euskaraespañol

Bilboko Ingeniaritza Eskolak eta Petronorrek 'Enrique Sendagorta' beka sortu dute tituludunen artean bikaintasunezko heziketa sustatzeko

Urtero 25.000 euronako bi beka emango dira energiaren arloan ingeniarien nazioarteko prestakuntza aurreratuan laguntzeko asmoz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/02

Irudia
Emiliano López Atxurra eta Enrique Amezua

Enrique Amezuak, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak, eta Emiliano López Atxurrak, Petronorreko presidenteak, kolaborazio hitzarmena sinatu dute Enrique Sendagorta bekak sortzeko.

Urtero Petronorrek 50.000 euro emango ditu guztira, 25.000 euronako bi beka eskaini eta Ingeniaritza Industrialeko Eskolako bertako Unibertsitate-Masterreko bi ikasleren ikasketetan laguntzeko, ospe handiko unibertsitateekin Bilboko Ingeniaritza Eskolak sinatuta dituen nazioarteko komenioen baitan titulazio bikoitzarekin euren heziketa-ibilbidea osa dezaten. Energiaren, berrikuntzaren eta digitalizazioaren arloetan ingeniarien nazioarteko prestakuntza aurreratua babestea da helburua.  

Hautagaiek berebiziko espedientea beharko dute, euren egonaldiaren hasieran eta amaieran txosten bat aurkeztearekin batera. Jomugako unibertsitateetan burutu nahi diren ikasketek Petronorrenaren antzeko jardunaren inguruko gaiak izango dituzte. Espediente akademikoaz gain, hautagaien motibazioa hartuko da kontuan, eta baita Findegiaren eta Bilboko Ingeniaritza Eskolaren dibulgazio lanak jomugako unibertsitateetara eramateko konpromisoa ere.