira, eta bertan, DNA, historiaurrea, biomimetika edota gure bost zentzumenei buruz gauza gehiago ikasteko aukera izango dugu. Gainera, fisika, elikadura, farmakologia, geomatika edota 3D inprimagailuei buruzko tailerrak eskainiko dira. Eta hainbat txango ere egingo dira: upeltegi bat eta eihera bat bisitatzera, Añanako Gatz Haranera, Laudioko Andra Mariara edota Vitoria/Gasteizko kaleek ezkutatzen dituzten sekretu geologikoak ezagutzera.

Karparen jendaurreko irekiera ordutegia 9.30etan hasi eta 14.00etan itxi eta 15.30etan ireki eta 20.00ak artekoa da, larunbatean 10.00etatik 14.30etara eta 16.00etatik 20.00etara izanik. Sarrera libre eta dohainekoa da.

Zientzia Astearen programa zientzia-ikuskizun batez osatuko da (hiru hiriburuetan egingo dira saioak), VI. Argazki Geologikoen Lehiaketa (DBH eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta), Selfien Lehiaketa (mundu guztiari irekita), eta berrogeita hamar pieza tipografikoren bidez zientziari buruzko 50 aipu ospetsu jasotzen dituen 'Alfabetatze zientifikoa' erakusketa ibiltariarekin. Erakusketa hau, azaroaren 10etik 18ra bitartean UPV/EHUren Arabako campuseko Elurreta eraikienan ikusi ahal izango da.

Inaugurazio ekitaldian, gaur, ostegunean egingo den ekitaldian, egongo dira Javier Garaizar UPV/EHUren Arabako campuseko errektoreordea, Javier Alonso, euskal gobernuaren unibertsitateetarako zuzendaria, Blanca Lacunza Arabako foru diputazioaren ekonomi sustapenerako zuzendaria, Leticia Comerón, Vitoria/Gasteizko udaleko Espazio Publiko eta Informazio Teknologien arloko zinegotzia, Iñaki Largo UPV/EHUko ikerkuntzaren arloko errektoreordetzaren enpresarekiko harremanetarako zuzendaria, Blanca María Guerrero Arabako hezkuntza ordezkaria eta José Manuel Palacios euskal gobernuaren hezkuntza berrikuntzarako programen arduraduna.

Informazio gehiago: http://www.zientzia-astea.org/ciudades/vitoria-gasteiz/