Errektorearen ebazpen guztiak

null

Erabakia, 2020ko apirilaren 8koa, UPV/EHUko errektorearena, UPV/EHUren irakaskuntza jarduera mantentzeko urruneko eta online modalitateen bidez 2019-2020 ikasturtearen eskola aldia amaitu arte, aurrez aurreko irakaskuntza eten zuen martxoaren 14ko 436/2020 Errege Dekretuaren ondorioz, zeinaren bidez alarma egoera ezarri baitzen covid-19ak sortutako osasun krisiari aurre egiteko.

Martxoaren 14ko 436/2020 Errege Dekretuak hamabost egun naturaleko alarma egoera ezarri zuen COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko (BOE, martxoaren 14a). Hezkuntza eta formakuntza alorrean birusaren hedapenari eusteko neurri gisa, Dekretuak bertan behera utzi zuen aurrez aurreko irakaskuntza Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluak aipatzen dituen hezkuntza zentro, etapa, ziklo, gradu, ikasturte eta maila guztietan, unibertsitate hezkuntza barne, eta adierazi zuen etenaldian mantendu egingo zirela hezkuntza jarduerak, ahal izanez gero, urruneko eta online modalitateen bitartez.

2020ko martxoaren 12ko errektorearen erabakiz, UPV/EHUk zenbait prebentzio neurri hartu zituen COVID-19 (SARS-CoV-2) koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko; besteak beste, erabaki zuen aurrez aurreko jarduera akademikoak etetea UPV/EHUko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako campusetan.  rd

Hori horrela, unibertsitateak martxan jarri ditu alternatibak ikasleek beren ikasketekin jarrai dezaten. UPV/EHUko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen 2020ko martxoaren 10eko erabakiz (COVID-19aren epidemiari aurre egiteko neurrien indarraldian defendatu behar ziren doktorego tesiei buruzkoa), aukera eman zen, ezohiko egoera honetan eta epidemiari aurre egiteko neurriak indarrean egon bitartean, bideokonferentzia bidez egiteko epe horretan aurreikusita zeuden defentsak, edo doktoregaiaren eta tesiaren epaimahaiko kideen arteko interakzioa ahalbidetzen duten beste online baliabide batzuen bitartez. Bestetik, UPV/EHUko Gobernu Taldeak ikastegietako zuzendaritzei eta dekanotzei igorri zien “UPV/EHUko aurrez aurreko irakaskuntza jarduera aldi baterako etenez gero aintzat hartu beharreko jarraibideak”.

Ezohiko egoera hau dela eta, Graduko Batzordeak martxoaren 13an egin zuen ezohiko saioan erabaki zuen “ezohiko egoera honetan eta COVID-19aren epidemiari aurre egiteko neurriak indarrean egon bitartean, aukera ematea bideokonferentzia bidez egiteko gradu amaierako lanen defentsak, edo ikasle bakoitzaren eta gradu amaierako lanaren epaimahaiko kideen arteko interakzioa ahalbidetzen duten beste online baliabide batzuen bitartez ”.

Martxoaren 14ko 436/2020 Errege Dekretuak ezarritako alarma egoera luzatu egin zen martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretu bidez (BOE, 2020ko martxoaren 28a), 2020ko apirilaren 12ko 00:00ak arte. Gainera, apirilaren 4an, Espainiako Gobernuak iragarri zuen alarma egoera luzatu egingo dela apirilaren 26ra arte, erabakia jasoko duen Errege Dekretua oraindik argitaratu ez bada ere.   

Horrenbestez, osasun krisiak zer bilakaera izango duen jakiterik ez dugun honetan, ezinezkoa da, alarma egoera amaituko balitz ere, UPV/EHUren aurrez aurreko jarduera akademikoari berrekitea, eta zentzuzkoa da UPV/EHUren irakaskuntza jarduera urruneko eta online modalitateen bidez burutzea ikasturtearen eskola aldia amaitu arte.

Helburu hori betetzeko, UPV/EHUko organo eskudunek jarraibide batzuk adostu eta koordinatu behar dituzte ikastegiekin, beharrezko aldaketak eta egokitzapenak egiteko, ikasturtea amai dadin ikasleek beren ikasketetan behar dituzten segurtasun, gardentasun, kalitate eta ziurtasun berme guztiekin.   

Hortaz, kontuan izanik Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 20.1 artikulua eta UPV/EHUren Estatutuen 178 eta 181.1 d) artikuluak, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak proposatuta eta Gobernu Taldean nahiz COVID-19ak (SARS-cov-2) eragindako osasun alertaren jardun protokoloak aurreikusitako krisi batzordean eztabaidatu ondoren, errektoreak erabaki hau jakitera eman du

 

ERABAKIA

LEHENENGOA.-  UPV/EHUko jarduera akademikoak urruneko eta online modalitateen bidez jarraituko du 2019-2020 ikasturtearen eskola aldia amaitu arte.

BIGARRENA.- Aurreko atalean ezarritakoa betetzeko, UPV/EHUko organo eskudunek jarraibide zehatz batzuk adostu eta koordinatuko dituzte ikastegiekin, beharrezko aldaketak eta egokitzapenak egiteko ebaluazio proben egutegian, irakaskuntza gidetan, irakaskuntza eta ebaluazio sistemetan, curriculum eta curriculumez kanpoko praktiketan eta aurrekoei lotutako beste edozein gaitan, irakaskuntza jarduerari eusteko urruneko eta online modalitateen bitartez.  

HIRUGARRENA.- Aurreko atalean ezarritakoa betetzeko modua izan arte, indarrean jarraituko dute UPV/EHUko ikastegiek jarduera akademikoa urruneko eta online modalitateen bidez egiteko gaur arte hartu dituzten neurriek.

LAUGARRENA.- Gaitasuna ematea Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeari beharrezkotzat dituen neurriak har ditzan erabaki honetan ezarritakoa betetzeko. 

BOSGARRENA.- Erabaki hau argitaratzea UPV/EHUren web orrian eta iragarki elektronikoen taulan (EHUtaula), eta unibertsitateko kideen artean zabaltzea, dagozkion banaketa zerrenden bitartez.  Azkenik, erabaki honen berri ematea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

 

 

NEKANE BALLUERKA LASA

UPV/EHUko errektorea