euskaraespañol

6.000 gazte inguruk bisitatuko dute Euskal Herriko Unibertsitatea Ate Irekien Jardunaldietan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/03/14

Irudia

6.000 gazte inguruk bisitatuko dute Euskal Herriko Unibertsitatea martxoaren 15etik 23ra 19 fakultate eta eskolatan egingo diren Ate Irekien Jardunaldietan. Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan eta Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolan ere, biak ala biak UPV/EHUri atxikiak. 

Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak nabarmendu duenez, "garrantzitsua da orientazio-jarduera egokiak eskaintzea unibertsitate aurreko ikasleek Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen dituen gradu-titulazio ugariak ezagutu ahal izan ditzaten. Horrela, beren trebetasun, gaitasun eta interesetara ondoen egokitzen dena aukeratu ahal izango dute. Ate Irekien Jardunaldiek osatzen dute EHUazoka, gure unibertsitateko orientazio-azoka, eta ikasleei eta haien laguntzaileei aukera ematen diete unibertsitate-zentroak bisitatzeko eta etorkizuneko ikasketei buruzko erabaki informatu bat hartzeko behar duten informazio guztia eskuratzeko ". 

Ate Irekien Jardunaldiak 2024-2025 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak hasi nahi dituzten ikasleei zuzenduta daude. Jardunaldi horietan, ikasleek izena eman duten Euskal Herriko Unibertsitateko eskola edo fakultatea bisitatu ahal izango dute, batzuetan senide batekin batera, eta, horrela, haien instalazioak eta baliabideak ezagutu ahal izango dituzte. Era berean, beren intereseko gradu-ikasketen berri izan ahal izango dute xehetasunez, eta, horrela, unibertsitate-ikasketei buruzko erabakia hartzeko behar duten orientazio guztia lortu ahal izango dute. 

Guztira 170 bisita hitzartu dira (pertsona berak hainbat jarduera egin ditzake), iaz baino 10 gehiago; horietatik 5.480 ikasleenak dira eta 834 laguntzaileak. Inskripzioen % 7,7 inguru beste erkidego batzuetako pertsonenak dira. Era berean, EAEko bigarren hezkuntzako 391 ikastetxek parte hartuko dute.