euskaraespañol

Bilboko Udalak eta UPV/EHUk hitzarmena sinatu dute Hego Amerikako ikasleen graduko egonaldia finantzatzeko

Ekarpen ekonomikoak balio izango du Boliviako, Kolonbiako, Ekuadorreko, Honduraseko eta Peruko ikasleen ostatu-gastuak ordaintzen laguntzeko 2014/2015 ikasturtean

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/08

Irudia

Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Boliviako, Kolonbiako, Ekuadorreko, Honduraseko eta Peruko ikasleen ostatu-gastuak ordaintzen laguntzeko; 2014/2015 ikasturterako EHUrekin hitzarmena duten unibertsitateko ikasleak izango dira onuradunak.

Hitzarmenaren helburua da graduko ikasketak Bilbon egin nahi dituzten atzerriko ikasleei Bilboko egonaldia, hau da, ostatu-gastuak, ordaintzen laguntzea. Ikasle bakoitzari, gehienez ere, 2.000 euroko diru-laguntza emango zaio, ostatu-gastuak ordaintzeko betiere. Lehentasuna izango dute Miguel de Unamuno y Yugo ikasle-egoitza nagusian eta EHUk Bilbon dituen egoitzetan ostatu hartzen duten ikasleek. Eskariak aurkezteko epea hasita dago jadanik eta administrazio-izapideei buruzko informazioa EHUko Gizarte Erantzukizunari buruzko webgunean dago eskuragarri: http://www.unibertsitate-hedakuntza.ehu.es/p268-rshm/eu/.

Akordio honekin garatzeko bidean dauden herriekin lankidetzan aritzeko asmoari jarraitzen dio Udalak eta horretarako, garatzeko bidean dauden herrialde horietako garapen ekonomikoa eta soziala sustatzen duten proiektuak eta programak sustatu, finantzatu eta gestionatzen ditu. Irizpide nagusiak berdintasuna eta elkarlana dira, baina kultura eta kultura bakoitzeko nortasun propioa errespetatuz. Bide batez, hitzarmen honi esker, munduan desberdintasun handiak direla jakitun, goi-mailako profesionalen prestakuntzan lagunduko du EHUk, zuzentasuna, iraunkortasuna eta giza eskubideen errespetua kontuan hartuta.