euskaraespañol

UPV/EHUk datorren ikasturterako eskaintza aurkeztuko du EHUazokan: Unibertsitate Orientaziorako Azoka

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/01/22

Irudia

Gipuzkoako Campusean, urtarrilaren 27an egingo da; Arabako Campusean, otsailaren 3an, eta Bizkaiko Campusean, otsailaren 10ean.

Standetarako sarrera librea da baina informazio-saioetan parte hartzeko nahitaezkoa da aldez aurretik izena ematea. 

EHUazoka, Euskal Herriko Unibertsitateko Unibertsitate Orientaziorako Azoka, aukera paregabea da etorkizuneko ikasleek Euskal Herriko Unibertsitateak 2024-2025 ikasturtean eskainiko dituen graduko ikasketak eta unibertsitatean sartzeko prozedura gertutik ezagutzeko. EHUazoka Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituen orientazio-jardueren barruan kokatzen da, eta orientazio-aktibitate nagusia da. Horren bidez, unibertsitate publikoak orientazioarekin duen konpromisoa agerian jartzen da, unibertsitate aurreko ikasleek egingo dituzten titulazioak aukeratzerakoan erabakiak behar bezala hartzeko funtsezko tresna den aldetik.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreorde Fernando Tapiak adierazi duenez “bereziki gaur egungo testuinguruan, non etengabeko eraldaketak eta talentuaren krisia dei daitekeena ikusten ari baikara, ziur gaude behar-beharrezkoa dela orientazio egokia eskaintzea, unibertsitate-aurreko ikasleek ikasteko zer aukera dituzten jakin ahal izateko eta, horrela, beren gaitasun, trebetasun eta interesetara ondoen egokitzen den titulazioa aukeratu ahal izateko. EHUazoka, Euskal Herriko Unibertsitatearen Orientazio Azoka, da Euskadi mailako orientazio-jarduera nagusia. Bertan, unibertsitate aurreko ikasleek eta haien familiek behar duten informazio guztia lortzeko aukera dute, eta, gainera, arreta pertsonalizatua, funtsezkoa baita unibertsitate-ikasketak aukeratzeko prozesuan.”

Aurten, azokak urtarrilaren 27an egingo dira Gipuzkoako Campusean, otsailaren 3an Arabako Campusean eta otsailaren 10ean Bizkaiko Campusean. EHUazokaren hiru jardunaldietan, fakultate eta eskola guztietako irakasleek arreta pertsonalizatua eskainiko diete unibertsitate aurreko ikasleei standetan, eta informazio-saio kolektiboak ere egingo dira. Horrela, EHUazoka aukera bat da gure unibertsitatea eta graduko ikasketen eskaintza hobeto ezagutzeko eta etorkizuneko unibertsitate-ikasketei buruzko zalantza guztiak argitzeko.

Standetarako sarbidea librea izango da, baina derrigorrezkoa da izena ematea informazio-saioetara joateko. Saio horietarako izena emateko epea urtarrilaren 22tik 26ra bitartean izango da, Gipuzkoan urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra, eta Bizkaian otsailaren 5etik 9ra. Izen-ematea zabalik egongo da informazio-saio bakoitzeko plazak agortu arte.

Informazio gehiago: https://www.ehu.eus/eu/web/sou/orientazio-programa/azokak

2024-2025 ikasturteko gradu eskaintza: https://www.ehu.eus/eu/web/sou/orientazio-programa/azokak