null

Garapen Jasangarriko Helburuei buruzko belaunaldien arteko elkarrizketa

Arabako Esperientzia Geletako ikasleek eta graduko ikasleek esperientziak trukatuko dituzte, etorkizun bidezko eta jasangarriago baten xerka

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/08

Argazkia: Nuria González. UPV/EHU

Alarma egoera deklaratu baino egun batzuk lehenago, UPV/EHUren Arabako Campusean, Arabako Esperientzia Geletako eta Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Graduetako Kulturartekotasuneko Minorreko ikasleen artean belaunaldien arteko topaldia egin zen, Zabalketa GKEaren laguntzarekin. Hezkuntza berrikuntzako esperientzia bat da, kultura eta belaunaldi desberdinen artean ikaskuntza espazioak sortzeko aukera ematen duena, betiere, esperientziak, emozioak eta oraingo zein biharko proposamenak elkarri ezagutarazteko eta etorkizun desiratua bisualizatzeko, Garapen Jasangarriko Helburuetan, Nazio Batuen 2030 Agendan eta Euskal Herriko Unibertsitatearen garapen jasangarrirako 2030 EHUagendan oinarrituta.

Etorkizuna bidezkoagoa, kulturartekoa eta jasangarria izango bada, funtsezkoa da pertsonak elkar konektatzea, hala auzokoak nola munduko hainbat lekuetakoak. Horrenbestez, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Kulturartekotasuneko Minorra EAEko Zabalketa GKErekin jarri zen harremanetan, eta tokikoa-globala ikuspegian oinarritzen den metodologiarekin, ikasleek bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten han-hemengo kultura errealitateak aipatu GKEren lankidetza proiektuen bitartez. Gainera, belaunaldien arteko topaketak sendotzeko premia zegoela ikusi zen, datozkigun jasangarritasun erronkei aurre egiteko. Horretarako, Arabako Esperientzia Gelekin hitz egin zen, eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Graduetako Kulturartekotasuneko Minorreko ikasleak eta Esperientzia Geletako “Jasangarritasunaren hastapenak: planetaren mugen barnean ibiltzen ikastea” ikasgaiko 55 urtetik gorako UPV/EHUren ikasleak harremanetan jarri ziren ikasleen belaunaldien arteko topaldiaren edizio berri batean.

Hezkuntza esperientzia ikasgelan egindako prestakuntzako tailerrekin hasi zen; ondoren, graduko ikasleek Esperientzia Geletako ikasleei idatzi zieten GJH ezberdinei loturiko erronken inguruan eta euren etorkizun desiratua irudikatuz; eta, bukatzeko, erakusketa bat antolatu, eta belaunaldien arteko topaketaren bigarren edizioa egin da: “Iraganetik jasoz eta etorkizunera begiratuz: belaunaldien arteko elkarrizketa Garapen Jasangarrirako Helburuen inguruan”. Bilkuran, parte hartzaileek euren esperientziak, bizipenak eta oroitzapenak ezagutarazi zizkioten elkarri, eta etorkizun desiratura iristeko ibilbidea marraztu —bidezkoagoa, kulturartekoa eta jasangarria—, iraganeko balioei berriro helduta.

Jardunaldiaren irekieran Puy Fernández Esperientzia Gelen zuzendariak adierazi zuenez, “topaketa hauek aukera dira gizartean hain inplikatuta dagoen UPV/EHUren ikasle talde horrekin (55 urtetik gorako ikasleak eta etorkizuneko irakasleak) hitz egiteko, biltzeko eta esperientziak zein hausnarketak trukatzeko”. Bestalde, UPV/EHUren Jasangarritasuneko Zuzendaritzak, jardunaldiotan ordezkari izan zuen Nekane Castillo Ingurumeneko teknikariaren bidez, topaketa hauen garrantzia azpimarratu zuen, “mundu bidezkoago eta jasangarrira bidean aurrera egiteko eta unibertsitate publikoa eredu izateko” balio baitute. Nabarmentzekoa da egitasmoa erabat datorrela bat EHUagenda 2030 agendarekin, eta UPV/EHU aitzindaria izan dela estatuan, Agenda 2030 propioa osatu duen lehena denez; gainera, GJH berri bat sartu du; hizkuntza eta kultura aniztasunaren helburua. Zabalketa erakundeko Pilar Oronozek itxi zuen parte hartzeen erronda. GJH 17en eta aliantzen garrantzia nabarmendu zuen, “topaketa hau horren adibidea denez; izan ere, hezkuntza sektoreak eta garapenerako lankidetzaren sektoreak hartzen dute parte”.

Lan mahaiak

Topaketan world coffee (mundu kafea) metodologia baliatu zen; lau lan mahai eratu ziren, GJHen eta bizitza errealeko egoeretan axola duten gai horien guztien inguruko lankidetza elkarrizketako sareak sortzeko.

Kulturartekotasun eta aliantzei buruzko mahaian (17. GJH eta 18. GJH), migrazio prozesuak aspaldiko kontua direla azpimarratu zen. Geletako ikasleek eurak ere migratzaileak izan zirela aipatu zuten (nahiz eta sorburu hurbilekoak izan), eta guztiek ere garai haiek konplexuak eta, batzuetan, mingarriak zirela ekarri zuten gogora. Komunitatearen balioa ere izan zuten hizpide, eta herrietan sortzen ziren aliantzak, uztan eta gainerako lanetan laguntzeko. Hiri eta Herri Jasangarrien mahaian ere (11. eta 12. GJHak) gai bera izan zuten hizpide. Herrietan maiz sortzen diren hurbiltasuna eta konfiantza berreskuratu beharreko balioa zela ondorioztatu zuten, eta hirietako auzoetan ere sortu daitezkeela.

Migrazio prozesuak ez dira oraingo kontua, lehen ere baziren migratzaileak

Generoari buruzko mahaian (5. GJH), emakumeak bizitzan zehar nozitutako desparekotasunei buruz jardun ziren luze eta sakon. Besteak beste, Geletako emakumezko ikasleek adierazi zuen beren familietan emakumeak (amak) zirela etxeko lanak egiten zituztenak. “Hain zituzten barneratuta genero desparekotasun horiek, urteak pasa eta atzera begiratu arte ez baitira horretaz jabetu”. Mahaiak ondorioztatu zuen aurrerapenak egon egon direla genero berdintasunean, baina ez direla nahikoak izan, oraindik ere bide luzea baitago eginkizun. Geletako gizonezko ikasle batek adierazi zuen “egiazko berdintasuna agian sekula ez dela iritsiko, baina ahalik eta maila handiena lortu behar dela”, eta graduko ikasleen iritzian, horixe izan daiteke, hein handi batean, irakasle gisa dagokien egitekoa.

Proposamenak eta ondorioak

Etorkizun desiratu horretara bidean egindako proposamenen eta hartutako konpromisoen artean, autokritikoagoak izan beharra azpimarratu zen, “oso erraza baita gainerakoek zer aldatu behar duten ikustea, egiazko aldaketa norberetik hasten dela ahaztuta”. Halaber, graduko ikasleak luze aritu ziren irakasle lanari buruz hausnarrean: “Pertsona guztiek aukera berdinak izatea nahi dugu, eta horretarako abiapuntua pertsona guztiei hezkuntza ona ematea da. Beraz, etorkizuneko irakasleak garen aldetik, haratago begiratzeko gaitasuna landu behar dugu, gizarte bidezkoago, jasangarri eta genero nahiz kultura berdinzalea eraiki ahal izateko”.

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetako ikasleek ondorio hau atera zuten: “Garapen jasangarriko helburuei buruzko belaunaldien arteko elkarrizketa hori eduki ahal izatea, eta egin dugun moduan egitea, iraganetik eta orainetik jaso, eta etorkizunera proiektatu ahal izatea, oso esperientzia aberasgarria izan da alde askotatik, hala pertsonaletik, nola profesionaletik”.

“Asko ikasi behar dugu adineko pertsonengandik”

Etorkizuneko irakasleek pertsona nagusien alboan goiz bat igaro eta ikasteko aukera izatea goraipatu zuten. “Gizarteak, oro har, adinekoei jaramonik ez egiteko joera du, baliogabeak balira bezala —nabarmendu zuten—, baina, egiatan, haiengandik asko ikasi dezakegu. Aldarrikatzen ditugun balio guztiak praktikan jartzeko balio izan digu jarduera horrek, baita aniztasuna bultzatzeko eta haren parte izateko ere”.

Geletakoek ziotenez, oso aberasgarria izan zen gazteekin etorkizunari buruzko gogoetak trukatzea. Askok esan zuenez, txip-aldaketa eragin zien gazteak ezagutu eta haiekin hain gai garrantzitsuei buruz hizketan aritzeak. “Esku onetan gaudela sentitzen dugu orain, etorkizuna badugula irakasle bihurtuko diren gazteokin, euren inplikazio sozialagatik, eta, hezitzaileak diren aldetik, duten erantzukizunarekin kontzientziatuta daudelako”.

Ekimen hezitzaile hori, gizarte eraldaketa xede, Matematikaren eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Saileko irakasleek (Igone Palacios, Aritz Ruiz, Daniel Zuazagoitia, Arantza Rico eta Elena Agirre), UPV/EHUren ikasleek (Arabako Esperientzia Gelak eta Hezkuntza eta Kirol Fakultatea) eta Zabalketa elkarteak (Pilar Oronoz) gauzatu dute elkarlanean. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Lankidetzarako EAEko Agentziaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntza izan dute.