euskaraespañol

Unibertsitatearen eta eskolaren arteko zubiak eraikitzen

Bilboko Hezkuntza Fakultateko Haur Hezkuntzako ‘Hezkuntza berrikuntza’-ko Minorrak hezkuntza berrikuntza hori ikastegiekin partekatzeko eta ikasgeletan gertatzen diren prozesuen berri jasotzeko ekimen bat jarri du abian

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/01/27

Irudia
Antolatzaileek Bilboko Hezkuntza Fakultateko hall-a aukeratu zuten proiektuan parte hartu duten bost eskoletarako proposamen berritzaileak aurkezteko. ARGAZKIA: Laura López. UPV/EHU

Bilboko Hezkuntza Fakultateko Hezkuntza Berrikuntzako Minorreko 53 ikaslek esperientzia oso aberasgarria bizi berri dute: bost eskoletako irakasleekin lan egin dute ikastetxe horietan antzemandako arazoetako batzuetarako irtenbide berritzaileak bilatzea helburu. Horrela, Euskal Herriko Unibertsitateak eta eskola publikoak lankidetza emankorreko zubi bat sortu dute, eta horretan ezinbestekoa izan da Hezkuntza Saileko Berritzegune Laguntza Zerbitzuaren bitartekaritza.

Bilboko Hezkuntza Fakultateko atondoa gainezka zegoen: Minor Hezkuntza Berrikuntzako ikasleak beren aurkezpenen xehetasunak amaitzen ari dira, ekimenean parte hartu duten Haur Hezkuntzako eskoletako irakasleak beren ikastetxeetarako egindako proposamenak noiz entzungo zain daude; Nere Inda, Berritzeguneko Haur Hezkuntzako koordinatzailea ekimenaren azken emaitza ikusteko zain, eta Minorreko irakasleek –Miriam Peñak , Nagore Martinez, Mikel Iruskieta, Janire Castrillo, Ana Berreteaga eta Josune Landa, –, berriz, proiektuaren une gorenaz gozatuz, proiektu bat, zeina, ekimen berritzaile askorekin gertatu ohi den bezala, inork ez daki egiaz nola amaituko den.

Ideia hori Hezkuntza Berrikuntza Minorrean eskola publikoarekin harremanak estutzea pentsatu zutenean sortu zen ideia, elkar hobeto ezagutzeko eta elkarlanean aritzeko. “Eskola publikoan zer prozesu eraldatzaile gertatzen ari diren jakin nahi dugu unibertsitatean, eta eskola publikoak, berriz, hemen egiten dugun ikerketari onura ateratzeko aukera eduki behar du”, azaldu du Miriam Peñak, Minorreko koordinatzaileak. Hori dela eta, harremanetan jarri zen Nere Indarekin, Hezkuntza Saileko Berritzegune Laguntza Zerbitzuetako Haur Hezkuntzako arduradunarekin, zeina Haur Hezkuntzaren prestakuntza garapenerako “mugimendu autonomoa” proiektuaren sustatzailea den, eta ideia hori proposatu eta ikastetxeekin bitartekari lanak egiteko eskatu zion. Zalantzarik gabe onartu zuen. “Unibertsitatearekin lankidetzan aritzeko ideia zoragarria iruditu zitzaidan. Batzuetan oso autokonplazienteak gara egiten dugunarekin, eta beste batzuetan, aldiz, kritikoegiak; horrenbestez, primeran datorkigu kanpotik norbait etortzea eta horren iritzia eta ekarpenak jasotzea”, azaldu du Nerea Indak, pozik proiektuaren azken emaitzarekin.

Teorian ideia sinplea zen: “Eskola bakoitzak aurreikusi gabeko arazo ugari konpondu behar ditu egunerokoan –azaldu du Peñak–. Hori ez da Fakultateko eskola teorikoetan ikusten, horregatik nahi genuen gure ikasleek zuzenean hori ezagutzea, eta hemen irakasten diegun ikerketa eta berrikuntza aplika zezaten ikastetxe bakoitzean ikusten zituzten oztopoetako batzuei aurre egiteko”.

“Eskolek lan hori balioesten dute: irtenbide-proposamenak, bibliografia, langune berriak irekitzea..., eta gure ikasleek oso positibotzat jotzen dute kontaktu hori eta benetako proiektuen gainean lan egin ahal izatea".

Bi aldeek eskertzen dute sinbiosi hori, “eskolek lan hori balioesten dute: irtenbide-proposamenak, bibliografia, langune berriak irekitzea..., eta gure ikasleek oso positibotzat jotzen dute kontaktu hori eta benetako proiektuen gainean lan egin ahal izatea. Unibertsitatearen eta gizartearen arteko loturaren garrantzia hautematen da”, Minorreko koordinatzailearen esanetan.

“La Balugan sei urte inguru daramatzagu hezkuntza berrikuntza lantzen, eta guretzat oso garrantzitsua da lortutako emaitzak ezagutarazi ahal izatea”, azaldu du Inoxka Angulo Sopuertako haur eskolako irakasleak. Ikastetxean lankide duen Idoia Angulo ere bat dator planteamendu horrekin, haren esanetan, izan ere: “ikasle ginenean guk ez genuen aukerarik izan ikastetxeetako errealitatea horrela bizitzeko, eta oso garrantzitsua da ikasgelaren teorietatik eskolako bizipenetara igarotzea”. Onuragarria da bi aldeentzat; izan ere, Inoxkak onartu bezala, “unibertsitatean orain zer egiten ari diren ikusteko ere balio digu, ea fakultateak darabiltzan metodologia berberak garatzen ditugun. Zoragarria da bi munduon arteko zubiak sortzea”. adierazi du.

Fakultatetik eskolara

Minorreko irakasleek Natxitua, Otxandio, Saldupe (Ondarroa), Eretza barri (Sodupe) eta La Baluga (Sopuerta) haur eskoletara eraman zituzten 53 ikasleak, eta haietan, in situ ikusi ahal izan zuten "mugimendu autonomoa" deitu duten Haur Hezkuntzako eredua praktikan nola jartzen duten. Irakaskuntza publikoaren sareko Haur Hezkuntzako ehundik gora eskolak parte hartzen dute eredu horretan. Era berean, ikastetxe bakoitzeko irakasleekin hitz egin zuten, eta konpondu nahi zituzten arazo zehatzen gaineko kezka helarazi zieten haiek.

“Guretzat erronka handia izan zen talde osoa gure gelan hartzea –azaldu du Maialen Azkarraga Otxandioko haur eskolakoak–, ikasle asko zirelako ez ezik, pandemiaren ondorioz eredu didaktikoa egoera berrira egokitu behar izan genuelako ere bai, egoera normalean nola egiten dugun ikus zezaten nahi baikenuen; ondorioz, zenbait aldaketa egin genituen horren ahalik eta antzekoena izan zedin”.

Bost ikastetxeak bisitatu ondoren, ikasleak sei taldetan banatu ziren, eta eskola bakoitzeko irakasleekin hizpide izan zituzten arazoak jorratu zituzten, konponbide berritzailea eman nahian. Horretarako, talde bakoitzak 180 lanordu inguru eman ditu (hogeita hamar ikasle bakoitzeko).

Gogoeta egin eta proposamenak prestatzeko aldia amaitu ondoren, jardunaldi bat antolatu zuen Hezkuntza Fakultateak, eta ekimenean parte hartu zuten pertsona guztiak gonbidatu zituzten hartara; hala, ikastegia erakutsi ondoren, ikasle taldeek landutako irtenbideak azaldu zizkieten egokitu zitzaizkien eskoletako ordezkariei, horretarako posterrak, ikus-entzunezko materiala eta abarrak erabiliz.

“Proiektuari ekin genionean, oso bitxia iruditu zitzaigun dena, dio Idoia Díez Minorreko ikasleak, zeinak Sodupeko Eretza barri eskolarako "Jolastokitik haratago" proposamenean parte hartu duen. Bisitak hasi eta azalpenak eman zizkigutenean, baina, ideia bikaina iruditu zitzaigun”. Landu duten kasuan, patioaren egitura aldatzea proposatu dute; natur zientzietan oinarritutako irtenbide bat da, naturako elementuak sartu baitituzte (belarra eta zenbait egitura natural, psikomotrizitate eremuak eta eremu sinbolikoak egiteko, etab.). 

Maialen Azkarraga Otxandioko eskolako irakasleak, berriz, honako hau adierazi digu: “gaur ez nekien ondo zer aurkituko genuen, eta ustekabe handia izan da, ondo baino hobeto antzeman baitzuten gure gabeziak eta indarguneak zein ziren. Harritu egin nau –gehitu du– hain gazteak izanik hori hain ondo ikusi izanak. Nabari da hain proposamen arrazoituren atzean lana eta gogoeta egon dela”.

Berritzeguneko koordinatzaile Nere Indak ez du zalantzarik: “errepikatzeko aukerarik badago, egin egingo dugu, bai eta beste zerbait ere agian, irakasgaien arabera lan gehiago jartzea adibidez... ikusiko dugu”. Galdetu diegun eskoletako irakasleak bat datoz ikuspegi positibo horrekin. Eta horretarako aukerarik egongo da Minor honetan, izan ere, Indak ikasleei aurkezpenaren hasieran esaten zien bezala, “eskola, bizitza bezala, eraldaketa da, eta beti egongo da ikasgeletan daukaguna eguneratu beharra”.