euskaraespañol

Ikertzaile nagusia, ETICOP ikertaldea Gipuzkoako Campuseko Unibertsitate Hedakuntzarako zuzendaria

Antonio Casado da Rocha: Askatasunaren prezioa

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/28

Irudia

Osasunaren Mundu Erakundeak argi ditu 2017tik osasun publikoaren zaintzaren inguruko bere gomendioak. Berrikuspen eta deliberamendu prozesu arduratsu baten emaitza dira gomendio horiek, eta erraz asko eskura daitekeen dokumentu batean kontsulta daitezke. Bertan, Osasunaren Mundu Erakundeak argudiatzen du osasun emergentzia batean betebeharra dela zaintzan parte hartzen duten alde guztiek datuak elkarrekin partekatzea. Egungoa bezalako emergentzia batean, zaintza etikoki onargarria da, baita nahitaezkoa ere. Horregatik, pertsona guztiok dugu zaintza lanean laguntzeko betebeharra datu fidagarri, baliagarri eta osoak eskatzen zaizkigunean, eta datuon babesa ziurtatuta dagoenean. Egoerotan, dio Osasunaren Mundu Erakundeak, norbanakoaren adostasuna ez da baldintza etiko bat.

Posizio hori sendoa da, eta gure egungo ordenamendu juridikoarekin (bai Estatu mailakoa, bai Europakoa) bateragarria. Baina gogoratu nahiko nuke Osasunaren Mundu Erakundeak berak dioen beste zerbait ere: komunitateen balio eta kezkak kontuan hartu beharko lirateke datuok planifikatu, lortu eta erabiltzerakoan. Eta ez dut komunitatearen inplikaziorik ikusten uneotan: ematen du zaintzaren protagonista bakarrak estatuak eta datu masiboen (big data) enpresa operadoreak direla, eta herritarrok informazio epidemiologikoaren gordailu huts izatera murriztuta geratzen gara. Zaintza ezin da norabide bakarrekoa izan, zaintza eta askatasuna estuki lotuta baitaude.

“Askatasunaren prezioa etengabeko zaintza da”. Esaldi hori Thomas Jefferson-i egozten zaio, bere idatzietan agertzen ez bada ere, eta oso erabilia izan zen Ameriketako Estatu Batuetako prentsan XIX. mendean. Lehen aipamena 1790ekoa da; John Philpott Curran abokatu irlandarrak erabili zuen etengabeko zaintza askatasunaren aurrebaldintza dela esateko. Aipu hori Dublingo Udaleko goi ganberaren eta behe ganberaren arteko gaztaka baten testuinguruan erabili zuen Curranek. Hain zuzen ere, gremioen eta oro har herritarren ordezkariak biltzen zituen behe ganberaren interesak defenditu zituen Curranek alkatea hautatzeko gatazka batean, aurrez aurre aldermen edo kontseilari gutxi batzuek osatutako taldea zuela. Curranek defendatu zuenez, herritarrek batuta jokatu ez eta zaintza lana alboratzen badute, arrisku nabarmen bat izaten dute: kide gutxi batzuk ordezkatzen dituzten baina aktiboagoak diren lobby-ek sortutako interesen kaltetan gal ditzakete euren eskubideak.

Ohartarazpen hori oraindik ere egokia da egun, Shoshana Zuboff-ek aurki gaztelaniaz argitaratuko den liburu oso gomendagarri batean irudikatzen duen “zaintza-kapitalismoa” Ilustrazioaren garaitik giza izaera ulertzeko dugun moduaren aurkako benetako mehatxu bihurtu baita. Izan ere, Kant-ek dioen bezala, giza izaera gure buruak libre kontzebitzean oinarritzen da, guztioi eragiten diguten lege moralak hautemateko gai, gizaki bakoitzaren duintasuna errespetatzeko gai. Giza esperientziatik datuak atera eta masiboki digitalizatuz biziak salba ditzakegu, baina gizakion autonomiarekin amaitzeko arriskua ere badugu, milioika pertsonaren jokabidea eraldatuz helburu pribatuen zerbitzura.

Facebook-ek eta Google-k, euren botere iragarle guztiarekin, ez zuten COVID-19a etortzen ikusi. Zergatik? Arreta beste leku batean jarrita dutelako. Orain, birusak gure arreta guztia eskatzen du, baina, behin uneotako shock egoera igarotakoan, litekeena da salbuespena zena errutinazko bihurtzea eta segurtasunaren izenean subiranotasun digitalik eza normalizatzea. Curranen garaian, Kantek berak argi esan zuen: “Komunitatea muga batzuen barnean mantentzeko zaintza poliziala mugatzea ezinbestekoa da, ustezko segurtasun baten mesedetan askatasun zibil orokorra sustrairik gabe gera ez dadin”.

Epe motzean, konfinamenduak funtzionatzen duela dirudi. Epe ertainean eta luzean, entzuten dut jasangarria den bakarra ikerkuntza eta osasun agentzien, tokiko gobernuen eta herritar sareen arteko koordinazio bizkorra dela, eta horiek datuak, baliabideak eta trebeziak partekatzea. Hori bai, zaintza iraunkorra izan dadin, ezinbestekoa da zaintza demokratizatzea, noranzko bikoitzean egin ere: alde batetik, publikoaren mende jarri behar dugu gardentasuneko eta kontu emateko mekanismoen bitartez, eta, bestetik, herritarrak gaitu behar ditugu ulergarriagoa eta eraginkorragoa bilakatzeko. Horretarako, beharrezkoa da datu fidagarriak bildu eta globalki partekatzea, bai eta tokiko komunitateetan lan egitea ere, jakitun izan daitezen osasun publikoaren zaintza beharrezkoa dela, baina, betiere, Osasunaren Mundu Erakundeak emandako jarraibideek ezarri bezala: gobernantza egokiarekin eta datu pertsonalak babestuta, zaintzak etorkizuneko gure urratsak hautatzeko gaitasuna areagotu dezan, eta ez alderantziz.