euskaraespañol

UPV/EHUk bere postua sendotu du Shanghaiko rankingean

Berriki argitaratu den azken ebaluazioaren ostean, euskal unibertsitatea munduko 500 onenen artean lau urtean mantentzen da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/08/18

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) bere postua finkatu sendotu du Shanghaiko rankingean eta mundu osoko goi mailako hezkuntzako 500 erakunde onenen artean mantentzen da. Sailkapena Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak osatzen du urtero, eta ebaluazio-irizpide guztiz errespetatua eta enblematikoa da gaur egun, unibertsitateen munduan.

Rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du; baita haien nazioarteko prestigioa ere. Guztira hamahiru dira lehen 500 erakundeen artean agertzen diren espainiar estatuko unibertsitateak. Handiko ranking honetan 2012an egindako ebaluazioan agertu zen lehen aldiz Euskal Herriko Unibertsitatea.

Harvard, Stanford eta Massachusetts Institute of Technology dira, ordena honetan, rankingeko lehen hiru postuak betetzen dituzten unibertsitateak. Lehen hamar postuetatik zortzi Estatu Batuetako unibertsitateek betetzen dituzte eta bi (Oxford eta Cambridge) Britainiar Handiko unibertsitateek.

UPV/EHU ex aequo kokatzen da 401 eta 500 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera. Ondoren, bloke bat osatzen da 50 unibertsitaterekin; beste bloke bat beste 50  unibertsitaterekin; eta hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibertsitateko hiru multzo bereizten dira. Bloke bakoitzaren barruan unibertsitateak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira. Sailkapen honek duen garrantzia zenbatekoa den konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago erregistratuta daudela.

Unibertsitateen bikaintasuna neurtzeko nazioarteko erreferentzia den zerrenda hau osatu ahal izateko, kontuan izan dira Nobel saridunak eta irakasle eta ikasleek eskuratutako Matematiketako Fields dominak, eta aldizkari zientifikoetako argitalpenak eta aipamenak ere kontuan izan dira.