euskaraespañol

UPV/EHU - Bordeleko unibertsitatea euroeskualdeko campusak lehendabiziko aurrerapausoak eman ditu

Unibertsitate bi hauen arteko I. symposiuma amaitu da, unibertsitate bietako 300 kidek baino gehiago parte hartuta, irakasle eta ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren artean

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/21

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko itun estrategikoak lehendabiziko emaitza lortu du bi egunetako symposium hau Bordelen eginda, erakunde akademiko biotako eta Euskampus eta IdEX-Bordeaux proiektuetan dituzten kideetako 300 pertsonak baino gehiago parte hartuz. Symposiuma txandaka burutu da osoko bilkurak eta paraleloki egindako zientzi saioak nahastuz. Osoko bilkurak mahai inguruen formatuan burutu dira, egindako bidearen eta hezkuntza, ikerkuntzan eta berrikuntzan egindako lankidetza adibide zehatzen berri xehea eskaini nahi baitzen, bai eta etorkizunerako diren aukera, tresna eta programak sakon azalduz ere. Lehenengoen artean "Bordeaux International Support Euskampus" proiektua nabarmendu behar da, sareak sortu, proposamenak elkarrekin aurkeztu, pertsonalaren trukea eta ikasleen mugikortasuna areago daitezen sustatuz.

Akordio eta ekintza zehatzak

Guztia, 14 bilera tematiko burutu dira, osasun publikoa, bizitza kalitatea, berrikuntza prozesuak eta material berriak, ekosistema iraunkorrak eta ondarea, artea eta gizarte berrikuntza bezalako gaiak jorratuz. Saio hauek Bordeleko Unibertsitateko ikertalde parte hartzaileen egoitzetan gauzatu dira. Hortaz, ideia, ekimen eta proposamenez gain, UPV/EHUko pertsonalak Bordeleko beren kideen instalazio eta ekipamenduak bisitatu ahal izango ditu.

Erabaki da tutorekidetzaz burututako doktoregoen kopurua gehitzea (24 jada abian dira) ikertaldeen arteko lotura sendotzearren; Europar Batzordearen Horizon 2020 eta Erasmus+ deialdietan elkarrekiko erantzuna ematea (aurten momentuz 10 ekimen bateratu aurkeztu dira); titulazio bikoitz gehiago eskaintzea (6 dira jada martxan eta beste 10 gehiago planteatu dira); nazioarteko laborategiak sortzea (bi aurreikusten dira, materialen eta fabrikazio aurreratuen arloetan); eta udako ikastaroetan batera egitea (UPV/EHUren udako ikastaroen aurreko edizioetan jada elkarrekin egin dira).

Aldi berean, lan bilerak egin dira mugikortasuna, berrikuntza pedagogikoa, kalitatea, graduondoko ikasketak, nazioarteko programak eta gizarte erantzukizuna bezalako arloetan, elkarri praktika onak emateko; elkarren laguntzaz jarduteko aurrerapen partekatuan; agendak sinkronizatzeko; arautegiak ulertu eta doitzeko, lankidetza prozesuak erraztu eta bizkortzen lagunduko dituztelakoan, jarraipen mekanismoak ezartzeko eta unibertsitate bien arteko lankidetzan aurrera egiten lagunduko luketen hobekuntza proposatzeko. Ildo honetan, azpimarratu behar da tutorekidetzen komunitate bat sortu dela, ikasleen eta tesi zuzendariek osatuta. Honen bidez, unibertsitate komunitate bi hauen arteko loturak sendotu nahi da bereziki eta identitate partekatua sortu. Funtsean, euroeskualdeko campusaren erakundetzean jo nahi da aurrera.

Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak adierazi zuen, azken ondorioak plazaratzerakoan, hitzarmena sinatuta, aurrerapauso esanguratsua egin dela unibertsitate biek partekatutako euroeskualdeko estrategiari begira, baina symposiumean parte hartutakoei eta bi unibertsitateetako kideei esan zien beraiek izango zirela proiektua errealitate bihurtuko dutenak. Nabarmendu zuen Europar Batzordeak nazioarteko erreferentziatzat hartu gintuela unibertsitate lankidetzari dagokionean, bai lortutako konpromisoarengatik nola berez dakarren mugikortasun garrantzitsuarengatik, emaitza eta ekintza zehatz eta ukituzkoekin.

Bere aldetik, Manuel Tuñón de Lara Bordeleko unibertsitateko errektoreak adierazi zuen UPV/EHUko errektorea eta bera harrituta zeudela sortzen ari diren konexio eta hartu-emanen kopuruengatik. Saio zientifiko bakoitzaren, lan bilera bakoitzaren ostean, etorkizuneko proiektuak eta ekimenak daude, ongi definitutakoak, master bateratuak, tutorekidetzak, europar proiektuak eta beste. Hori berori delakoan mugaz gaindiko dinamika baten sortzaile. Biek nabarmendu zuten jakintza eta esperientzien gizarteratzeak, ikertzaileen elkar ezagutzeak berariaz duten balioa eta lan saioak espezialitate bakoitzaren laborategi eta tailerretan egitearen aberastasuna.

Era berean, azpimarratu zuten, egindako bileraren ostean eta etorkizunari begira, baieztatu ahal dela ahots bakar batez mintzatzen direla, diskurtso bakar batez. Symposiumaren hasierako hitzaldiak Pedro Miguel Etxenike DIPCekoak eta Mila Navarro Caballero eman zuten, hurrenez hurren UPV/EHUren eta Bordeleko unibertsitatearen ordezkari. UPV/EHUko errektoreak iragarri zuen 2015. urtearen amaieran bigarren symposiuma egingo dela Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean.