euskaraespañol

INIZIA 2020 sariak eman dira

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/18

Naia Espinosa eta Juanjo Torres
Naia Espinosa eta Juanjo Torres. Argazkia: UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreorde Iván Igartua buru zuen ekitaldi batean, BIC Arabako zuzendari David Monterok eta Arabako Campuseko Garapeneko zuzendari Arantza Beitiak lagunduta, UPV/EHUren Arabako Campuseko IX. INIZIA Uniekintzaile sariak eman zituzten. Deialdi hau INIZIA Arabacampus programaren barruan sartzen da. Programa horrek unibertsitateko kideen artean ekintzailetza sustatzeko askotariko jarduerak biltzen ditu eta BIC Arabarekin elkarlanean egiten da.

INIZIA sariak tituludunei edo graduondokoa egin dutenei eta UPV/EHUko edozein ziklotako ikasleei, irakasleei eta ikertzaileei edo Euskal Herriko Unibertsitatean bertan egindako ikerketa baten ondorioz garatutako teknologia erabiltzen duten sustatzaileei zuzenduta daude. Sari horiek proiektua aztertu eta garatzeko prestakuntza eta zerbitzu jardueretan erabili beharko dira (kanpoko prestakuntza, kontsultoretza eta maketak eta prototipoak egitea, besteak beste).

Bere helburu nagusiak honako hauek dira: enpresa bihurtu daitezkeen proiektuak sortzea sustatzea, Unibertsitatearen ahalmen berritzailea enpresa berriak sortzeko baliatzea edo ikertaldeetan ekintzailetza bultzatzea.

Proiektu irabazleak

Lehenengo saria (1.000 €): DRYFING

Dryfing neoprenozko jantziak azkar eta erraz garbitu, desinfektatu eta lehortzeko makinak diseinatu, ekoitzi eta merkaturatzeko proiektu bat da. Hala, ur kirolak egitearen esperientzia hobetzen da eta neoprenozko jantzien bizitza baliagarria luzatu, zainketa espezializatu baten bidez. Proiektuaren sustatzaileak Naia Espinosa eta Juanjo Torres dira.

Accesita (500 €): ESKOPIA ADIMENDUNA

Egitura anatomikoak identifikatzeko aplikazio bat garatzen ari dira, adimen artifizialean oinarritua, teknika endoskopiko batzuk errazteko. Gero, «bideoskopio adimendun» baten prototipoa egingo dute, baldintza errealetan dituen eraginkortasuna eta segurtasuna balioztatzeko. Honako hauek osatzen dute taldea: José Medrano Laporte doktoreak, Arabako Medikuntzako IUMko irakasle eta Arabako ESIko Etxeko Ospitaleratze Zerbitzuko sendagileak eta Ignacio Arganda Carrerasek, UPV/EHUko Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala Saileko Ikerbasque ikertzaileak. Julio Alonso Babarro ekintzailearekin elkarlanean dihardute, Airwaymedicalinnovations startuparen sortzailearekin (Santander).

Accesita (500 €): RAO, Reclamaciones Aéreas Online

Reclamaciones Aéreas Online.es hegaldietako edozein gorabehera erreklamatzeko plataforma bat da, bidaiarien eskubideak defendatzeko sortua eta irabazitakoaren arabera kobratzen du. Aholkularitzako, laguntzako eta ordezkaritza juridikoko zerbitzuak eskaintzen dizkie kontsumitzaileei. Gainera, zenbait teknologia aplikatzeari esker –datu handiak eta adimen artifiziala, adibidez–, modu indibidualean lan egin dezakete, kasu bakoitzera egokituta. Proiektuaren sustatzaileak Daniel Galán eta Marcos Galán dira.