euskaraespañol

UPV/EHUren ikerketa batek Euskadiko eta Kataluniako konfiantza eta lankidetza sozialeko mailak erkatu ditu

Azterlanak aztertzen du zein neurritan utzi duten mesfidantza ondarea bi lurraldeetako gatazka politikoek pertsona arteko harremanetan

Lehenengo argitaratze data: 2014/12/16

Irudia

Political Studies aldizkarian argitaratu den eta Luis Miller eta Paloma Úbeda UPV/EHUko irakasleen, Unibertsitate Konplutentseko baten (Henar Criado) eta CSICeko beste baten (Francisco Herreros) partaidetza daukan lanak aztertzen du zein neurritan utzi duten mesfidantza ondarea Euskadiko eta Kataluniako gatazka politikoek EAEko eta Kataluniako herritarren arteko harremanetan. Azterlanaren emaitzek egiaztatu dute konfiantza eta lankidetza sozialeko mailak handiagoak direla Euskadin.

"Bai Euskadi bai Katalunia gizarte pluralak dira, bertan askotako identitateak dituzten herritarrak elkarrekin bizi direla: euskaldunak edo katalanak bakarrik sentitzen direnak, espainiarrak  sentitzen direnak, egunero euskaraz edo katalanez hitz egiten dutenak edo eguneroko hizkuntza gisa gaztelania erabiltzen dutenak. Guk jakin nahi genuen zein diren hainbat jatorri eta identitatetako EAEko eta Kataluniako herritarren arteko konfiantza eta elkarrekikotasun dinamikak, eta, horretarako, esperimentu soziala gauzatu genuen Horretan 1.522 parte-hartzaile egon ziren: 778 Euskadin eta 744 Katalunian", azaldu du UPV/EHUko Ekonomia Analisiaren Oinarriak Saileko irakaslea eta Ethnicity and Trust: A Multifactorial Experimentmore (Etnizitatea eta konfiantza: faktore askotako esperimentua) lanaren egileetako bat den Luis Millerrek.

Esperimentu horrek "konfiantzazko jokoa" zekarren, bikoteka egin beharrekoa (A eta  B jokalariak). Bi jokalariek hasieran 50 euro zituzten esleituta. A jokalariak erabaki behar zuen 50 euro horietatik zenbat bidaltzen zion B jokalariari. Bidalitako edozein diru-kopuru bikoiztu egiten zen. Amaitzeko, B jokalariak erabaki behar zuen zenbat diru bidaltzen zion A jokalariari. Horrela, Ak Bri 20 euro bidaltzen bazizkion, horrek 40 jasotzen zituen, eta ondoren Bk erabaki behar zuen zenbat diru bidaltzen zion Ari hasierako 50 euroetatik. Horrela, Ak Bri bidaltzen zion dirua Brengan zeukan konfiantza maila neurtzen zuen;  Bk bidaltzen zuenak, aldiz, Bk Arekin zeukan elkarrekikotasun maila neurtzen zuen.

Azterlanean parte-hartzaileak parekatzen ziren, beren jaioterria eta ohiko hizkuntza kontuan hartuta. Alde batetik, EAEko jatorria zeukaten pertsonak (beren aitona-amonak Euskadin jaio ziren) Espainiako jatorria zeukatenekin parekatzen ziren; beste aldetik, euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak gaztelaniaz hitz egiten zutenekin parekatzen ziren. Horrela, ikertzaileek aztertu ahal izan zuten baztertzeko ereduren bat zegoen jatorri ezberdina zeukaten edo egunero hizkuntza ezberdinez hitz egiten zuten parte-hartzaileen artean.

Hiru ondorio
Millerrek azaldu duen bezala, ikerketak hiru ondorio ekarri ditu: "Euskadin gertatzen dena bakarrik kontuan hartzen badugu, jendeak jatorriagatik edo hizkuntzagatik inor baztertzen ez duela ikusten da. Katalunian, aldiz, jendeak ez du inor baztertzen jatorriagatik, baina bai hizkuntzagatik. Hau da, katalanez hitz egiten duten parte-hartzaileek elkarrekikotasun handiagoa daukate katalanez hitz egiten dutenekin, gaztelaniaz hitz egiten dutenekin daukaten portaerarekin erkatuta. Eta hirugarren ondorioa Euskadin dauden konfiantza eta elkarrekikotasun mailak eta Katalunian dauden konfiantza eta elkarrekikotasun mailak erkatzean sortzen da. Azterlanaren emaitzek adierazi dute konfiantza eta elkarrekikotasun mailak askoz handiagoak direla Euskadin Katalunian baino: % 8 eta % 10 handiagoak, hurrenez hurren".

Beraz, UPV/EHUko ikertzailearen arabera, azterlanaren emaitzek adierazten dute konfiantza eta lankidetza sozialeko mailak Euskadin "inguruko gizarteetan daudenak baino handiagoak" direla. Millerren ustez, horrek eta jatorri ezberdinetakoak diren edo hizkuntza ezberdinez hitz egiten dutenen artean baztertzeko eredurik ez egoteak "emaitza itxaropentsua dakarte Euskadiko bizikidetza sozialerako".