euskaraespañol

CERN IdeaSquare Workshop 2021eko irabazleak

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/29

Irudia

Urrian, ‘Etorkizuneko ideia’ CERN IdeaSquare Workshopa egin zen, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusak antolatuta, Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundearekin (CERN) eta BIC Arabarekin (Arabako Enpresa eta Berrikuntza Gunea) batera.

Tailer horretan parte hartu zuten UPV/EHUko Arabako Campuseko ikasleek, graduko eta graduondokoko titulazio desberdinetako 20 ikaslek, CERNeko ikertzaileek garatutako azken teknologiak lehen pertsonan ezagutzeko aukera izan zuten. CERN ikerketa zientifikorako munduko zentro handienetako bat da, bai eta izen onena duenetako bat ere.

Ikasleek, diziplina anitzeko bost taldetan banatuta, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuei lotutako proiektu berritzaile bat egin zuten. Proiektua egiteko, CERNeko langileen aholkuak izan zituzten hautatutako pertsonek. Pandemia zela eta, edizio hau modu birtualean garatu zen. Bigarren jardunaldian, taldeek beren lanak aurkeztu zituzten, eta epaimahai batek ebaluatu zituen. Honako hauek osatu zuten epaimahaia: Amaia Calleja Ochoa, Arabako Campuseko Transferentzia eta Ekintzailetzako zuzendaria; Izaskun Ruiz de Apodaka, BIC Arabako Proiektuetako teknikaria; Laura Wirtavuori, CERN IdeaSquareko project associatea; Pablo García Tello, EBko proiektu eta ekimenen garapeneko burua CERNen; eta Leonor Mendoza Malia, INEUSTAReko lankidetzako proiektuen arduraduna.

Manoli Igartua Olaechea Arabako Campuseko errektoreordeak eta David Montero BIC Arabako zuzendariak ere parte hartu zuten sari banaketan.

Sarietako bat (2.000 €) VIS VIVA taldearentzat izan zen; ‘Energia eskuragarria eta ez kutsagarria’ GJHaren inguruan zentratu zuen lana. VIS VIVA taldeak proposatu zuen karbonozko nanotutuen teknologia berritzailea erabiltzea eguzki energia xurgatuko duten oihalak eta jantziak sortzeko, denontzako energia garbia eta eskuragarria eskaintzeko asmoz.

Beste saria (2.000 €) INNOVATIVE taldearentzat izan zen; ‘Osasuna eta ongizatea’ GJHa izan zuen ardatz proiektuak. Hain zuzen ere, talde horrek pentsamendu sistema bat garatzea planteatu zuen, ‘Pentsatu handikiro eta partekatu’ goiburuarekin.

Hirugarren saria (1.000 €) –proiektuan gehien parte hartu duten talde bakoitzeko pertsonen artean banatzekoa, talde bakoitzeko kideek aukeratuta– honako hauentzako izan zen: Irakli Liparteliani, Seedlings taldekoa; Alejandro Ballesteros, VIS VIVA taldekoa; Gorka Pradas, toWards Education: Wristband taldekoa; Garoa Aldama, Equalizers taldekoa; eta Zaira Arteaga, INNOVATIVE taldekoa.

Datorren urtean, osasun egoerak ahalbidetzen badu, jatorrizko formatura bueltatzea espero da, bai eta ikasleek IdeaSquaren astebeteko tailerra egin ahal izatea ere. CERNen instalazio espezifiko bat da, gizartearen eta komunitate zientifikoaren arteko sinergiak sustatzen dituena, eta unibertsitateko ikasleei goi mailako trebakuntza zientifiko-teknologikoa ematea du helburu.