euskaraespañol

Erakusketa Erakusketa

"Alfabetatze zientifikoa" erakusketa Bizkaia Aretoan, zientziari buruzko 50 aipu ospetsurekin gogoeta egiteko

Noiz eta non

Noiztik: 2014/11/26 Noiz arte: 2014/12/12, 14:13 - 14:13

Deskribapena

Abenduaren 12ra arte ikusi ahal izango da Bizkaia Aretoko Chillida gelan

Azaroaren 26an hasi eta abenduaren 12ra bitartean, "Alfabetatze zientifikoa" erakusketa izango da ikusgai Bizkaia Aretoko Chillida gelan. Berrogeita hamar pieza tipografikoren bidez, zientziari buruzko 50 aipu ospetsu jasotzen ditu erakusketa honek. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko -Letraz- Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldeko kideak diren Eduardo Herrera, Leire Fernández eta María Pérez dira. Diseinu horiek, gainera, azaroaren 5etik 9ra bitartean ospatutako UPV/EHUren XIV. Zientzia Astearen irudia izan dira.

Egileek adierazi dutenez, "erakusketa honek ibilbide bisual bat proposatzen du zientziari, teknologiari eta berrikuntzari buruzko aipu ospetsuen hautaketa baten edukia argitzeko galdera bisualen labirinto batean barrena". "Nahita -gaineratu dute-, irudiaren bitartez, zientziaren berezko funtsari buruzko hausnarketa bat proposatu nahi dugu. Horretarako, jakin-mina pizteko, azalpen posibleak pentsatzeko, galderak egiteko, ikusten dugunaren kausak aurkitzen saiatzeko, zirrikituak argitzeko eta ezagutzak eskuratzeko prozesuaz gozarazi nahi dugu".

Erakusketa honetako aukeratuak izan diren aipu guztiak pertsonai garrantzitsuek esandakoak dira, hala nola, Albert Einstein, Stephen Hawking, Marie Curie, Isaac Asimov edo Steve Jobs-ek, besteak beste.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak liburu bat argitaratu du "Alfabetatze zientifikoa" erakusketaren edukiarekin. Bertan, 50 diseinu grafikoez gain, aipu bakoitza eta beraien autoreak testuinguruan jartzeko azalpenak ere erantsiko dira.

Erakusketa hau joan zen azaroaren 5ean inauguratu zen AlhóndigaBilbaon, UPV/EHUren Zientzia Astearen baitan. Eta, ondoren, UPV/EHUren Arabako eta Gipuzkoako campusetan bisitatu ahal izan da.