euskaraespañol

Angel Galloren 'Biltegiak' lanak irabazi du Zientzia Fikzioko Alberto Magno saria

Bigarren aldia da euskarazko kontakizun batek lehiaketa irabazten duena, 2013an sari bakarra ematea erabaki zenetik, kontakizuna idatzita dagoen hizkuntza edozein dela ere

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/01

Irudia
Angel Gallo Zientzia eta Teknologia Fakultatean. | Argazkia: Ibai Biritxinaga. UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak Alberto Magno Zientzia Fikziozko XXXV. Literatur Lehiaketaren epaia iragarri du. Angel Gallo (Zumaia) da lehen sariaren irabazlea, 2.000 euroko zenbatekoarekin, Biltegiak euskarazko lanagatik. Bigarren saria, 1.000 eurokoa, Joaquín Gamboa Pérezi (Murtzia) eman zaio, ‘La última luz del atardecer’ kontakizunarengatik.

"Biltegiak", saritutako kontakizuna, zientzia fikzioa eta misterioa nahasten dituen distopia bat da. XXI. mendearen amaieran, Internet misteriotsuki desagertu da, eta informazio faltsuak, kontrainformazioa eta negazionismoa nonahi daude. "Ohi baino kontakizun ilunagoa atera zait. Normalean, "pop" gehiago kontatzen dut, baina agian hondamendiz, gerraz eta gatazkaz betetako garai ilun batzuk bizitzea egokitu zaigunez, kontakizun honetan ilunago geratu naiz. Nahiz eta uste dudan nire beste kontakizunen pop azentu horri eusten diola ", adierazi du irabazleak.

Zientzia eta Teknologia Fakultateak antolatzen du, 1989an egin zen lehen ediziotik, eta espainiar estatuko zientzia-fikziozko literatur lehiaketa zaharrena da Alberto Magno saria. 35 urte hauetan, ehun istorio baino gehiago aitortu dira, eta horietako batzuk oroitzapenezko 7 liburukitan argitaratu.

Aurten saritutako ipuina, ‘Biltegiak’, lehiaketa hau irabazten duen euskarazko bigarren lana da, 2013an sari bakarra ematea erabaki zenetik, kontakizuna idatzita dagoen hizkuntza edozein dela ere. Euskarazko lehen ipuin saritua ere, ‘Aztarnategiak’, Angel Gallok egin zuen.

"Sari hau oso berezia da: edizioak eta edizioak biltzen dituen lehiaketa entzutetsua izanik, lanen kalitatea eta aurretik irabazi dutenen izenak ikusita, eta hainbat herrialdetatik iritsitako narrazioak daudela kontuan hartuta, asko poztu nau. Are gehiago euskaraz idatzitako lana izanik! Zinez, sekulako poza ematen dit, urduri eta guzti nago", azaldu du Angel Gallok.

12 herrialdetako 89 kontakizun

Irabazlea, Angel Gallo, ingeniaria da eta ingeniaritzako irakaslea Mondragon Unibertsitatean. Hainbat sari jaso ditu bere lanengatik. Lau liburu ere idatzi ditu autoargitalpenaren bidez.

Alberto Magno lehiaketaren interesaren adierazle bat urtez urte aurkezten den kontakizun kopurua da. Izan ere, edizio honetara 89 ipuin aurkeztu dira, 12 herrialdetakoak: Argentina, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Ekuador, Espainia, Mexiko, Panama, Peru eta Venezuela.

Aurreko edizioetako irabazleen artean, kulturaren munduko eta UPV/EHUko pertsona esanguratsuak daude (Xabier Kintana, Iban Zaldua, Iñaki Irazabalbeitia Félix Goñi eta Gotzone Barandika, besteak beste), baita zientzia-fikziozko idazle garrantzitsuak ere, hala nola José Antonio Cotrina, lehiaketa 3 aldiz irabazi duena.