euskaraespañol

Añanako Gatz Haranak laguntzaile zientifiko gisa aitotu du UPV/EHU

Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez eta Eva Ferreira errektorea izan dira plaka emateko ekitaldiaren buru

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/10

Irudia

Añanako Gatz Haranean UPV/EHUri Laguntzaile Zientifikoaren plaka eman diote gaur, Unibertsitateak munduan bakarra den gatzaren paisaia horretan egiten duen lan garrantzitsuaren aitorpen gisa. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusi eta Añanako Gatz Harana Fundazioko Patronatuko presidentea eta Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea izan dira ekitaldi publikoaren buru.

UPV/EHUren eta Añanako Gatz Haranaren arteko zuzeneko harreman 1999an hasi zen, Arabako Foru Aldundiak gatzagak osorik leheneratzeko Plan Zuzentzailea abiatu zuenean. Halere, 2016ko uztailean sinatu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak eta Añanako Gatz Harana Fundazioak lankidetzarako Esparru-akordioa, Añanako Gatz Haranean azterlanak eta ikerketak sustatzea, garatzea eta dibulgatzea xede.

Akordioaren oinarria zen harana eta haren ingurunea osorik sendotzea, leheneratzea eta kudeatzea onuragarria dela bai gizartearentzat bai Arabako, Euskadiko eta nazioarteko ondarerako; horrexegatik, beharrezkoa zen gatzagetako kultura materiala eta ingurumen-kultura ikertzeko, leheneratzeko eta kontserbatzeko helburua ezartzea.

Lanean emandako 20 urte pasatxo hauetan, ikerketa ugari egin eta nazioartean sona handia duten aldizkari eta liburuetan argitaratu dira; doktoretza-tesiak amaitu eta lortutako emaitza esanguratsuen berri emateko ikastaro eta master asko egin dira.

Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak gogorarazi duenez, lan horrek guztiak aurrerapen eta aurkikuntza zientifiko garrantzitsuak ekarri ditu; esate baterako, Añanako Gatz Harana munduko gatzagarik zaharrena dela, 7.000 urte baino gehiagoko historia duela edo gatz hori oligoelementuetan merkatuko gainerako gatz-elementuak baino aberatsagoa dela. FAOk Munduko Nekazaritza Ondarearen Sistema gisa onartzea ere lortu dugu. Horregatik guztiagatik, eskerrak eman nahi dizkiogu UPV/EHUri laguntza handia emateagatik eta ondarearen eta zientziaren arteko lankidetza sinbiotiko honengatik.

Lan horietako protagonista nagusiak Kultur Paisaiaren UNESCO Katedra eta ‘UFI Global Change and Heritage’ dira; bigarrenak beste lau ikerketa-talde finko ditu, zeinak arlo hauetan aritzen diren, besteak beste: Eraikitako Ondarea, Ingurumen Kimika Analitikoa, Hidrogeologia, Geoteknia eta Ingurumena, eta Onddo eta Bakterioen Biomika. Haien lanari eta aholkularitzari esker, Gatz Haranak nazioarteko aitorpen garrantzitsuak lortu ditu, Kultur Ondarearen Europar Batasuna Saria/Europa Nostra Saria, kasu, edo Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) Gatz Harana Munduko Nekazaritza Ondarearen Sistema Garrantzitsu gisa aitortzea.

Bestalde, UPV/EHUko errektoreak aintzatespen garrantzitsu hori eskertu du: "Eta horrekin batera, euskal unibertsitate publikoan jarritako konfiantza –adierazi du–. Gure unibertsitatearen lana, Añanako Gatz Haranean, pertsona askorengan egiten da, eta, gainera, hainbat ikuspegitatik garatu dute beren lana: arkeologia, hidrologia, kimika analitikoa edo mikrobiologia. Haiek dira UPV/EHU egiten dutenak, aintzatespen hori merezi dutenak eta gure erakundearen ikerketa-bikaintasunaren benetako neurria ematen dutenak”.

Laburbilduz, Arabako diputatu nagusiak eta UPV/EHUko errektoreak gogorarazi bezala, erakunde bien arteko akordioak hala azterlanak eta ikerketak nola I+D+I proiektuak sustatzeko lan garrantzitsua egiten jarraituko du, bai eta jendarteari aire zabaleko ikerketa-laborategi garrantzitsuenetako honen aurkikuntzen berri ematen ere.