euskaraespañol

Gipuzkoako Campusean Etorkizuna Eraikiz kapsularen bigarren fasea hasiko da

Gipuzkoako Foru Aldundiak UPV/EHUko ikasleei parte hartzeko eta etorkizunari buruzko kezkak eta proposamenak partekatzeko gonbitea egin die

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/23

Irudia
Agustin Erkizia eta Markel Olano Etorkizuna Eraikiz kapsularen ondoan. Argazkia: GFA

Etorkizuna Eraikiz kapsulak hasiera eman dio, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gipuzkoako Campusean, joan den ekainean Donostian hasi eta Gipuzkoako hainbat eskualdetan garatu zen partaidetza-dinamikaren bigarren faseari. Herritarren partaidetza handia eta kapsulak lehen itzuli honetan bisitatu zituen udalerrietan jasotako ekarpen ugari direla eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak kapsula berriz ere eskualdeko hainbat herritara eramatea erabaki du, herritarren eskura jartzeko, Gipuzkoako gizartearen etorkizunari buruzko "proposamenak, kezkak eta ideiak"  jasotzen jarraitzeko.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean izan da, Donostian, bertan egongo da kapsula egun osoan zehar. "Proiektu honen lehen fasean bezala, ekimen honen bidez, Gipuzkoako herritarrak hausnarketa egitera eta lurraldearen etorkizunarekin konprometitzera animatu nahi ditugu. Etorkizuna Eraikiz gazteei hurbildu nahi diegu, haiek izango baitira lurraldearen etorkizuneko protagonistak ", adierazi du Olanok, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordearekin batera.

Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Etorkizuna Eraikiz etorkizuneko erronkei erantzuteko sortutako proiektua da, eta elkarlanaren gobernantza sustatzea du oinarri. Horregatik da garrantzitsua gazteen parte-hartzea, eta beharrezkoa da haiekin lotura sortzea Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeko.

Partaidetza-dinamikaren bigarren fasea amaitzean, herritarren ekarpen guztiak jasoko dira, eta ekarpen horiek kontuan hartuko dira Etorkizuna Eraikizek jorratu beharreko gaien eta ekimenen agenda publikoa eratzerakoan. Gipuzkoako campusean kokatu ondoren, hilaren 29an Pasaiara joango da kapsula, eta, ondoren, Gipuzkoako unibertsitateetara eta baita lurraldeko hainbat herrietara ere.

Kapsula unibertsitateetara, Gipuzkoako gazteen kezkak, iritziak eta iradokizunak aztertzeko hurbiltzen da. "Kapsularen oinarria herritarren parte-hartzea sustatzea da, guztion artean adostutako etorkizuneko erronkei erantzun ahal izateko; Gipuzkoako gazteengana hurbildu nahi dugu, etorkizunerako dituzten kezkak eta proposamenak gertutik ezagutzeko", adierazi du Olanok.

Ikasleen hausnarketak jaso ondoren, kapsulak bere "Tourra" jarraituko du lurraldeko beste 8 udalerritatik. Kapsula Azkoitian egongo da urriaren 7an eta Zumarragan 13an. Ondoren Bergaran jarriko dute, 20an, eta Zumaian 27an. Azaroan Elgoibarren hilaren 4an, Andoainen 10ean, Pasaian 17an eta azkenik Hondarribian 24an aurkitu ahal izango dugu kapsula.

Agustin Erkizia Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak nabarmendu duenez, “Iragana, orain eta etorkizuna uztartzeko baliagarria izan daitekeen ekimen interesgarri baten aurrean aurkitzen gara gure campusa 18 urtetik 81 urtera arteko pertsonek osatutako komunitatea baita. Kapsula honek belaunaldien arteko zubia eraikitzen lagundu dezake. Etorkizuna eraikitzen ari gara eta xede hori oinarrizko ardatz izanik, unibertsitatearen parte hartzea ezinbestekoa da.”

"Ekimen honek herritarren parte-hartzearen eta lankidetzaren garrantzia jasotzen du, lurraldearen beharrak konpontzeko. Gipuzkoa eraldaketa-prozesu bat bizitzen ari da eta aldaketa horiei denok batera erantzun behar diegu "amaitu du Olanok. Kapsula Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren barruan kokatzen da. Programa horren helburua etorkizuneko erronkei eta herritarren kezkei erantzutea da, erreferentziazko zentroen, proiektu esperimentalen eta aurrekontu irekien bidez.