euskaraespañol

Asier Romero Andonegi eta Irati de Pablo Delgado

Irribarretik keinuetara: honela hasten da ume bat mintzatzen

Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika saileko eta Matematika eta Zientzia Esperimentalen saileko irakasleak, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/01

Asier Romero Andonegi eta Irati de Pablo Delgado
Asier Romero Andonegi eta Irati de Pablo Delgado. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Aroak apalategiaren gaineko panpina txiki bat seinalatu digu. Oso ongi ulertu diogu. Neskatoak jostailu hori nahi du, eta eskuratu egin diogu. Komunikazio estrategia erraza izan da, eta begiradaz eta seinalatzeko keinuaz baliatu da horretarako. Baina, nola sortzen da komunikazio interakzioa?

Azken hamarkadan, nabarmen ugaritu dira haurtxoaren komunikazio multimodalari buruzko azterketak (hau da, umeak, komunikatzeko, begirada, keinuak eta ahoskatzeak batera erabiltzea), eta askotariko azalpenak eman dizkiote haurtxoen eta helduen arteko lehen komunikazio interakzio horri.

Haurtxoak komunikazioa garatzeko trebetasunekin jaiotzen badira era, astiro baina modu progresiboan garatzen dira horiek, eta gizarte estimuluari lotuta ezinbestean.

Lehen bizi-asteetatik beraietatik, haurtxoek irri egiten dute, eskuak mugitzen dituzte, helduari begiratzen diote, negar egiten dute, etab., eta era horretan nola dauden jakinarazten diete inguruko pertsonei. Lehen interakzio horiek, haurtxoaren komunikazio portaera antolatzeaz gain, emozioak eta afektua eskuratzeko eta gainontzekoekin partekatzeko ere balio dute. Era horretan, inguruneari esker, gero eta komunikazio-amaraun konplexuagoa osatu ahal izango dute, zeina beharrezkoa baita hizkuntza garatzeko.

Bederatzi hilabete dituztenean hasten da guztia

Gutxi gorabehera bederatzi hilabetera iristen direnean hasten dira haurtxoak helduekin komunikazio trukeak nahita egiten. Adin horretara arte, mugimenduak erreflexuak dira (automatismoak).

Nolanahi ere, bederatzigarren hilabeteren inguruan gertaera garrantzitsu bat izaten da haurtxoen garapenean: ohartzen dira hizketaren edo ez-hitzezko komunikazioaren bitartez ingurunean eragin dezaketela.

Seinalatzea da lehen keinua

Aroa keinuez baliatzen da hitzak esan ahal izan aurretik (ahots aparatuaren arnas eta mugimendu kontrola eta maila kognitibo jakin bat behar dira horretarako), eta denboraren buruan, hizketa joango da horiek ordezten.

Keinuak, zalantzarik gabe, garrantzi handia du hizkuntzaren garapenean, umeari komunikatzeko aukera emateaz gain, haren eboluzioari buruzko informazio baliotsua ere ematen baitigu.

Adin horretatik aurrera, inguruko objektuekiko interakzioari ekingo diote umeek, hau da, elementu horiek toki bat betetzen dute helduarekiko komunikazio truke logikoen barruan.

Ezbairik gabe, objektuen aurkikuntza hori lehen urrats bat izango da zientziak baterako arreta deitzen duen hori garatzeko, hau da, haurtxoak, inguruko objektu edo ekintza bati dagokionez, bere arreta solaskidearen arretarekin koordinatzeko duen trebetasuna.

Arreta garatzea, 12 hilabeterekin

Ildo horretatik, zenbait ikerketak adierazi dute jada harremana dagoela baterako arreta garatzearen eta ondoren hizkuntza ikastearen artean. Adibidez, badakigu 12 hilabeterekin baterako arreta garatzeko garaitasunak iragartzen duela umeak ondoren eskuratuko duen hiztegia.

Denboraren buruan, Aroa gauza izango da jada besoa eta hatz erakuslea luzatzeko mugimendua koordinatzeko. Eta ez hori bakarrik, arrazoi ezberdinak izango ditu seinalatzeko. Adierazpen arrazoi bat izango du, adibidez, helduak arreta objektu batera eramatea nahi duenean, edo helburu inperatiboa izango du, berriz, helduak zerbait eskura diezaion nahi duenean.

12 eta 18 hilabete bitartean

Umeek, 12-18 hilabete dituztenean, seinale ezberdinak koordinatu ohi dituzte solaskidearekiko komunikazio egintzetan; hasieran, keinuak egiten dituzte interakzioan ari diren pertsonari begiratu gabe, pixkanaka, halere, begiradaren arreta kentzen joaten dira objektutik, eta keinuak, ahoskatzeak eta begiradak sinkronizatzen.

Lehen urtea

Lehen urtera iristen denean, bere intereseko objektu bat aurretik non zegoen seinalatzeko gauza da Aroa. Goldin-Meadowek azaltzen duen bezala, Aroaren ekintza horrek adierazten digu Aroa seinalatzeko keinuaz komunikazio tresna gisa baliatzen ari dela erreferentea bera alde batera utzita.

Zenbait azterketatan ikus daiteke keinu hori zuzen erabiltzeak hartzen duen garrantzia, horiei esker jakin ahal izan baita gehien seinalatzen duten umeek hiztegi zabalagoa garatzen dutela ondoren, eta gehien seinalatzen dituzten objektuak haien lehen hitzekin bat datozela.

Aldi horretan hasten dira, hain zuzen ere, haurtxoaren lehen hitzak, keinu deiktikoa (seinalatu eta eskuratzekoa) eta hizketa modu koordinatuan erabiltzen dituenean. Horrela, adibidez, Aroak bere jostailurik kutunena seinalatzen digu eta “data” esaten du aldi berean.

Keinua eta ahoskatzea konbinatzea

Gainera, keinua eta ahoskatzea konbinatzeko egintza horretan zerbait aparta gertatzen da. Bi elementuen denbora koordinazioaren patroia –hau da, ahoskatzean gertatzen den denbora tarte nabarmenenaren eta keinu deiktikoaren denbora tarte nabarmenenaren arteko sinkronizazioa–, helduena bera da ia-ia.

Horrenbestez, keinuak, hizketa eta begirada batera garatzen eta koordinatzen diren modalitateak dira. Haurtxoetan ikusi dugun seinalatzeko keinu hori hizkuntza garatzeko prozesuan aitzindari eta iragarle gisa eragin handia duen elementu bat besterik ez dela ikusten dugu.