2021-2022 ikasturteko Irakaskuntza eta ikaskuntza planifikatzeko neurriak

UPV/EHUko ikastegien funtzionamendurako neurriak<br />(2021eko irailak 29an eguneratutako testua)

1. Sarrera

COVID-19ak eragindako pandemiak eragin izugarri handia izan du arlo guztietan, eta unibertsitatean aldaketa handiak egin behar izan genituen gure jardueraren alderdi guztietan, oso epe laburrean.

Baina pandemiaren eboluzioak eta unibertsitateko kideen txertaketak modua emango digute urriko lehen asteetan zehar UPV/EHUn erabateko presentzialtasunera itzultzeko, Hezkuntza sailburuak errektoreari jakinarazi zionez joan den ostiralean, irailak 24.

UPV/EHUk, bere antolaketa eta plangintzaren arabera, ikasleen erabateko presentzialtasuna berreskuratuko du, oraindik ere beharrezkoak diren segurtasun eta higiene neurriei eutsiz.

Gainera, oraingo joerak jarraitzen badu, pentsatzekoa da LABIk (Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak) neurriak malgutzen jarraituko duela datozen egunetan.

Gogoratzen dugu dokumentu honetan planteatutako neurri guztiak dinamikoak direla eta pandemiaren bilakaeraren eta osasun agintariek emandako ildoen menpe daudela.

Unibertsitateko kide guztiek –ikasleak, irakasle-ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak– beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte, COVID-19 gaixotasuna zabaltzeko arriskuak eta arrisku horien esposizioa saihesteko. Gainera, aintzat hartuko dituzte ere osasun agintariek COVID-19a prebenitzeko ezarri dituzten prebentzio, segurtasun, osasun eta higiene neurriak.

Unibertsitateko kide guztiei osasun agintariek edo UPV/EHUk igorritako arauak, neurriak, jarraibideak eta gomendioak betetzeko eskatzen zaie, baita iragarki ohol elektronikoaren (EHUtaula) edo erakundearen posta elektronikoaren bidez komunikatuko den erakunde informazioa arretaz begiratzeko ere.

Dokumentu honen bidez jarraibideak eman gura ditugu jakiteko nola jokatu, antolaketaren aldetik, ikasturtean zehar sor daitezkeen egoera guztien aurrean, betiere guztion segurtasun eta osasun baldintzak bermatuz.

Horretarako, ikastegiek dokumentu honetan ematen diren jarraibideak bete beharko dituzte, eta osasun agintariek ematen dituzten aholkuei jarraitu beharko diete.

Arauok unibertsitatearen webgunean argitaratuko dira, eta langileei eta ikasleei bidaliko zaizkie, dagozkien posta zerrenden bidez.

2. Kontaktuak mugatzea

Arau orokor gisa, behar diren antolakuntza neurriak hartu beharko dira jendea ez pilatzeko, eta bermatzeko ikasleek eta langileek bete ditzaketela distantzia gordetzeko edo kontaktuak mugatzeko jarraibideak, bai eta osasun eta hezkuntza agintariek ezarritako prebentzio neurriak ere.

Unibertsitateko campus, eraikin edo espazioetan ahalik eta tarte handiena utzi beharko da pertsonen artean, eta gainerako prebentzio neurriak ere bete beharko dira.

Esan bezala, urriko lehen hamabostaldiaren barruan, UPV/EHUko ikasle guztiak eta langile guztiak aurrez aurreko jardunera itzuliko dira. Hortaz:

- Ikasgeletan irakaskuntza antolatuko da ikasleen presentzialtasun handienaren irizpidearekin, baldintza epidemiologikoek hori bideratzen duten neurrian. Ikasleak kokatuko dira beren artean ahalik eta tarte handiena uzteko moduan, ikasgela bakoitzaren edukieraren eta altzarien arabera. Hala ere, laborategi, tailer eta

antzekoetan babes neurri gehiago hartu beharko dira, adibidez objektuak ahalik eta gutxien partekatzea eta sartu aurretik eskuak garbitzea, eta areagotuko da gelen aireztapena, garbiketa eta desinfekzioa.

- Ikasleak zuzenean sartuko dira ikasgeletara eta eskolak hasi baino minutu batzuk lehenago jesarriko dira beren tokietan. Eskola batetik besterako tarteetan, ikasleak espazio irekietan egongo dira, edo bestela eraikinen barruan horretarako izendatutako tokietan. Eskolak behin amaituta, ikasleek ahalik eta denbora gutxiena emango dute unibertsitateko espazio itxietan.

- COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko Legeak (2/2021 Legea, ekainaren 24koa) dio lantokietako lan baldintzak egokitu beharko direla, lanpostuen eta txanden antolamendua barne, baita leku komunen erabilera ere, langileen artean gutxienez 1,5 metroko parteko segurtasun distantziari eusteko moduan eta, hori ezinezkoa denean, arrisku mailara egokitutako babes neurriak eman beharko zaizkiela langileei.

- Kongresu, topaketa, bilera, hitzaldi eta ekitaldiei dagokienez, aplikatuko da Segurtasun Sailak 38/2021 DekretuariOHARRA buruzko ohiko galderen erantzunetan emandako irizpidea. Irizpide horren arabera, esparru batean edukieraren % 75 baimendua osatzeko 1,5 metroko tartea gorde ezin denean pertsonen artean, ez da aplikatuko neurri hori. Bai aplikatuko da, ordea, esparruaren ezaugarriek horretarako aukera ematen badute.

Hala ere, modu telematikoari eustea gomendatzen da koordinazio bileretan edo irakaskuntzaz kanpokoetan, sailetako bileretan, fakultateko batzarretan, batzordeetan etab. ezinezkoa denean pertsonen arteko distantzia eta gainerako higiene eta aireztapen neurriak betetzea.

- Kanpoko praktika akademikoak egiten direnean, erakunde laguntzaileek (enpresek eta erakunde publiko edo pribatuak) ezarritako prebentzio neurriak beteko dira.

- Praktikak osasun erakundeetan egiten direnean, ikasleek erabili beharko dituzte praktikak egiten ari diren zerbitzuan jasotako babes indibidualerako ekipoak eta horien erabilera zuzen eta segururako prestakuntza jaso beharko dute. Praktiketan parte hartzen duten pertsonen erregistroa egingo da, leku eta ordutegi bakoitzerako, miaketa errazteko beharrezkoa denean. Bereziki garrantzitsua da praktikak modu egokian eta aldez aurretik planifikatzea.

- Nazioarteko trukeak indarreko gomendioen eta legediaren arabera egingo dira.

Arau orokor gisa, segurtasun tartea gorde ezin denean, gomendatzen da ahalik eta tarte handiena uztea eta are eta zorrotzago betetzea maskara derrigor janzteko agindua, eraikinen barrualdeak etengabe aireztatzea eta gainerako prebentzio neurriak betetzea.

3. Prebentzio pertsonalerako neurriak

COVID-19aren eta beste arnas infekzio batzuen aurrean hartu beharreko prebentzio pertsonaleko neurri nagusiak honako hauek dira:

I) Maskara

  1. Unibertsitateko ikastegi eta eraikinetara sartzen diren pertsona guztientzat nahitaezkoa da maskara erabiltzea, espazio guztietan, erabilera indibidual edo kolektibokoak diren albo batera utzita, eta denbora guztian, berdin da zenbateko tartea dagoen pertsonen artean.
  2. Maskararen erabilera egokituko da berori arautzen duten legeen aldaketetara.
  3. UPV/EHUko langileek nahiz ikasleek maskara erabili beharko dute, higienikoak, kirurgikoak edo FFP2 tipokoak. Prebentzio Zerbitzuak zehaztuko du azken horiek noiz erabili behar diren.. Maskara higienikoen kasuan, berrerabil daitezkeen modeloak erabiltzea gomendatzen da, eta maskara mota horren informazio eta merkaturatze baldintzak ezartzen dituen otsailaren 11ko CSM/115/2021 Aginduak jasotako espezifikotasun teknikoak bete beharko dituzte.
  4. Maskara ondo erabili behar da, erabilera okerrak transmisio arriskua areagotu dezakeelako. Sudurra eta kokotsa estali behar dira, eta oso garrantzitsua da aurpegira ongi egokitzea, eta soilik lokarrietatik manipulatzea.
  5. Sintomak dituzten pertsonak artatzean, sintomak dituen pertsonak maskara kirurgikoa jarri behar du, eta artatzen duenak, berriz, FFP2 maskara, balbularik gabea.
  6. Honako hauek salbuetsita egongo dira maskara erabiltzetik:
    • Arnasa hartzeko zailtasunen bat dutenak, maskara erabiltzeak zailtasun hori larriagotu badezake.
    • Behar bezala justifikatutako osasun arrazoiak direla eta, maskara erabiltzea kontraindikatua denean.
    • Desgaitasun edo mendekotasun egoeran egoteagatik maskara kentzeko gai ez diren pertsonak.
    • Portaera nahasmenduak direla eta, maskara erabili ezin duten pertsonak.
    • Maskaren erabilerarekin izatez bateraezinak diren jarduerak egiten direnean.
  7. Arrazoi medikoengatik norbait maskara erabiltzetik salbuetsita dagoenean, ziurtagiri mediko ofizial batez egiaztatu beharko du. Langileek Prebentzio Zerbitzura (medikua@ehu.eus) bidali beharko dute ziurtagiria, eta ikasleek, ikasleen zuzendaritzara (ikasle-zuzendaritza@ehu.eus). Txostenak egiaztatu ondoren, dagozkion neurriak hartuko dira pertsona horientzat, eta jakinaraziko zaizkie bai ikastegi edo eraikineko COVID-19 arduradunari eta bai saileko zuzendariari (irakasle-ikertzaileen kasuan) / nagusi hurrenari (AZPko langileen kasuan) /edo ikastegiko Ikasleen dekanordeari (ikasleen kasuan).

II) Eskuak garbitzea maiz eta ganoraz, 40 segundoz gutxienez, ur eta xaboiarekin edo, bestela, gel hidroalkoholikoarekin. Gomendatzen da eskuak garbitzea gutxienez unibertsitateko ikastegira sartzean eta bertatik ateratzean, eta ikasgelaz edo lokalez aldatzean, komunera joatean, otorduetan eta maskara manipulatzean, bai aurretik eta bai ostean. Kontuan hartu behar da gel hidroalkoholikoa ez dela nahikoa eskuak zikin daudenean; halakoetan, ura eta xaboia erabili behar dira.

III) Arnas higienea:

  1. Ez kendu maskara eztula edo doministiku egiteko.
  2. Kenduz gero, estali sudurra eta ahoa zapi batez, eta gero zapi hori bota, ahal bada, tapakia eta pedala duen zaborrontzi batera.
  3. Zapirik eduki ezean, erabili ukondoaren txokoa eskuak ez kutsatzeko.
  4. Ez ukitu begiak, sudurra edo ahoa, eskuek transmisioa errazten baitute.

IV) Irakaskuntzarako materialak edo objektuak konpartituz gero, bereziki zorrotz bete behar dira prebentzio neurriak (hala nola eskuen higienea, eta sudurra, begiak eta ahoa ez ukitzea), eta erabili ondoren, garbitu edo desinfektatu behar dira, haien ezaugarrien arabera.

V) Oro har ez da gomendatzen eskularruak erabiltzea, garbiketa lanetan izan ezik.

Higiene pertsonaleko neurri horiek ez betetzeak diziplina neurriak hartzea ekar dezake.

4. Espazioak aireztatzea

4.1. Unibertsitateko espazioa modu naturalean aireztatzeko gutxieneko arauak

Eguraldiak eta instalazioek horretarako aukera ematen badute, komeni da ikasgeletan eta gainerako espazioetan leihoak eta ateak irekita edukitzea, segurtasun neurri egokiekin.

Hotz egiten duenean, erdibide bat bilatu beharko da osasun arriskuak murriztearen eta erosotasun termikoaren artean, betiere segurtasun baldintzak betez. Eraikinen barruan egoteko arropa egokiarekin, ez da beharrezkoa izango berogailua gehiegi igotzea leihoak zabalik daudenean.

Leihoak eta ateak irekita izanda, baliteke kanpoko zaratak traba egitea. Erdibide bat bilatu beharko da osasun arriskua murrizteko eta traba akustikoak gutxitzeko neurrien artean. Hobe da korridoreetan isiltasuna eskatzea ateak ixtea baino.

Kutsadura handiko lekuetan, kanpotik sartzen den aireak jaitsi dezake gelako airearen kalitatea. Halakoetan erdibide bat bilatu beharko da COVID-19aren arriskutik babesteko eta kutsadurak dakarren arriskutik babesteko neurrien artean, betiere segurtasun baldintzak betez.

Neurriak hartuko dira airearen iragazkiak garbitzeko eta klimatizazio sistemetan aireztapenaren maila igotzeko, airea maizago berritu dadin. Ezin izango da erabili barruko airea birziklatzeko funtzioa.

Lekuak etengabe aireztatu ezin direnean, honako aireztapen arau hauek beteko dira:

4.1.1. Ikasgela, mintegi eta irakaskuntza laborategien gutxieneko aireztapena

Eskolek izan ditzaketen iraupen desberdinak aintzat hartuta, aireztatzeko tarteak gutxienez hamar minutukoak izango dira.

Lokalak aireztatzeko, ireki daitezkeen leiho eta ate guztiak zabaldu beharko dira.

Proposatzen dugun eskema 50, 80 eta 110 minutuko eskoletarako da.

Une bakoitzean irakasten dagoen irakaslearen erantzukizuna izango da ikasgela aireztatzeko baldintzak eta denborak bete daitezen bermatzea.

Eskolen arteko tartean ikasleak ikasgelaren barruan geratu ahal izango dira, baina aireztatze programa bete egin beharko da edozelan ere.

Ezin izango dira erabili, inola ere, aireztapen naturalik edo mekanikorik ez daukaten ikasgela, mintegi, laborategi, tailer edo lokalak, non eta aurretik ez den egiten azterlan bat haiek erabiltzeko baldintzak ebaluatu eta zehazteko.

4.1.2. Irakurketa gelen gutxieneko aireztapena

Irakurketa geletako langileak saiatuko dira gela horien gutxieneko aireztapena bermatzen: gutxienez hamar minutu lokala jendearentzat zabalik dagoen ordu bakoitzeko.

Ezin izango dira inola ere erabili aireztapen naturalik edo mekanikorik ez daukaten irakurketa gelak.

4.1.3. Eraikinetako espazio komunen gutxieneko aireztapena

Atezainek, administrazio arduradunaren jarraibideei men eginez, edo bestela Arkitektura eta Lanen Zerbitzuak emandakoei, aireztatuta izango dituzte espazio komunak (korridoreak, banalekuak, eskailerak etab.), horretarako leihoak, ateak edo kanporako bestelako irteerak zabalduz, ahal den guztietan.

Eraikina zabalik dagoen orduetan bermatu beharko da eremu komunak aireztatuta daudela. Honako eskema honi jarraitu beharko zaio, leiho motaren araber:

Ikastegiko administrazio arduradunari dagokio korridoreak aireztatzeko programazio egokia egitea eta betearaztea, eta bermatzea jendea ez dela pilatzen bertan.

Atezainek goitik irekitzen diren leiho guztiak zabalduko dituzte, eta gainerako leihoak, berriz, zehaztutako programaren arabera itxi/zabalduko dituzte.

Orduen arabera, garbitzaileek eta segurtasuneko langileek ere itxi ditzakete leihoak.

4.1.4. Bulegoen eta administrazio lokalen gutxieneko aireztapena

Administrazio espazioak zabalik dauden orduetan bermatu beharko da aireztatuta daudela, honako eskema honen arabera:

Bulegoen erabiltzaileen eta zerbitzuetako arduradunen betebeharra da aireztatze tarteak betetzea.

4.1.5. Ikerketa laborategien gutxieneko aireztapena

Ohi baino are sarriago aireztatuko dira, eta leihoak ahalik eta denbora gehienean edukiko dira zabalik.

Irakasle-ikertzaileen eta laborategien erabiltzaileen betebeharra da aireztatzeko denbora tarteak betetzea.

Okupazio handiko espazioak izaten ez badira ere, beharrezkoa izanez gero, CO2aren kontzentrazioa neurtuko da.

4.1.6. Jantokien aireztapena

Aireztatzeko modu naturala daukaten jantokietan leihoak eta ateak zabalik egongo dira espaziook jendearentzat zabalik dauden orduetan gutxienez, aireztapen gurutzatua egon dadin lokaletan.

Aireztapen natural edo mekanikorik ez badute, jantokiak edo uneren batean jan-edateko erabiltzen diren bestelako lokalak ezin izango dira inolaz ere erabili.

4.1.7. CO<sub>2</sub> kontzentrazioa neurtzeko probak ikasgeletan, mintegietan eta laborategietan

Aireztapen naturala faktore askoren menpe dago. Beraz, zalantzaren bat izanez gero, ongi egiten ari den egiazta daiteke CO2aren neurketen bidez.

Ez da beharrezkoa ikastegi guztiek CO2aren neurgailuak erostea. Zalantzarik badago aireztapena ondo egiten ari den, CO2aren neurgailuak erabil daitezke noizean behin edo aldizka neurketak egiteko, hori lagungarria izan baitaiteke ikasteko nola egin behar den aireztapena airea ondo berritzeko.

Gai horri buruz zalantzarik izanez gero, harremanetan jarri Prebentzio Zerbitzuarekin.

5. Azalerak eta espazioak garbitzea eta desinfektatzea

Garbiketa lanetan arreta berezia jarriko da erabilera komuneko gunetan eta gehien ukitzen diren azaleretan, hala nola ateetako helduleku, mahai, altzari, baranda, lurzoru, telefono, pertxa eta antzeko beste elementu batzuetan, eta desinfektatzaileak erabiliko dira, esate baterako, lixiba diluzio (1:50) prestatu berriak edo merkatuan diren eta Osasun Ministerioak baimendu eta erregistratu dituen beste desinfektatzaile antibiriko batzuk. Produktu horiek erabiltzean, etiketaren argibideei jarraitu beharko zaie. Garbiketa bakoitzaren ondoren, erabilitako materialak eta babes ekipoak desinfektatuko dira edo modu seguruan botako dira, eta gero eskuak garbitu beharko dira.

Uniformeak edo laneko arropa erabiliz gero, aldizka garbitu eta desinfektatu beharko dira, ohiko prozedurari jarraituta.

Unibertsitateko espazioak egunean behin garbituko dira, gutxienez, eta maizago, asko erabiltzen diren espazioak, esate baterako, komunak (gutxienez, egunean hiru aldiz garbituko dira), eta goiz eta arratsaldez erabiltzen diren ikasgelak (egunean bi aldiz garbituko dira gutxienez).

Halaber, garbitasun neurriak ezarriko dira langileen eremu komun eta pribatuetan eta lanpostuetan, hala nola aldagela, armairu, komun, sukaldeetan eta atsedenerako lekuetan. Era berean, pertsona batek baino gehiagok partekatutako lanpostuak garbituko eta desinfektatuko dira, erabilera edo txanda bakoitzaren amaieran, eta arreta berezia jarriko da altzarietan eta manipulatu daitezkeen beste elementu batzuetan, batik bat pertsona batek baino gehiagok erabiltzen badituzte.

Ikasgelak goizez edo arratsaldez bakarrik erabiltzen badira, nahikoa izango da egunean behin garbitzea, altzariak barne (mahaiak eta ukitzen diren gainerako azalerak). Bi txandetan erabiltzen badira, txanden artean garbitu, desinfektatu eta aireztatu beharko da ikasgela.

Garbitasuneko produktuak erabiltzean, aireztapena egokia dela ziurtatuko da, ikasleek edo langileek lurrun toxikorik arnastu ez dezaten.

Pertsona guztiei eskatuko zaie garbi edukitzeko beren objektu pertsonalak (telefonoa, gailu elektronikoak…) eta besteekin partekatzen dituzten objektuak eta gainazalak.

6. Hondakinak kudeatzea

Zaborrontziak mantenduko dira, ahal dela tapa eta pedala dutenak, paper zapiak eta erabili eta botatzeko beste material batzuk jasotzeko (maskarak, latexeko eskularruak etab.). Zakarrontzi horiek maiz garbituko dira; egunean behin, gutxienez.

Neurri hauei gehitu beharko zaizkie eskolarik gabeko aldi baten ondoren ikastegi bat berriro irekitzean ohikoak izaten diren garbitasun eta higiene neurriak.

Hondakin arrunten kudeaketa beti bezala egingo da, hondakinak gaika bereizteko protokoloak errespetatuz.

Higiene pertsonaleko material guztia (maskarak, eskularruak, etab.) errefusera bota behar da (gaikako bilketak egin ondoren geratzen den etxeko hondakinen multzoa), edo horretarako propio jarritako edukiontzi berezietan.

Ikasle batek edo langile batek sintomak baditu unibertsitateko ikastegi batean dagoenean, bere zapiak edo bestelako produktuak utzi dituen edukiontzia isolatu egin beharko da. Zabor poltsa hori atera eta beste zabor poltsa batean sartu beharko da, hori itxi, eta errefusaren ontzian utziko da.

7. Kasuak kudeatzea

UPV/EHUk COVID-19 arduradun bat izendatu du, eta UPV/EHUren ikastegi/atal/eraikin bakoitzean COVID-19 arduradun bat izendatu da.

7.1. Protokoloa

7.1.1. Zer egin kasu susmagarri edo baieztatu bat agertuz gero

Ezingo dira joan ikastegira edo lantokira pertsona hauek: COVID-19aren sintomak dituztenak; gaixotasuna diagnostikatuta izanik, dagokien isolamendu aldia amaitu ez

dutenak; COVID-19aren sintomak dituen edo diagnostikoa duen pertsona baten kontaktu estua izateagatik etxeko konfinamenduan daudenak; eta diagnostiko proben emaitzen zain daudenak.

SARS-CoV-2 bidezko infekzio kasu susmagarritzat hartzen da honako hau: bat-batean agertutako arnas infekzioaren koadro kliniko bat duen pertsona, larritasuna edozein dela ere, eta sintomen artean, sukarra, eztula eta arnas estua dituena. Beste sintoma ezohiko batzuk ere izan ditzake, hala nola odinofagia (irensteko zailtasuna), anosmia (usaimen eza) ageusia (dastamen eza), giharretako mina, beherakoa, min torazikoa edo zefalea, eta irizpide klinikoaren arabera SARS-CoV-2 bidezko infekzioa izatearen susmopean dauden beste batzuk.

Baieztatutako kasutzat hartzen da PCR baten bidez (edo beste edozein teknika molekularren bidez) edo diagnostiko serologiko baten bitartez mediku baimendu batek infekzioa diagnostikatu dion edozein pertsona (sintomatikoa edo asintomatikoa izan).

Sintomaren bat duen unibertsitateko kide orok bere etxean autoisolatu behar du (lanera, ikastegira edo ikerketa zentrora joan gabe), eta bere osasun zentroarekin harremanetan jarri behar du, ahalik eta lasterren; horrez gain, bere egoeraren berri emango dio saileko zuzendariari, irakasle-ikertzailea izanez gero, zerbitzuburuari, AZPko langilea izanez gero, edo ikastegiko dekano/zuzendariari, ikaslea izanez gero. Jakitun jarri beharko dira, halaber, ikastegi/atal/eraikineko COVID-19 arduradunak Uneoro lagunduko dute “kontaktu estuen” eta erakunde akademikoaren barruan egon daitezkeen balizko infekzio iturrien bilaketan.

Ikasle batek COVID-19arenak izan daitezkeen sintomak dituenean, unibertsitateko ikastegiko isolamendu gela batera joateko eskatuko zaio (ongi aireztatuta egongo da eta, gutxienez, pedaleko zaborrontzi bat edukiko du poltsarekin, maskara eta paper zapiak botatzeko), eta maskara kirurgiko bat jarriko zaio. Berarekin dagoen pertsonak FFP2 maskara bat jantzi beharko du, balbula gabea.

Sintomekin hasi den pertsonak lehen arretako osasun zentrora deitu beharko du telefonoz.

Sintomekin hasi den pertsona irakasle-ikertzailea edo AZPko langilea bada, unibertsitateko lan arriskuen protokoloei jarraituko zaie. Sintomak dituen pertsonak telefonoz deitu beharko du bere osasun zentrora edo Prebentzio Zerbitzura.

Ikasle bat kasu baieztatua bada, bere osasun zentroak emandako jarraibideak bete beharko ditu. Ikaslea ezin izango da ohiko jardun akademikora itzuli, harik eta lehen arretako medikuak baimena ematen dion arte.

Langileek lehen arretako medikuak emandako alta izan beharko dute lanera itzuli ahal izateko.

Langileen esposizioaren balorazioa kasu bakoitzaren arriskuaren ebaluazio espezifikoaren arabera egingo da, SARS-CoV-2rekiko esposizioari aurre egiteko laneko arriskuen prebentzio zerbitzuentzat ezarritako Prozeduraren arabera

Osasun publikoko zerbitzuak, Prebentzio Zerbitzuarekin batera, baloratuko du ea ikastegiko langileak (irakasle-ikertzaileak eta AZPko langileak) baieztatutako kasuaren kontaktu estutzat hartu behar diren, hartutako prebentzio neurrien eta egindako jardueren arabera.

Osasun agintariek estu gisa identifikatutako kontaktuen jarraipen aktiboa egingo dute, eta pertsona horiek etxean egon beharko dute berrogeialdia egiten, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren COVID-19 Zaintza Epidemiologikorako Protokoloan zehaztutakoaren arabera. PCR probak ere egingo dira, osasun publikoko agintariek ezarritako protokoloetan jasotakoaren arabera.

Behin kontaktuak aztertu eta kontaktu estutzat hartutako pertsonei berrogeialdia ezarrita, irakaskuntza jarduerek normaltasunez jarraituko dute, prebentzio neurriak zorroztuz eta zaintza pasiboa eginez.

Edonola ere, kontuan hartuta alde handia dagoela ikasle kopuruan irakasgaien artean (eta irakasgai bakoitzeko taldeen artean), tipologian (teorikoak, praktikoak, mintegiak, laborategiko lana etab.) eta batzuek espezifikotasun eta eskakizun bereziak dituztela, ikastegi bakoitzak planteamendu hau moldatu ahal izango du eta zorrotzago jokatu, egoki baderitzo osasun arriskuak prebenitzeko.

Isolamendu egoeran dagoen ikasleak dagokion irakaskuntza jasoko du modu ez-presentzialean, irakasgai bakoitzaren idiosinkrasia eta espezifikotasunak aintzat hartuta betiere. Ikastegiak zainduko du isolamenduan dagoen ikasleak eta berrogeialdia bete behar duten kontaktu estuek matrikulatuta dauden irakasgaien irakaskuntza jasotzen dutela.

COVID-19a duen ikaslea kanpoko praktika akademikoak egiten ari bada, ikastegiak edo unibertsitateak egoera jakinaraziko diote praktikak egiten ari diren enpresari, administrazioari edo erakundeari.

7.1.2. Zer egin hainbat kasu agertuz gero

Agerralditzat hartzen da infekzio aktiboa duten hiru kasu edo gehiago ematen badira eta horien artean lotura epidemiologiko bat ematen bada.

Ikastegietan COVID-19 kasuen agerraldiak leku askotan eman daitezke. Kasuen arteko lotura dagoenean, agerraldi bat eman dela kontsidera daiteke.

Hiru egoera eman daitezke:

  1. Agerraldi kontrolatuak edo kasu esporadikoak. Transmisio kateak ongi definituta badaude.

    Egoera hori talde bakar batean eman daiteke, edo, aldi berean, independenteak diren hainbat taldetan. Talde bakoitzerako kontrol jarduera espezifikoak adieraziko dira, ohiko kontrol neurriak inplementatuz: kasuen isolamendua, eta talde edo ikasgela bakoitzaren kontaktuen identifikazioa eta berrogeialdia.

  2. Agerraldi konplexuak edo transmisio komunitario esporadikoa. Transmisio kateak identifikatzeko zailtasunak ematen badira edo hainbat adar agertzen badira, non kasu bat baino gehiago sortzen diren.

    Egoera hori hainbat talde edo ikasgelatan kasuak detektatzen direnean ematen da, taldeen artean nolabaiteko transmisio maila egonda, birusa unibertsitateko ikastegian nola sartu den albo batera utzita. Horrelakoetan, kasuen arteko harremana aztertuko da, eta neurri osagarriak hartzeko aukera baloratuko da, hala nola berrogeialdia bete behar duten taldeak handitzea, eta ikasgelak edo lerroak ixtea.

  3. Kontrolik gabeko transmisio komunitarioa. Unibertsitatean kontrolik gabeko transmisioa gertatzen denean, kasu askorekin.

    Osasun publikoko zerbitzuak arriskuaren ebaluazio bat egingo du, transmisio prozesuak non gertatzen diren aztertuta; hartara, neurriak areagotzeko beharra aztertuko du, eta, azken aukera gisa, ikastegia edo arlo bat behin-behinean ixteko aukera baloratuko du.

Agerraldi horiek kontrolatzeko neurriak modu proportzionalean inplementatuko dira, lehen definitutako agerraldi mota bakoitzari dagokion arrisku mailaren arabera.

Handia bada gaixotutako ikasleen (edo unibertsitateko beste kideen) kopurua, ikastegi baterako hartzen diren erabaki guztiak elkarrekin hartu beharko dituzte unibertsitateko arduradunek, ikastegiko arduradunek, UPV/EHUko COVID-19 Zaintza Batzordeak eta osasun politikaren eta unibertsitate politikaren arduradunek. Unibertsitate osoari eragiten badio agerraldiak, erabakia elkarrekin hartu beharko dute unibertsitateko arduradunek, UPV/EHUko COVID-19 Zaintza Batzordeak eta osasun politikaren eta unibertsitate politikaren arduradunek.

7.1.3. Zer egin baieztatutako kasuen kontaktu estuen kasuan

Oro har, maila komunitarioan, kontaktu estutzat hartuko da kasu baten leku berean egon den pertsona oro, 2 metrotik beherako tartean egon bada eta 24 orduan guztira 15 minutu baino gehiago igaro baditu, maskara etengabe eta zuzen erabili gabe.

UPV/EHUko langileen edo ikasleen artean kasu bat baieztatzen bada, haren kontaktu estuak identifikatzen eta jakinarazten lagunduko da, osasun arduradunen lankidetzaz betiere, eta haren zainketa aktiboa egingo da.

Osasun agintariek estu gisa identifikatutako kontaktuen jarraipen aktiboa egingo dute, eta pertsona horiek etxean egon beharko dute berrogeialdia egiten, Osasun Sailaren COVID-19 Zaintza Epidemiologikorako Protokoloan zehaztutakoaren arabera.

Baieztatutako kasu baten kontaktu estuak diren unibertsitateko kideek osasun agintariek aipatutako protokolo horretan ezarritako jarraibideak eta protokoloak bete beharko dituzte. Era berean, egoeraren berri eman beharko diote Saileko zuzendariari, irakasle-ikertzaileak izanez gero, zerbitzuburuari, AZPko langileak izanez gero, edo ikastegiko dekano/zuzendariari, ikasleak izanez gero. Kasu guztiak jakinaraziko zaizkie, halaber, ikastegi/atal/eraikineko COVID-19 arduradunei.

Kasu baten kontaktuen miaketa azkar eta erraz egin ahal izateko eta analisia eta jarduerak errazteko, ikastegiari, modu antolatuan eta eskuragarrian, informazio hau jasotzea gomendatzen zaio.

  • Maila/talde bakoitzaren ikasleen zerrenda.
  • Ikasgela, tailer, laborategi bakoitzeko ikasleen zerrenda, haien kokalekua (non esertzen diren), egiten diren jardueren arriskuaren balorazioa (kontaktu edo hurbiltasun gehiago eskatzen duten tailer edo praktikak) eta haien telefonoak (mugikorrak), ahalik eta lasterren jarduteko, eta kasu baten agerpenaren aurrean kontaktu estuak identifikatzeko lagungarria izan daitekeen informazio guztia.

Une oro zaindu beharko da susmagarriak diren edo baieztatu diren kasuen identitatearen eta datuen isilpeko tratamendua.

 

7.1.4. Zer egin noizean behingo kontaktuen kasuan

Kasu susmagarriekin izandako noizean behingo edo zeharkako kontaktuak (beste pertsona batzuen bidez) ez du prozedura berezirik eskatzen, batez ere segurtasun tarteari eta norbanakoaren prebentzioari lotutako arauak bete badira. Gomendatzen da oinarrizko prebentzio neurriak zorroztea eta zaintza pasibo bat egitea, sintomen agerpena kontrolatzeko.

7.1.5. Fakultate, eskola eta institutuak

Ikastegi eta institutuetako dekanoak eta zuzendariak, ikerketaren arloko errektoreordea, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea, eta campusetako errektoreordeak gomendio guztiak betetzen direla zaintzeaz arduratuko dira, eta beherago aipatzen diren zaintza batzordeetako kideak izango dira. Saileko zuzendarien eta zerbitzuetako buruen laguntza jasoko dute une oro, bakoitzaren jardueraren erantzukizun arloan (ikastegiak, administrazio unitateak, ikasgelak,

bibliotekak, laborategiak, mintegiak eta beste zerbitzu edo areto batzuk), bai eta arduraz jokatuko duten unibertsitateko kide guztien (irakasle-ikertzaileak, AZPko langileak eta ikasleak) kolaborazioa ere.

Kasuak agertzen direnean, dokumentu honetan jasotako ildoen arabera jardungo da, eta aintzat hartuko dira ere gerora alderdi jakinak garatzean sor daitezkeen gainerako ildo guztiak.

7.1.6. Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusia

Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian, haren ezaugarriak eta UPV/EHUko hainbat ikastegitako ikasleak hartzen dituela kontuan hartuta, jarduera espezifikoak egingo dira, kasuak agertzen direnean. Prebentzio neurriak betetzen eta aplikatzen direla arreta handiz zainduko da, eta zainketa epidemiologikoa areagotuko da, kasuak infekzioaren hasierako etapatan identifikatzeko.

Kasu bat agertzen denean, dokumentu honetan jasotako jarraibideen arabera jardungo da. Kasuekin batera bizi direnak kontaktu estutzat hartuko dira.

7.1.7. Ikasle pisuak eta unibertsitate egoitzak

Egoera horretan dauden ikasleek kasuen agerpena ikastegiko COVID-19 arduradunari jakinarazi beharko diote, ezarritako sistemaren bidez, eta kontatu estuak bilatzeko lana erraztuko dute. Egoera horietan, eskura dagoen informazio epidemiologikoaren arabera, bizikide bakoitza ikasketak egiten ari den unibertsitateko ikastegian kasuen bilaketa, zaintza eta jarraipena areagotuko dira.

7.1.8. COVID-19 aretoen garbitasuna eta desinfekzioa

COVID-19koak izan daitezkeen sintomak dituzten pertsonak egon diren unibertsitateko espazioak aireztatuko dira, eta ikastegi/eraikineko COVID-19 arduradunak egoera jakinaraziko dio dagokion garbitasun zerbitzuaren arduradunari, lantoki/ikasgela/laborategia desinfektatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzan, garbitasun enpresarekin ezarritako protokoloaren arabera.

7.2. COVID-19aren zaintza batzordeak

  1. COVID-19aren zaintza batzorde bat eratuko da, eta haren helburua izango da unibertsitate barruan eman daitezkeen COVID-19 kasuak identifikatzen eta haien jarraipena egiten laguntzea, baita unean-uneko egoera epidemiologikoaren arabera egokiak eta beharrezkoak diren kontrol eta prebentzio gomendioak eta informazioa zabaltzea ere.
  2. Batzorde horren jarduera Eusko Jaurlaritzak ezarritako kanaletatik bideratuko da, kasuen eta kontaktuen jarraipen prozesuan inplikatutako unibertsitate barruko nahiz kanpoko eragile guztien lankidetza estuarekin: Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzua, Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Hezkuntza sailak.
  3. Helburuak honako hauek dira:
    • Unibertsitateko kideen eta osasun agintarien arteko lotura egitea.
    • COVID-19 kasuen kontaktu estuak identifikatzen, bilatzen eta horien jarraipena egiten laguntzea.
    • Unibertsitateko kideen eta estamentuen artean informazioa biltzeko, zabaltzeko eta trukatzeko sistema bat eratzea.
    • Jarduera eta prebentzio gomendioen protokoloak egitea eta eguneratzea, egoera bakoitzari egokituta betiere.
    • Unibertsitateko kideen prestakuntzan kolaboratzea, infekzioaren prebentzioari eta kontrolari lotutako gaietan.
    • Hezkuntza eta osasun agintariei kasuen agerraldiak edo alerta egoerak jakinaraztea, egoera kontrolatzeko azkar jardutea beharrezkoa denean.
    • Sisteman inplikatutako erakunde, ikastegi, zerbitzu eta profesional guztiekin lankidetza estua izatea eta maiz komunikatzea.
  4. UPV/EHUko Zaintza Batzordearen osaera:
    • UPV/EHUko COVID-19 arduraduna.
    • Irakaskuntza eta Ikaskuntza Plangintzaren Jarraipen Batzordearen burua.
    • Campus arteko Segurtasun eta Osasun Batzordearen burua.
    • Hiru campusetako errektoreordeak.
    • Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazioaren arloko errektoreordea.
    • Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuaren burua.
    • Irakasle-ikertzaileak ordezkatzeko organoek hautatutako kide bat.
    • AZPko langileak ordezkatzeko organoek hautatutako kide bat.
    • Ikasleen Kontseiluko kide bat.
  5. Horrez gain, zaintza batzordeak eratuko dira ikastegietan, Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian, ikerguneetan eta campusetako gainerako eraikin guztietan.
  6. Batzorde horietako bakoitza, kasuaren arabera, honako hauek osatuta egongo da:
    • Dagokion ikastegiaren dekanoa edo zuzendaria; Ikastetxe Nagusiaren zuzendaria; ikerketaren arloko errektoreordea edo Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea; campus bakoitzaren errektoreordea.
    • Ikastegi/atal/eraikineko COVID-19 arduraduna.
    • Ikastegiko langileen ordezkari bat.

8. Langile kalteberak

Aurreko ikasturtean COVID-19aren aurrean kalteberatzat jo ziren langileak (IRIak nahiz AZPkoak) -esate baterako, hipertentsio arteriala, gaixotasun kardiobaskularren bat, diabetesa, biriketako gaixotasun kronikoren bat, minbizia edo immunodepresioa duten pertsonak- lanera itzuli ahal izango dira, baldin eta Prebentzio Zerbitzuak egoki baderitzo haien egoera klinikoa kontrolpean dagoelako, eta betiere babes neurriak zorroztasunez betez.

Prebentzio Zerbitzuaren osasun arloak jarraituko du ebaluatzen koronabirusarekiko kalteberak diren beste langile batzuen egoera berriak, eta txostenak egingo ditu prebentzio eta babes neurriak eta lanpostuetan egin beharreko egokitzapenak proposatuz, SARS-CoV-2rekiko esposizioari aurre egiteko laneko arriskuen prebentzio zerbitzuentzat ezarritako Prozeduraren arabera.

COVID-19aren aurrean kalteberak diren ikasleek ikastegira joateko aukera izango dute, haien egoera klinikoa kontrolpean badago eta prebentzio neurriak zorroztasunez beteta betiere. Beren osasun profesionalaren jarraibideak bete beharko dituzte, prebentzio neurri egokienak hartzeari dagokionez.

Arreta berezia jarriko da dibertsitate funtzionala edo hezkuntza laguntza behar bereziak dituzten ikasleengan, beharrezkoa izan daitekeelako hainbat egokitzapen egitea, hala nola laguntzeko pertsonak, bitarteko materialak eta laguntza teknikoak. Ikasle horien laguntzaileek prebentzio arau orokorrak bete beharko dituzte, gainerako pertsonekiko distantzia fisikoa mantenduz.

Ikasleek bereziki pandemia garaian bizi izandako egoera kontuan hartuko duen laguntza psikosoziala eskaintzea gomendatzen da.

9. Ikasleen eta langileen jantokiak, kafetegiak eta vending makinak

  • Ikasleen jantokiak: irekita egongo dira, osasun agintariek ezarritako neurriak une oro beteta (distantzia, maskaren erabilera, garbitasuna eta desinfekzioa), gutxieneko aireztatze baldintzak bermatzen badira betiere.
  • Langileen jantokiak: irekita egongo dira, osasun agintariek ezarritako neurriak une oro beteta (distantzia, maskaren erabilera, garbitasuna eta desinfekzioa), gutxieneko aireztatze baldintzak bermatzen badira betiere.
  • Bi jantokietan eman daitekeen gehieneko denbora lokal horiek erabiltzeko arau espezifikoetan zehaztuko da.
  • Kafetegiak: zerbitzua emateko baldintzak (ordutegiak, edukierak, segurtasun eta higiene neurriak, eskaini beharrezko zerbitzuak, etab.) agintari eskudunek egoera epidemiologikoaren arabera une bakoitzean ezarritako ildoetara egokituko dira.
  • Vending makinak: martxan egongo dira, baina kokatuta dauden gunea ongi seinaleztatuta egongo da, segurtasun tartea une oro mantendu dadin. Makina horietako produktuak kontsumituko dituzten pertsonek jende pilaketak saihestuko dituzte gune horretan.

10. Komunikazioa eta koordinazioa

Kasu bat edo agerraldi bat identifikatzen denean, ezarri beharreko jarduerei buruzko informazioa emango zaie unibertsitateko kideei; era berean, prebentzio, higiene eta osasunaren sustapenerako gomendatutako neurrien berri emango da.

Jarraituko dugu kontzientziazioa bultzatzen ikasleen, irakasleen eta gainerako langileen artean, gaixotasuna prebenitzeko eta kontrolatzeko neurriak hartzen segi dezaten, bai unibertsitatean eta bai etxean eta ingurune sozialean.

UPV/EHUk informazioa iturri ofizialen gomendioen arabera zabalduko du.

11. Neurriak eguneratzea

Lehen atalean adierazi den moduan, dokumentu hau dinamikoa da, eta une oro egokitzen joango da, osasun, lan eta hezkuntza agintariek ezarritako ildoen arabera.

Unitate eta jarduera jakin batzuetarako eguneratze, egokitzapen eta neurri espezifiko horiek UPV/EHUren webgunean argitaratuko dira.

 

Leioa, 2021eko irailaren 29a.