euskaraespañol

Eliteko kirola + ikasketak

Aurtengo ikasturtean, 67 ikasle ari dira parte hartzen UPV/EHUko Errendimendu Handiko Unibertsitate Kirolarientzako Tutoretza Planean

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/10

Irudia
Miren de Regil txapelketa batean.

Urtez urte gero eta ikasle gehiago batzen zaizkio unibertsitateko goi mailako kirolarien programari, haren abantailez gozatzeko. Halere, batzuetan ez da erraza izaten ikasketak eta kirola uztartzea, eta ikasleei zaila egiten zaie bi jarduerak eramatea. Horregatik, funtsezkoa da denbora eta ahalegina albait modu onenean kudeatzea, bi arloetako helburuak lortzeko.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak, aurten, 67 ikasle ditu Goi Mailako eta Errendimendu Handiko Unibertsitate Kirolarientzako Tutoretza Planaren barruan: 34 emakume eta 33 gizon. Programa berria, 2001etik indarrean zegoen UPV/EHUko Errendimendu Handiko Kirolariak Babesteko Proiektuaren ondorengoa, 2012an sartu zen indarrean, ikasleen errendimendu akademikoa nahiz kirol errendimendua optimizatzeko laguntza neurriak emate aldera. Ordutik hona, errendimendu handiko kirola eta hark unibertsitatean duen eragina arautzen duten legeetan zenbait aldaketa garrantzitsu izan dira, eta, programa berriarekin, aldaketa horiek ekarri zituzten beharretako batzuk estali ahal izan dira.

"Azterketen garaia ailegatzen denean, ikasteko ordutegia ondo uztartu behar dut entrenamenduen ordutegiarekin, egunei ahalik eta etekin handiena ateratzeko", esan du Darío Gómezek, 20 urteko Ezkaraiko pilotariak (Errioxa) eta Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako hirugarren mailako ikasleak. Gómezek tituluak lortu ditu, besteak beste, Munduko Banakako Txapelketan (2014), Munduko Bikotekako Azpitxapelketan (2013) eta Diario Vascoren Txapelketan (2012). Gainera, Espainiako 6 txapelketatan ere irabazle izan da hainbat kategoriatan. Gaur egun ASPE enpresan dabil, bigarren mailan, pilotarien munduan etorkizun oparoena duten gazteen artean.

Planaren helburua da, azken batean, UPV/EHUko eliteko kirolariei babesa ematea, ikasketak eta kirola bateragarri egin ditzaten; izan ere, batzuetan kirol jarduerek zenbait zailtasun ekar diezazkiekete unibertsitateko bizitzan.

Ildo horretatik, eskubaloiak zenbaitetan estualdian jartzen du Ane Encina, 19 urteko legazpiarra eta Bizkaiko Campuseko Fisioterapiako bigarren mailako ikaslea: Ermuko Errotabarrirekin entrenatzeaz gain (Emakumeen Ohorezko Maila), astean bitan Donostiara joan behar izaten du kategoria bereko beste talde batekin entrenatzera. "Klase garrantzitsuren bat galdu behar izan dut, baina orain arte ondo antolatu dut neure burua, eta emaitzak oso onak ari dira izaten", esan du Encinak. Goizak eta eskolak aprobetxatzea, ahalik eta lan gehiena aurreratzea eta ondo lo egitea: jarraibide horiexek ezartzen dizkio legazpiarrak bere buruari, kirola eta ikasketak bateratu ahal izateko.

Eskubaloilariak dioenez, kategoriaz igotzen jarraitu nahi du eta hala espero du, baina, gaur-gaurkoz, lehenik eta behin karrera bukatzeko asmoa du.

Oro har, unibertsitateko errendimendu handiko kirolari ikasleek ondo bateratzen dute arlo akademikoa kirolarekin, baina beti ez dute erraza izaten. "Batzuetan, oso ordu gutxi gelditzen zaizkigu ikasteko, baina daukazun denbora hori aprobetxatzen baduzu, dena da posible", azaldu du Miren de Regilek, pertika jauzian espezializatutako 19 urteko atleta galdakoztarrak (Bizkaia) eta Arte Ederren Fakultateko Sorkuntza eta Diseinuko bigarren mailako ikasleak. "Pertika jauzia oso kirol zaila da, eta ez bakarrik teknikoki, baita psikologikoki ere; batzuetan estutu egin zaitezke, eta komeni da eguneroko bizimoduan zentratzea eta etorkizunean asko ez pentsatzea", esan du De Regilek.

"Irakasleetako inork ez dit trabarik jarri eskubaloia dela-eta azterketaren bat aldatu behar izan dudanean, eta oso eskertuta nago", adierazi du Anek. Planean dauden ikasle gehienak bat datoz horretan: izugarri eskertzen eta aintzatesten dute ikaskideek eta irakasleek zenbat laguntzen dieten ordutegiak egokitzeko eta antolatzeko, jarduera batek ez diezaion kalterik egin besteari. "Ikaskide eta irakasleek asko errazten didate dena; berehala pasatzen dizkidate apunteak, eta egun horretan zer landu duten azaltzen didate", dio Gómezek.

"Goi mailako" betekizunak

Ikasleek oro har bi modu dituzte errendimendu handiko kirolari izateko: edo domina irabaztea txapelketa nazional batean, edo nazioarteko txapelketa batean Espainiaren ordezkari gisa parte hartzea. De Regil domina irabaziz bihurtu zen goi mailako kirolari, eta Ane eta Darío, berriz, nazioarteko txapelketa batean Espainia ordezkatuz. "2013an Munduko Kopan absolutuarekin parte hartu nuenean ere izan nuen eliteko kirolari bihurtzeko aukera; gero, Errioxako Federazioari eskatu behar izan nion", azaldu du pilotari errioxarrak.

Betekizun horiez gain, badituzte berdin garrantzitsuak diren beste batzuk ere: kirolari kontratu profesionala izatea indarrean, edo kirol plan esanguratsu batean egotea, ADO Planean (Asociación de Deportes Olímpicos) eta ADOP Planean (Apoyo al Deporte Objetivo Paralímpico) esaterako.