euskaraespañol

Aurrerapenak garuneko ehuna imitatzen duten teknologia eta biomaterialetan

UPV/EHUk, garuneko ehuna imitatzen duten teknologia eta biomaterialen alorrean izandako azken aurrerapenak ikertu ditu, Stanford eta Cambridgeko unibertsitateekin batera

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/16

Irudia
Eneko Axpe eta Gorka Orive. Argazkia: UPV/EHU

Nature Communications aldizkariko azken zenbakian, Eneko Axpe Stanfordeko Unibertsitateko ikertzaileak eta Gorka Orive UPV/EHUko irakasleak idatzitako artikulu bat argitaratu dute. Bertan garunaren propietate fisiko eta mekanikoak mimetizatzen dituzten biomaterial eta teknologien alorrean izan diren aurrerapen garrantzitsuenak errepasatzen dira, funtsezko elementuak baitira organo horren gaixotasunak aztertu eta tratatzeko.

Gaixotasun larri ugarik erasaten diote garunari: alzheimerra, parkinsona eta beste gaixotasun neurodegeneratibo batzuk edota munduan ehunka mila pertsonari eragiten dioten gaitz psikiatrikoak. Nature Communications argitalpenaren artikulu nagusia da Eneko Axpe Stanfordeko Unibertsitateko irakasleak eta Gorka Orive Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak sinatutakoa. Garunera egokitzeko eta organo hori mimetizatzeko biomaterialek zer propietate izan behar lituzketen aztertzen da lan horretan. Garunaren propietate mekaniko eta fisikoak, izan ere, erronka teknologiko handia dira. Analisia izen handiko aldizkariaren azken zenbakiko editorialeko gai nagusia izateko ere aukeratu dute.

Artikuluaren izenburua Towards brain-tissue-like biomaterials da, eta bertan egileek azaltzen dute zer faktorek gidatu behar duten material berrien sintesi arrazionala, gaur egun ebatzi gabe dauden garuneko arazo medikoak konpontzeko: propietate mekanikoak, neurobabesa edo difusibitatea, baita eroankortasuna ere. Parametro horiek guztiak ezinbestekoak izango dira etorkizunean garuneko interfazeak, inplanteak, hiru dimentsioko organoideak edo bioingeniaritzako ehunak diseinatu eta ekoizteko. Gaur-gaurkoz ez dugu garunarentzako biomaterial idealik, baina itxaropentsu egoteko alternatibak garatu dira, hala nola garuneko tumoreak tratatzeko material supramolekular eta polimeriko injektagarriak edo garuneko interfaze bezala erabiltzeko polimero eroaleak.

«Gure ustez, erronka horiei guztiei hel dakieke diziplinarteko lankidetzaren bidez», azaldu du Eneko Axpek. «Gustatuko litzaiguke lan hau eta alor bereko beste batzuk inspirazio-iturri izatea komunitate zientifikoarentzat, garunaren antza duten eta haren patologiei aurre egiten lagunduko duten biomaterialak garatzeari dagokionez», esan du Gorka Orivek.

Egileak

Gorka Orive doktorea Farmazia eta Farmazia Teknologiako irakasle titularra da UPV/EHUn; gainera, CIBER-BBN (Bioingeniaritza, biomaterialak eta nanomedikuntza sarean ikertzeko ikerketa biomedikoko zentroa) plataformako kidea, Singapore Eye Research Instituteko (SERI) ikertzaile nagusi adjuntua eta zientziaren dibulgatzailea da. Hirurehun argitalpen zientifiko egin ditu, eta haren h indizea 64 da (Google Scholar).

Eneko Axpe NASAko ikertzailea da, bai eta Stanfordeko Unibertsitateko Marie Curie kidea ere. UPV/EHUn materialen fisikaren alorreko doktoregoa amaitu ondoren, bi urtez doktorego ondoko ikertzaile gisa aritu zen Cambridgeko Unibertsitateko Nanoscience zentroan. Bi urtez ikertzaile bisitaria izan zen Oxfordeko Unibertsitatean eta Harvard Unibertsitateko Wyss Institutuan.

Erreferentzia bibliografikoa