euskaraespañol

Euskal Herriko Unibertsitateak martxoaren 8a ospatu du

Omendutako bost akademiko eta Berdintasuneko sariak jaso dituzten ikasleak izan dira ekitaldiko protagonista

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/08

Irudia
Eva Ferreira, Emakumeen Eguneko ekitaldi instituzionalean. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak ekitaldi instituzional batekin ospatu du Emakumearen Nazioarteko Eguna. Eva Ferreira errektorea izan da ekitaldiaren buru, eta Arabako Campusa izan du agertoki.

“Euskal Herriko Unibertsitatean, berdintasunaren arloko aurrerapenak, argilun guztiekin, oso nabarmenak izan dira. Gogobetetzen gaituen errealitate horrek ezin gaitu geldiarazi, ordea. Ados ez egotea beharrezkoa da aurrera egiten jarraitzeko, ez delako nahikoa ere legeek formalki berdintasuna bermatzea (…). Jarrera aktiboak, beraz, eta politika positiboak ere beharrezkoak izaten jarraitzen dute, iraganean beharrezkoak izan ziren bezala”, adierazi du Eva Ferreira errektoreak ekitaldian.

Oraingoan, aurreko edizioetan bezala, campusean ibilbide oparoa egin duten bost akademiko omendu dituzte, jakintza-arlo bakoitzeko bana: Aurora Fernández Astorga (Osasun Zientziak), María Dolores Guillén Lorén (Zientziak), Itziar Idiazabal Gorrotxategi (Arte eta Giza Zientziak), Esther Rodríguez Urbano (Ingeniaritza eta Arkitektura) eta Miren Ortubay Fuentes (Gizarte eta Lege Zientziak).

Gainera, Berdintasunerako Zuzendaritzak antolatutako sariak eman dizkie ikerketan genero-ikuspegia txertatu duten gradu amaierako lanei, master amaierako lanari eta tesi onenei. Horrela, Micaela Portilla Vitoriaren VIII. saria Maria Zapata Hidalgok jaso du eta Maria Goyriren IX. saria Nagore Fernandez Zabalak.

Francisca de Aculodi VII. sariei dagokienez, Sonia Morentin Gual, Noemí Morcillo Rodríguez, Mikel Sarasola Artolazaga, Oier Irazabal Urrutia, Libe de la Puente Ruíz, Naroa Martos Sánchez eta Joseba Corada Prieto saritu dituzte.

Halaber, Berdintasunerako Zuzendaritzak Libe Mimenza, UPV/EHUren martxoaren 8ko ekitaldi instituzionaleko kartela egiteko sariaren III. edizioaren irabazlea, eta Anat Moschkovich, UPV/EHUren genero indarkerien aurkako protokoloa zabaltzeko kartelagatik saritu ditu.

Ekitaldia amaitzeko, Olatz Salvadorrek musika emanaldia eskaini du.