Iñaki Goirizelaia

Ingeniaritza eta Artea

Ingeniaritza Telematikoan katedraduna eta errektore ohia

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/28

Iñaki Goirizelaia. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

Horrela proposatu didate. Antza, ingeniaria eta dantzaria izanik honi buruzko hausnarketa egin nezake, gaitua omen nago. Gaia polita dela ezin dut ukatu. Ingeniariok sarri entzuten dugu buru gogorrak garela eta estetikoa dena, guretzat ez dela garrantzitsua. Diseinatzen ditugun tramankuluak ibili egin behar dira merkatuak onartuko duen salneurria ipini behar diegu eta, gero, noski, saldu eta kobratu behar dugu. Gutxi gorabehera horixe da ingeniarion lana. Merkatuak onartuko lukeen prezio baten barruan sartzen den tresnaren bat, ekipamenduren bat diseinatu eta fabrikatu, gehienetan estetikari arreta askorik eman gabe.

Agian, horixe izan da gure egin beharrekoa mendeetan zehar, gure profesioa sortu zenetik, baina ingeniarion historian zehar argi ikusten da arestian esandakoa ez dela beti bete. Adibideak egon badaude: besteak beste, Bizkaiko Zubia, Eiffel Dorrea, kotxeen estetika edo Leonardo da Vincik egindako lanak.

Ingeniarion profesioan aparatuak soilik diseinatzea eta fabrikatzea nahikoa ez dela jakin badakigu aspalditik. Edozein produktu, edozein fabrikazio lerro edo edozein gailu onartua izateko funtzionalitatea ezinbestekoa dela zalantzarik ez dago. Hori ingeniari guztion buruan dago, noski. Baina gaur egun, ondo ibiltzeaz gain, erakargarritasuna gakoa bihurtu da. Bakarrik ondo dabilen zerbait ez da onartua izango. Polita izan behar da, erakargarria. Burura datozkit mila gailu non erakargarritasuna gakoa izan den merkatuan arrakasta lortzeko.

Bestalde, ingeniarion lanak mundua aldatu du azken urteetan. Gure bizitza eraldatzeko profesio asko daude eta, behar bada, horien artean ingeniariona garrantzitsuenetariko bat da. Mundua teknologiak kontrolatzen duela entzuten dugunean, atzean ingeniariak daudela jakin badakigu. Baina teknologiaren bidezko kontrola ez da nire gustuko lana, ez dut begi onez ikusten. Ingeniariok munduaren iraunkortasuna bermatzen lagundu behar dugu eta horretarako, beste gauza batzuen artean, teknologiari artea gehitzea ezinbestekoa ikusten dut. Mundu berri honetan ingeniariok “artistak” izan behar gara.

Baina, ingeniaritzaren ingurune honetan zer da niretzat artista izatea? Mundu hobeago bat lortzeko mundua aldatzen dutenak artistak direla esaten du Seth Godinek. Bat egiten dut definizio horrekin eta, noski, definizio horren arabera danok izan gaitezke artistak. Polita hitza edo edertasun hitza gehituko nuke nik. Hau da, artistak mundu hobeago eta ederragoa lortu nahi duten pertsonak dira. Helburu hori lortzeko tresna desberdinak daude, musika, dantza, antzerkia, zinea, poesia, eskultura, bertsolaritza… eta gure kasuan ingeniaritza.

Mundu hobeago eta ederrago bat lortzeko asmotan, ingeniariok mundua eraldatzen ahalegintzen gara teknologiaren bidez. Baina, lehenengo pausua amets egitea da, zerbait buruan izan eta hori errealitatea bihurtu daitekeela amestu. Bigarren pausua desiratzea da, hau da, buruan daukagun amets hori fisikoki ikusteko desiratzen egoten gara. Eta azken pausua ausardia da. Amestu duguna errealitatea bihurtzeko ausartak izan behar gara. “Amets egin, desiratu eta eraldatzeko ausartu”, esaldi hau Francis-ek Dr. Deseoren abeslariak kantatzen du. Bai, artearen eta ingeniaritzaren munduetan, bakoitzak bere ekoizpena lortzeko antzeko pausuak ematen ditugula argi dago, eta sormenerako daukagun gaitasunak artista zein ingeniari on eta txarren arteko desberdintasuna zehazten du.

Maila pertsonalean dantzak eragina izan du ingeniari bezala egin dudan lanean eta, alderantziz, ingeniaritzak dantzaria izateko ere eragin du. Sormena eta diziplina dira teoriaz hain desberdin diren mundu bi hauek lotzen dituztenak. Biok, ingeniariok eta dantzariok, sormena behar dugu, sormenik gabe ezin dugu ekarpenik egin eta.  Dantza munduan lantzen diren sormenerako konpetentziak oso lagungarriak izan zaizkit diseinuren bat egin dudan bakoitzean. Arteari esker, nire kasuan dantzari esker, arazo tekniko baten aurrean perspektiba eta imajinazio zabalagoa daukadala uste dut.

Horrekin lotuta dantzaren munduan diziplinarik gabe oso gutxi egin daiteke. Gauza bera gertatzen da ingeniaritzan. Barra egiten dantzari batek ematen dituen ordu luzeetan, diziplina gogor gogorrean murgilduta, eduki behar dituen jarrera eta arrakasta lortzeko desioa, teknologiaren bidez mundu aldatzen saiatzen den ingeniari baten lanean ere egon badaude.

Bestalde, ingeniariontzat diseinua garrantzi handikoa prozesua da arlo guztietan. Gure lanaren oinarrian beti dago diseinuren bat. Artista izan barik, ausartuko nintzateke esaten beraientzat haien arte lanaren bat egiteko diseinua ere gakoa dela. Abiapuntuan berdinak garela uste dut. Ingeniarion kasuan teknologia da gure lanabesa eta gure helburuak funtzionalitatea eta seguritatea, biak hala biak bete beharrezko baldintzarik inportanteenak. Artistak, aldiz, edertasuna eta erakargarritasunaren bila doaz. Baina edertasuna lortzeko bide horretan, artistek haien prozesuak hobeto ulertu ditzaten, zientzia, teknologia eta matematikak lagungarriak izan daitezke.

Horregatik, uste dut Ingeniaritza Eskoletan sormena gehiago landu behar dugula, sormena baita, estetikarekin batera, funtzionalitateari erakargarritasuna gehituko diona. Helburu hori lortzeko, ingeniariok nolabaiteko artistak izatea ezinbestekoa dela uste dut.  Era berean, Arte Ederren Fakultateetan zientzian eta teknologian apur bat gehiago sakontzea komeni dela uste dut.

Amaitzeko, gaur egun behar beharrezkoa den hirien garapena ondo diseinatzeko HAZI berri bat erein behar dugula uste dut: Hiria, Artea, Zientzia eta Ingeniaritza. Hiri baten garapenak behar duen ongarri berezia sortzeko lau kontzeptu hauek ondo nahastuz lortuko da.

Ondorioz, etorkizuneko hiriak eraikitzen jarraitzeko ingeniariok artistagoak izan behar gara eta artistak apur bat ingeniariak.