euskaraespañol

UPV/EHUko katedradun emeritua eta Estatu Kontseiluko kontseilari iraunkorra

Adela Asua: «Hamar emakume ginen 200 ikasleko talde batean eta ez dut uste gauza handirik espero zenik gure etorkizun profesionaletik»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/04

Adela Asua Batarrita
Adela Asua Batarrita. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Joan zen azaroaren amaiera aldera, Gobernuko lehen presidenteordea buru izan zuen ekitaldi solemne batean, Adela Asua Batarrita UPV/EHUko katedradun emeritua Estatu Kontseiluko kontseilari iraunkor izendatu zuten. Esandako organo horretan, Bederatzigarren Ataleko buru izango da; atal horrek Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio, Gizarte Eskubide eta Agenda 2030 eta Berdintasun ministerioetatik datozen gaiei erantzuten die. Bere izendapena dela eta, Campusa kontseilari berriarekin mintzatu da.

Irakaskuntzaren eta ikerketaren arloetan izan duen ibilbide luzeari, azken urteotan Zuzenbidearen praktikan garatu duen karrera garrantzitsua gehitu behar zaio: Konstituzio Auzitegia –lehendakariordea izan da– jurisdikzio organo konstituzional bat da, aski ezaguna, baina ez dago gauza bera esaterik Estatu Kontseiluari buruz. Nola definituko zenituzke organo horren nortasuna eta funtzioak?

“Gobernuaren kontsulta organo gorena” da, hartatik independentea, eta ministerioek iritzia eskatzen diote, besteak beste, xedapen orokorretarako proposamenen, lege aurreproiektuen edota Estatuaren aurkako ondare erreklamazioen kasuetan. Kontseiluak bere irizpenak ematen ditu, legezkotasunari, barneko edo osoko koherentziaren inguruko auzi teknikoei edota hobekuntza proposamenei buruzko oharrekin. ‘Referee’ edo arbitroen batzorde moduko bat litzateke, baina alde nabarmen batekin: oharrekin ados ez agertzeak ez du eragozten gobernuak aurrera egitea: irizpenak, zenbait gaitan nahitaezkoak izan arren, ez dira lotesleak. Aldiz, irizpenaren funtsezko ohartarazpenak aintzat hartzen badira (hori gertatzen da kasuen % 90ean) erabakiak «Estatu Kontseiluarekin adostua» dioen zigilua eramango du. Hala izan ezean, beste formula hau erabiliko da: “Entzun zaio Estatu Kontseiluari”. Gerta liteke aintzat hartu ez den zuzenketa, gerora, auzitegietan erreklamazioren bat egiteko arrazoi bihurtzea. Irizpenen oinarriari begiratu bat ematen badiogu (www.consejo-estado.es) ohartuko gara askotariko gaiak iristen direla txosten eskean.

Karguaz jabetu zinenean, Diego de Saavedra Fajardo espainiar idazle eta legelaria aipatu zenuen: “gehiago asmatzen du kontsulta egiten duen printze ezjakin batek, bere iritzietan tematzen den aditu batek baino”.

Asmatzea ez dago inoiz ziurtatuta. Gehiegi ez huts egiteko, garrantzitsua da ikuspegi desberdinetatik begiratzen dutenen eta hainbat esperientziatatik datozen iritziak kontuan hartzea. Denen onerako erabaki nahi denean, ez da nahikoa norberaren auzokoei soilik entzutea.

Zer eginkizun dagokio Zuzenbideari politikaren munduan: ekintza gidatzea, mugak jartzea…?

Zuzenbideaz –letra larriz– ari baldin bagara, esan nahi du gauzak egiteko modu justura hurbildu behar dugula, pertsona ororen duintasun berdinetik abiatuta, hau da, konstituzio demokratikoen gaur egungo oinarrizko printzipioez eta arauez ari gara. Baita botereen banaketaren eta kontrolaren arkitektura instituzionalaz ere. Konstituzioak erabaki politikoen eremua mugatzen du, eta markatzen dituen zedarrietatik kanpora, jokoa ez da jada demokratikoa. Oinarrizko eskubideak dira ezinbesteko bizikidetzaren, zuzenbidearen, askatasunen eta betebeharren printzipioen muina eta ardatza. Printzipio horiei dagokienez, ez dago konstituzioa aldatzerik, kostata lortzen ari garen zibilizazio-estandarretik irteteko arriskurik gabe.

Boterearen banaketari buruzko alde instituzionalak beste muga bat dira eredu aldaketaren aldeko politikei dagokienez, baina alda daitezke printzipio demokratikoen eta aldaketa horiek eskatzen dituzten gehiengo oso kualifikatuen arabera. Letra apalago edo txikiagoko Zuzenbideak (legeak, erregelamenduak) jokoaren garapena atontzen du, itxaropenak eta aukerak ezartzen ditu, eta garapen pertsonala eta segurtasun juridikoa erraztu behar ditu. Jokoaren estrategiak edo taktikek ez badute asetzen, taldeak finantzatzen dituztenak dira aldaketak erabakitzeko inplikatu daitezkeenak eta inplikatu behar direnak.

«Ez nuen inoiz bokazio juridikorik izan batxilergoa ikasten nuen bitartean»

Jo dezagun zure karreraren jatorrietara. Zergatik erabaki zenuen Zuzenbidea ikastea? Nola sortzen da bokazio juridikoa?

Ez nuen inoiz bokazio juridikorik izan batxilergoa ikasten nuen bitartean. Beste aukera batzuk baztertuta eta gogoz kontra hasi nintzen Zuzenbidean. Nire planak eta bokazioa medikuntza edo biologia ziren, bizitzaren zientzietan gauzen zergatiak ezagutzeko aukera emango zidan eremu bat. Baina plan haiek zapuztu egin ziren; izan ere, Pasadenako (Kalifornia) Senior High Schoolen ikasteko beka bat lortu nuen ustekabean, unibertsitate aurreko ikasturtearen amaieran. Kaliforniako bizimoduak, mojen ikastetxetik irten berria zen 17 urteko neska batentzat esperientzia biziki interesgarria izateaz gainera, zientzietarako nuen bokazioa indartu baizik ez zuen egin, baina ez nuen familiaren sostengurik izan nahi nuena ikastera etxetik joan ahal izateko.

Nire ikasle bizitzaren amaiera izan zitekeela pentsatzearen zorabioak une hartan posible izan zen horretan matrikulatzera eraman ninduen: Zuzenbidea Deustun. Beste alde batera begira ikasten nuen, eta, bien bitartean, ingeleseko eta matematikako eskola partikularrak ematen hasi nintzen. Ez zegoen bokazio juridikoaren arrastorik ere. Bilbon, urte batzuk geroago, Medikuntza Fakultatea ireki zenean, nire hiru neba txikiek ikasi zuten medikuntza; horrekin kontsolatu beharko.

1972an hasi nintzen Zuzenbidearekin adiskidetzen, abokatutzan ari nintzela, baina, batez ere, espero gabeko beste egoera bategatik: Alemaniatik etorri berria zen Deustuko Unibertsitateko irakasle berri bat, Carlos Landecho, Zigor Zuzenbideko laguntzaileen bila zebilen, eta talde bat sortzen hasi zen, eskola praktikoak emateko. Orduan entzun genuen lehen aldikoz zer zen doktorego tesi bat, ikerketa juridiko bat eta atzerriko unibertsitateetara irekitzea. Hori bai zen erakargarria. Hau da, legeen oinarrietan sakontzea, ezagutza zientifikoen eta giza jokabideen arteko interakzioetan eta arauen desbideratzeei ematen zaizkien erantzun sozialetan. Gauzen kausak behatzea eta ulertzea, gizartearen antolatzeko eta erreakzionatzeko moduak badira ere; konprenitzen saiatzea zergatik kalifikatzen diren jokabide batzuk delitu gisa eta zer arrazoirengatik hautatzen den zigor bat edo bestea. Gizakien arteko interakzioen konplexutasunari arau juridikoen eta gatazkak konpontzeko moduaren bidez ekitea zirraragarria izan zen niretzat.

Ulertzeko jakin-mina, besteek arazo berberei buruz ziotena irakurtzeko interesa, beste herrialde batzuek arazo horiei aurre egiteko zer egiten zuten, historian zer egin izan dugun… Horrek askoz interesgarriagoa zirudien bizitzako gauzak ulertzeko nire jakin-mina asetzeko. Izatez, atzerriko unibertsitateetan egindako egonaldiak izan dira nire bizitza akademikoaren alderik atsegingarrienetako bat, lankide gazteagoekin egindako talde lanarekin batera, eta hori batez ere UPV/EHUn garatu ahal izan dut, arlo horretan erakutsi duen ahalmen estimulatzaileari esker.

Zure ibilbidean zehar, ikusi al duzu aldaketarik emakume izatearen kontsiderazio profesionalean?

«Gizonezko batzuen mikromatxismoak ez dira oraindik desagertu»

Zalantzarik gabe. Tradizio maskulino luzeko lanbide guztietan, denbora behar izan da abokatua, katedraduna, edota epailea genero femeninoan naturaltasunez izendatzeko, baita emakumezko beraien aldetik ere. Gizonezkoen nagusitasunaren sinbolismo kulturalak esplikatzen zituen izenak eta erreakzioak normalizatzeko erresistentziak, hasieran errezeloz hartzen zirenak. Baina, egia esan, hainbat anekdota gorabehera, emakumeen profesionaltasuna laster nagusitu zen. Eremu guztietan bezala, oraindik geratzen dira berdintasunari jartzen dioten erresistentzia inkontzientean beren burua aztertzen ez dakiten zenbait gizonen mikromatxismoak. ‘Mansplaining’ delako hori –orain horrela esaten zaio– ez da oraindik desagertu.

Zer zen XX. mendeko 70eko hamarraldian neska gazte batentzat Zuzenbidean aritzea?

Gure ikaskide gizonezkoek ez bezala –esango nuke beren ibilbidea eta helburuak nahikoa argi zituztela– guk (uste dut 10 emakumezko ginela 200 ikasleko gure ikasgelan) ez genituen gauzak batere garbi, eta badirudi ez zela gauza handirik espero gure etorkizun profesionaletik. Haztamuka abiatu ginen, emakumezkoek gutxi igarotako bideari ekiten geniola barneraturik.

Ikasketa juridikoetan hainbat diziplina daude. Zigor Zuzenbidea da garrantzizkoenetako bat, ordenamendu juridikoaren urratze larrienez eta dagokien zigorraz arduratzen baita. Hainbeste urteren ondoren, zer ikasi duzu, modu positiboan esanda, giza portaerak gizartean dituen jokabide negatiboenez arduratzen den diziplina batetik?

Zigor Zuzenbidearen esparrua ez da garrantzitsuena eguneroko bizitzarako edo gizartearen garapenerako, baina ezagunena zaigu, hain zuzen, bekatuaren eta penitentziaren silogismo xume hori gogorarazten duelako. Topikoak eta aurreiritziak biltzen dituen neurrian, askok zorroztasun eskaeren aldeko sektore bihurtzen dute justiziaren adar hau: konjuru modura, delituaren aurrean. Eta populismoek ederki baliatzen dute hori. Horregatik, agian zailagoa da eboluzionatzea beste erantzun-modu eraikitzaileago batzuen bilaketan.

Justizia penala behatzetik ikasten dena da gizartearen garapen moral eta kulturalak duen mailaren ispilu leiala dela. Termometro horrek gizartearen heldutasun kolektiboa adierazten du: delitu gisa kalifikatzen diren jokabideak nola hautatzen dituen, zer motatako zigorrak aplikatzen dituen, erantzunak dibertsifikatzeko zer aukera ematen dituen, eta zer gizarte sektorek duten presentzia handiena estatistika judizialetan.

Bestalde, demokraziaren maila prozesuan eskubideei zaien errespetuaren arabera neurtzen da, dudarik gabe. Aurrerapena motela da, eta eraldaketa teknologikoen eta globalizazio ekonomikoaren bizkortasunak ez du, oraingoz, horri buruzko ekarpen positiborik adierazten.

Zure ikerketa esparruetako bat, besteak beste, espetxearen funtzioa eta espetxe sistemaren rola izan dira. Ba al dago espetxea ez den beste aukerarik delitu larrienen kasuan?

Hilketak, delitu astunena denez, zigor eskalaren maximoa markatzen du; hortik aurrera beherantz egin daiteke, proportzionaltasun irizpideetatik abiatuta. Eta ez litzateke espetxealdiaren ordezkoa izango heriotza zigorrera edo biziarteko espetxealdira atzera egitea (Konstituzio Auzitegiak erabakitzeke du oraindik Konstituzioaren araberakoa den 2015ean Zigor Kodean sartutako espetxealdi iraunkor berrikusgarria).

Gizartetik aldi luze batez bereiztea ezinbesteko zigorra da, gaur egun, delitu larrienen kasuan, baina, nire iritzian, kontua zera da: jarritako zigorra eraikitzaile bihurtzea, bai hura betetzen duenarentzat, bai gizartearentzat. Espetxeak denbora modu suntsitzailean igarotzen den toki soil bat izatea nahi ez badugu, askoz ere inbertsio eta inplikazio handiagoak behar dira, eta bi horiek lortzea oso zaila da eremu horretan. Baina espetxeko bizimodua garatzeko moduak berak eta espetxeetako baldintzek desberdintasun nabarmenak eragin ditzakete. Elkarrekin konektatzeko ahalmena eta digitalizazio teknologikoa nagusi diren mundu honetan, askatasuna kentzeko zigor tradizionalak egokitzapenak beharko ditu, zigorra betetzeko beste modalitate batzuk; erronka da, gizarte osoaren kasuan bezala, ez daitezela kontrol eta manipulaziorako bitarteko ilunak izan, baizik eta balio dezatela pertsonaren autonomia eta garatzeko gaitasuna indartzeko.

Terrorismoarekin lotura duten delituak ere ikertu dituzu, egindako kaltearen ordaina, justiziarekiko elkarlana, aitormena… ETAren indarkeriaren iraganetik geratu zaigun herentzia da berrehun presotik gora daudela kartzelan. Zer gogoeta egin zenezake, ikuspuntu juridikotik, pertsona horien etorkizunari buruz?

ETAren terrorismoak, bere krudeltasuna medio, gure historiako bost hamarraldi markatu ditu, etsaitzat hartzen zituenen aurkako etengabeko heriotzak, estortsioa, esetsaldiak eta jazarpena baliaturik: gure artetik sortutako erantzun totalitario bat izan da, demokrazia finkatzeko gehiengoaren ahaleginak zailtzen zituena.

 Krimen larrienen erantzukizun zuzena zuten gehienek bete dute zigorra dagoeneko, eta askatasunera itzuli dira, legezko aurreikuspenen arabera. Oro har, espetxealdia laburtzen zuen “lanaren bidez zigorra ordaintzearen” figura frankista hartaz baliatu ahal izan dira, nahiz eta gai horrek konstituzio bermeen helmenari buruzko eztabaida juridiko handia piztu zuen: izan ere, aurretik ezarritako joko arauen arabera epaitzera behartzen duen zigor legezkotasuna delituen larritasunaren proportzioko zigorraren aldarrikapenen aurka zegoela ematen baitzuen. “Parot doktrinaren” konstituzionaltasunari buruzko eztabaida Espainiako Konstituzio Auzitegira iritsi zen, eta 2012ko ebazpenen zerrenda luze batean babestu egin zen doktrina hori: zigor larria bidezko zigor gisa hartzen zuen, nahiz eta legezkotasuna bortxatu. Baina Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak kondenatu egin zuen Espainiako Erresuma zigor arloko legezkotasunaren bermea urratzeagatik, eta Parot doktrina baliogabetuta geratu zen.

Terrorismoagatik kondenatuta oraindik espetxean dauden pertsonek beren erantzukizunari dagokion zigorra betetzen jarraitu beharko dute, jokabide kriminalari emandako gaitzespen juridikoa errealitate egiteko. Orain, gainera, ez daude jada 2013. urtera arte “Euskadiko preso politikoen kolektiboa” izenekoak ezartzen zien diziplinaren mende, eta espetxe egoera malguagoak izan ditzakete. Zigorra modu indibidualizatuan betetzeko irizpideen arabera, presoen egoera juridikoa espetxe legezkotasunaren eta dituzten eskubide eta betebeharren esparrura doitu beharko da.

«Indarkeria terroristari nork bere borondatez zilegitasuna kentzea erabakigarria da gure erkidegoaren gizarte osasunerako»

Juridikoki ezin zaie eskatu eta ez zaie eskatu behar beren ekimenez indarkeria terroristari zilegitasuna kentzen laguntzeko. Baina ildo horretan egin ditzaketen borondatezko balizko ekarpenak (Langraizko esperientzia oso adierazgarria da) kualitatiboki erabakigarriak dira gure erkidegoaren gizarte-osasunerako.

Konstituzio Auzitegiko magistratu izan zara hainbat urtez, eta 2013tik 2017ra artean, organo horretako lehendakariorde. Oinarrizko zer esperientzia atera lezake unibertsitateko akademiko batek horrelako organo batean egindako lanetik?

Ba, begira, esperientzia hau atera dut: zorroztasunez eztabaidatzen duen kide anitzeko organo baten esparruan hobeto euts dakiokeela politikan edo gizartean horrenbesteko eragina duten erabakiak hartzeak sorrarazten duen zorabioari. Konstituzio auzitegiek diseinu ona dute organoaren osaerari eta funtzionamenduari buruzko aurreikuspenei dagokienez. Epaimahaia osatzen dugun pertsonok gara huts egin dezakegunak, karguak eskatzen duen independentziaz eta zorroztasun juridikoaren arabera jokatzen ez badugu.

Europako konstituzio auzitegiek harreman estua dute beren artean, aldizkako topaketen bidez, eta horrek kultura juridiko erkidea eraikitzen laguntzen du, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiarekin eta Luxenburgoko Europar Batasuneko Justizia Auzitegiarekin harremanetan daudenez. Lankidetza horrek antzekotasunak ditu lanbide akademikoaren markoan Europan eta nazioartean dagoen truke zientifikoarekin. Esperientziak erakusten digu arrazoibidea eta eztabaida erabiltzen direnean interpretazio irizpideak eraikitzeko metodologia gisa, iritzi eta argudio horiek bateratzea aberasgarria dela. Eta goi mailako auzitegiek estimatzen dituzte zorroztasunez egindako ikerketa juridikoen ekarpenak, baliagarriak baitzaizkie beren deliberazioetan.

Konstituzio Auzitegiko kide izan zinenean, boto partikularrak eman ziren oihartzun handia izango zuten zenbait epaitan. Aipa al zenezake zure iritzia bereziki garrantzitsua izan zela irizten diozun kasuren bat?

Garrantzitsuagoak jotzen ditut, txostengilea izanik, aho batez erabakitzea lortu ziren epaiak, hasieran desberdinak ziren jarreretatik abiatuta izandako eztabaida tirabiratsuen ostean. (Adibidez, 42/2014 KAE, Kataluniako Parlamentuak 2013an ‘procés’-aren inguruan emandako lehen Ebazpenari buruz).  Boto partikularrak, deigarriak gerta daitezkeen arren, ez dira oso ugariak izaten.

Bere garaian idatzi nituen boto partikular batzuen garrantziari dagokionez, egoki dator hemen gogoratzea Gironan erregearen argazki bat publikoki erre izanagatik emandako kondenaren kasua, Koroa iraintzea egotzita. Konstituzio Auzitegiaren iritzian, “gorroto diskurtsoa” zen, eta, beraz, gertaerak ezin ziren justifikatu adierazpen askatasuneko eskubidea argudiatuta (177/2015 KAE). Kontrako boto partikularra eman genuenok Estrasburgoko auzitegiaren jurisprudentzia aipatzen genuen, eta horra, arrazoia eman zitzaien gero errekurtsoa jarri zutenei. Eta litekeena da berriro hori gertatzea Konstituzio Auzitegiak berriki emandako epai batekin; izan ere, epai horretan babesa ukatu zaio Espainiako bandera iraintzeagatik zigortutako sindikalista galiziar bati, «puta bandeira» deitzeagatik eta hura erretzera bultzatzeagatik.

Atzerritarren gaira etorrita, “Albarracín kasuan” (186/2013 KAE) emandako boto partikularra azpimarratuko dut: emakume argentinar bat kanporatzeko aginduari buruzkoa. Auzitegiak ukatu egin zion babesa, 6 urte baino gutxiagoko alaba espainiarraren familia bizitzarako eskubideak aintzat hartu gabe, aita espetxean baitzuen txikiak. Azkenik, Espainiako Erresumak formalki onartu zuen Estrasburgoko Auzitegiaren aurrean, bere interpretazioak ez zituela adingabearen eskubideak errespetatu.

Oihartzun handia izan zuen, halaber, kontzientzia eragozpenerako eskubidea alegaturik, preserbatiboak eta biharamuneko pilula antikontzeptiboak saltzeari uko egin zion farmazialariaren kasuan Konstituzio Auzitegiaren 145/2015 Epaian emandako boto partikularrak –auzitegiak farmazialariari babesa eman zion–. Garrantzi handiko beste iritzi disidente batzuk “Parot doktrinari” buruzko epai zerrenda luzearekin batera emandako boto partikularretan jasotakoak izan ziren (39/2012 KAE eta hurrengoak). Jakina denez –aurretik ere aipatu dut hori–, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ezetsi egin zuen Auzitegi Gorenaren interpretazioa, Konstituzio Auzitegiaren abala zuen arren, eta boto partikularren argudioekin bat egin zuen.

Boto partikular batek, epai bat idazten denean, jarrera disidentea islatzen du auzitegi bateko magistratu gehienen posturarekiko. Zer baldintzatan egiten dira magistratuen arteko eztabaidak? Indar psikologiko handia eduki behar al da gehiengoaren irizpide juridikotik aldentzeko?

Boto partikularretan zehatz-mehatz jasota geratzen dira epaile gehienekiko desadostasuna adierazten duten argudioak. Puntu gatazkatsuak eta ebatzi beharreko gaiei buruzko eztabaida ulertzen laguntzen dute. Konstituzio Auzitegiak ebazten dituen gaiak kontuan hartuta (parlamentuetan demokratikoki onartutako legeak baliogabetu ditzake, gobernu zentralaren eta gobernu autonomikoen erabakiak ezetsi, epai judizialak baliogabetu, etab.), gaien eztabaidan azaleratzen dira konstituzio kontrakotasunaren oinarri izan daitezkeen argudioak. Magistratu bakoitzak bere arrazoiak eta postura, izan ditzakeen zalantzak edo beste jarrera batzuetara hurbiltzeko proposamenak azaltzen ditu. Dudarik gabe, epaia edo azken erabakia garrantzitsua da, eta hori da komunikabideek zabaltzen dutena, zehaztasun handirik gabe, batzuetan. Esan dezakete: “Konstituzio Auzitegiak X legea birrindu du” (nahiz eta errekurtsoa jarritako hainbat prezeptutatik bi artikulu soilik indargabetu). Legelariei argudioen garrantzia eta sendotasuna interesatzen zaie, horrek osatzen baitu doktrina konstituzionala. Boto partikularren azalpenek kontraste bat ahalbidetzen dute, eta, batzuetan, etorkizunean babes handiagoa jaso dezakeen argudio bide bat iradokitzen dute. Edo, zenbaitetan gertatzen den bezala, Estrasburgoko Auzitegiak bat egin lezake argudio alternatiboarekin, Europako Hitzarmenak babestutako giza eskubideez ari baldin bagara.

Zuzenbidearen aplikazioan etengabeko elkarrizketa eskatzen duten arazoei egin behar zaie aurre, argudiorik eta irtenbiderik onenaren bila, eta, gerta liteke argudio horiek, etorkizunean, legearen erreforma bat eragitea. «Auzitegien elkarrizketa» hori, era berean, doktrina akademikoan jasotako elkarrizketaz elikatzen da, ikerketa juridikoaren bereizgarri diren eztabaida kritikoen bitartez.

Indar psikologiko handia behar al da? Irizpideaz konbentzituta egonez gero, eta justifikazioa ondo argudiatu eta dokumentatuta, ez da indar psikologikoaren kontua, argudio sendotasunarena baizik. Eta postura desberdinak direla medio, auzitegia serioski zatitzen direnean, boto partikularrak ez dira bakartiak izaten.