euskaraespañol

Europar Batasunak kalitate zigilua eman die bi Erasmus Mundus master bateraturi, UPV/EHU parte hartzaile dela

Plentziako Itsas Estazioa da bi graduondoak koordinatzen dituen erakundea, Europako hainbat unibertsitatetan batera irakasten direnak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/08/04

Irudia

Ingurumen Kutsadura eta Toxikologiako Erasmus Mundus eta Marine Environment 2030 (MER2030) graduondokoek EAQAJP (European Approach for Quality Assurance of Joint Programmes) etiketa jaso dute, Europako Batzordeak graduondokoen kalitate eta nazioarteko profil altua azpimarratu nahi dituelarik. Bi titulu horiek Plentziako Itsas Estazioak koordinatzen ditu, eta batera irakasten dira UPV/EHUn, Bordeleko, Paueko eta Pays de l 'Adourreko unibertsitateetan (Frantzia), Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitatean eta Portokoan (Portugal).

Europar Batasunaren EAQAJP egiaztapenaren helburua da unibertsitate hezkuntzako programa bateratuen kalitatea bermatzea, Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruak (GHEE) zehaztutako estandarrak definituz, programa hauen izaera bateratu azpimarratuta, nazio mailako irizpide osagarririk aplikatu gabe.

Programa hautagai bakoitzerako, lankidetzan diharduten erakundeek autoebaluazio txosten bat aurkeztu behar dute elkarrekin. Ondoren, GHEEko hainbat erakundetako berrikusle edo aztertzaileak hautatzen dira, EAQAJP estandarrak betetzen diren ebalua dezaten. Aztertutako gaien artean honako hauek daude:

  • Hautagarritasuna: diplomak batera irakasten direla eta lankidetza akordio baten emaitza direla ziurtatu nahi da.
  • Ikaskuntzaren emaitzak: programak ikasleei prestakuntza egokia eskaintzen diela egiaztatzea.
  • Ikasketa programa: programari lotutako ikasketa planaren, kredituen eta lan kargaren berrikuspena eta ikaskuntza emaitzekiko egokitasuna.
  • Ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluazioa: ikasleei eskaintzen zaizkien metodoak eta laguntza ikaskuntzaren emaitzei dagozkiela egiaztatzea.
  • Baliabideak: Programak pertsonal nahikoa eta egokia duela eta instalazioa funtzionalak baliatzen dituela bermatzea.

Erasmus Mundus programa

Europako Batzordeak bultzatuta, Erasmus Mundus programaren helburua da Europako goi-mailako hezkuntzaren kalitatea sustatzea. Programaren ekintza nagusien artean, garrantzi eta kalitate akademiko apartarengatik hautatutako master eta doktoregoko programa bateratuei laguntzea dago. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak zortzi Erasmus Mundus master irakasten ditu, EACEA (Education, Audiovisual and Culture Executive Agency) Europako agentziaren aitortza dutela, Erasmus Mundus masterren eskaintzarik zabalena duen estatuko unibertsitateetako bat bilakatu delarik.

Programa bateratu hauek bikaintasuna dute izen eta izana, Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruaren (GHEE) bereizgarri eta, hain zuzen ere, sortzen dira ikasleen mugikortasuna bultzatzeko, elkarrekiko ikaskuntza eta lankidetza-aukerak errazteko eta bikaintasun programak osatzeko. Europako benetako ikaskuntza esperientzia eskaintzen diete ikasleei.

Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Masterra (ECT+)

Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia ECT+ masterrak prestakuntza eskaintzen du ekotoxikologia, toxikologia eta ingurumen kimikaren arloetan, osagai praktiko berritzaileekin. Programaren ardatza da kutsadura kimikoaren, organismo bizien kutsaduraren eta ekosistemen asalduren arteko elkarreraginak ulertzea. Ingurumen osasunerako arriskuen kudeaketarako espezializazioa ere irakasten da, produktu kimikoen erabilerarekin eta deuseztapenarekin lotuta, aldaketa globaleko agertoki batean.

Programaren partzuergoa:

  • Euskal Herriko Unibertsitatea (erakunde koordinatzailea)
  • Liejako Unibertsitatea (Belgika)
  • Bordeleko Unibertsitatea, Paue eta Aturriko Unibertsitatea (Frantzia)
  • Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitatea (Norvegia)
  • Portoko Unibertsitatea (Portugal)

Marine Environment 2030 (MER2030) masterra

Marine Environment (MER2030) masterreko programak kalitate handiko irakaskuntza eskaintzen du ozeanografia orokorrean, itsas ingurunean (ekologia, ekotoxikologia, biokimika, geokimika, sedimentologia, paleoozeanografia) eta itsasoko baliabide bizietan edo bizigabeetan espezializatuta. Programak itsasoko hainbat sektoretan lidergo rolak betetzeko prestatzen ditu ikasleak, hala nola ingurumenaren kontserbazioa eta kudeaketa, arrantza, gobernuz kanpoko erakundeak eta gobernu postuen maila guztiak, tokikoak zein globalak.

Programaren partzuergoa:

  • Euskal Autonomia Erkidegoa: Euskal Herriko Unibertsitatea (erakunde koordinatzailea)
  • Liejako Unibertsitatea (Belgika)
  • Bordeleko Unibertsitatea (Frantzia)
  • Azoreetako Unibertsitatea (Portugal)
  • Southamptongo Unibertsitatea (Erresuma Batua)