euskaraespañol

Ahozko kultur sorkuntzaren ikerketa sustatzeko deialdiak, martxan

2.000 euroko bi proiektu sari eta doktorego aurreko ikerketa kontratu bat esleitzeko dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/27

Irudia

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak eta Ikerketaren eta Euskararen arloko Errektoreordetzek ikerketa kontratuen deialdia zabaldu berri dute. Bertsolaritza ez ezik, antzerkigintza, kantagintza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat aztertzeko asmoa duten proiektuak hartuko dira aintzat aurtengo ikerketa deialdietan. Bai, deialdiak: batetik, bi proiektu sari izango ditugulako eskaintzeko, eta, bestetik, ikerketa kontratu bat.

2.000 euroko dirulaguntza lortu ahal izango dute aipatutako kultur sorkuntzak aztertzeko xedea duten lan monografikoek eta master amaierako lanek; bi sari eskainiko dira. Proiektu sari hauen helburua da "ikertzaile gaztea edo hasiberria doktorego tesiraino eramango duen ibilbidean laguntzea" eta gerora horrek ekar lezakeen doktorego tesirako bulkadan eragitea. Eta, hain zuzen, doktorego tesia egiteko asmoa duten ikertzaileentzako da aipatutako beste deialdia. Doktorego aurreko kontratu bat finantzatuko da, UPV/EHUn gauzatuko dena. Aukeratutakoak doktorego aurreko urtebeteko kontratua lortuko du, hiru urte gehiagoz luzatzeko modukoa.

Bi deialdietarako eskariak 2019ko maiatzaren 3ra arte aurkeztu ahal izango dira. Eskaria bideratzeko prozedura eta xehetasunak atari honetan bertan edota UPV/EHUko Mikel Laboa Katedraren atarian topatuko dira.

Proiektu sarien deialdia Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak gauzatzen dute eta kontratu deialdia, bi erakundeoz gain, UPV/EHUko Ikerketaren eta Euskararen arloko Errektoreordetzek ere babesten dute. Deialdiok jada bide luzea egin dute, 2013an egin zen ikerketa kontraturako lehen deialdia eta 2014an proiektu sariei dagokiena. Ordutik hona nabarmen hazi da bertsolaritzaren inguruan egindako ikerketa kopurua; oraingo deialdia, esan bezala, bertsolaritzaz harago, antzerkigintza, kantagintza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat aztertzeko ikerketa proiektuei ere zabalduko zaie. Bestalde, Laboa Katedrak Joxan Artze izeneko ikerketa saria ere jarri du abian, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.