euskaraespañol

Beasaingo La Salle ikastetxea gailendu da Kimika Fakultateak antolatutako aldizkako taularen lehiaketan

Talde irabazleak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuaren eskutik jaso du saria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/04

Irudia
La Salle Beasain, Hezkuntza sailburua eta Kimika Fakultateko dekanoa. Argazkia: UPV/EHU

Beasaingo La Salle ikastetxeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailako 49 ikaslek osatutako talde batek lortu du lehen saria, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateak, Gipuzkoako Berritzeguneekin elkarlanean, Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtearen harira antolatu duen lehiaketan. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Marian Iriarte UPV/EHUko Kimika Fakultateko dekanoak eman dute saria. Saria laborategiko kit bat izan da, nanoteknologiaren esparruan esperimentu zientifikoak egiteko.

'Taulanklika' izeneko lan irabazleak Eguzkiñe Aldazabal, Mila Garmendia, Hur Ezeiza eta Miren Pelaez irakasleen laguntza izan du, eta taula periodikoaren irudikapena da, elementu kimiko bakoitza dagokion letra edo letrarekin adieraziz eta letra horiek irudikatuz (elementu kimikoari buruzko informazioa bilatuz eta agerikoak diren ezaugarriak azalduz: erabilera, aurkikuntza-urtea …).

"Ez genuen irabazterik espero", adierazi dute saritutako ikasle batzuek, "Eta hunkitu egin gara". Beste batzuek, ordea, erroturik diote ziur zeudela euren lana zela onena. Miren Pelaez irakasleak ere oso balorazio positiboa egin du. "Pozik gaude sariarekin, baina, gainera, gure ikasleekin Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatera joatea eta haiek, nolabait, zientziara hurbiltzea, berez oso positiboa da. Ez dira konturatu lehiaketa batean parte hartzen zutela, beraz, oso modu naturalean egin dute aurkezpena. Zalantzarik gabe, horrelako jarduerak oso aberasgarriak dira ikasleentzat zein irakasleentzat, haien lanaren bidez asko ikasten dugulako. Taula periodikoa mundu bat da berez, eta beti zerbait berria deskubritzen duzu beraiekin ikasiz ", dio Beasaingo La Salleko irakasle honek, lortutako lorpenagatik duen poza ezkutatu gabe.