Euskararen erabilera esparru guztietara hedatu nahi du UPV/EHUk 2022 urterako

2018/2022 epealdiko Euskararen III Plan Gidaria onartu du Gobernu Kontseiluak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/12/20

Euskararen presentzia eta bereziki erabilera Unibertsitateko esparru guztietara hedatzea da Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen 2018/2022 epealdiko Euskararen III Plan Gidariaren helburu nagusienetakoa. Planak kontseilukideen aldeko 32 boto, eta 7 abstentzio izan ditu.

Erabilera sustatzeaz gain, euskarazko irakas-materialen eta hizkuntza baliabideen kopurua ugaritzea, euskaraz eginiko nazioarteko doktorego tesien kopurua handitzea eta UPV/EHUko euskarazko aldizkari zientifikoen eta bildumen oihartzuna zabaltzea bilatzen ditu Plan Gidari honek.

“Gurea euskaraz bizi eta euskaraz lan egiten duen unibertsitatea izatea lortu nahi dugu. Horretarako, lan eremuan eta lanetik edo ikasgelatik kanpoko eremuan gehiago erabili dadin estrategiak bultzatuko ditu. Hizkuntzarekin ditugun inertziak astinduz, hizkuntza-ohituren aldaketarako estrategiak garatuz, euskararekiko erantzukizunaren eta jokabideen inguruan hausnarketa bultzatuz eta euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortu behar dira”, adierazi du Jon Zarate Sesmak, UPV/EHU Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arkolo errektoreordeak .

Egun ia gradu guztiak bere osotasunean euskaraz ikas daitezke UPV/EHUn, hala, nahitaezko irakasgaien % 97 euskaraz irakasten da. Beraz, euskaraz eskaintzen ez diren nahitaezko irakasgai gutxi horiek euskalduntzea da UPV/EHUko Plan Gidariak finkatu duen beste helburuetako bat.

Era berean, graduondoko eta etengabeko prestakuntzaren arloko euskarazko irakas-eskaintza ere handitzeko ekimenak planteatu ditu unibertsitateak. Hala, graduondoko irakaskuntzan euskaraz ikasteko eskari handia duten master ofizialak identifikatu eta horietan euskarazko eskaintza handitzeko ahalegina egitea proposatzen du egitasmoak.

“Batetik, graduko euskarazko irakas-eskaintza handitzen jarraituko dugu, osorik euskaraz ikastea posible ez diren gradu gutxi horiek erabat euskaldundu daitezen. Euskalduntzear dauden derrigorrezko irakasgaiak izango dira gure lehentasuna, baina gradua osorik ikasteko euskaldundu behar diren hautazko irakasgaietan ere arreta jarriko dugu, noski”, nabarmendu du Zarate errektoreordeak.

Baina eskaintzaren ikuspegi kuantitatibotik haratago, euskarazko irakaskuntzaren bikaintasuna bilatzen du Plan berriak eta horretarako ekimen sorta bat abiaraziko du. Eta horretaz gain, euskaraz eginiko ikerketaren oihartzuna eta balioa handitzeko nazioartera zabaltzeko egitasmoak bultzatuko dira.

Azkenik, Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren kasuan, UPV/EHUn euskaraz zerbitzua eskaini eta lan egingo dela bermatzeko helburuarekin, unitate administratiboetan derrigortasun-daten ehunekoak handitu beharko dira eta lanpostuetako hizkuntza-eskakizun mailak zehaztu beharko dira, hizkuntza-eskakizun bakoitzak ematen dituen gaitasun eta trebetasunak kontuan hartuz.