euskaraespañol

Ezagutzaren zirimiriak Bilbo zientziaz blai utziko du

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2022/09/12 Noiz arte: 2022/09/30 10:00 - 20:00

Kokapena

Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Erakusketa ibiltariak, zientzia eta umorea zorroztasunez uztartzen dituzten ikuskizunak, zuzeneko musika-emanaldiak, haurrentzako tailerrak eta askoz ere gehiago. Aurtengo irailean ezagutzaren zirimiriak Bilbo zientziaz blai utziko du. Bilbo Zientzia Plaza (BZP) jaialdiaren bosgarren edizioaren eskutik, Bizkaiko hiriburua estatu mailako dibulgazio zientifikoaren erdigune bihurtuko da aurten ere, irailaren 12tik 30era bitartean.

UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako jaialdiak zortzi ekitaldi eskainiko ditu guztira -Ciencia Show, Naukas Pro, Naukas Bilbao, Naukas Kids, Bidebarrieta Zientifikoa eta “Ibilaldi bat nanomunduan barrena”, “Naukas Bilbao 2022” eta “Zientzia kalean” erakusketak- jarduera zientifikoaren gaurkotasunarekin lotutako hainbat gai askotariko erregistro eta formatuen bitartez jorratzeko asmoz, hitzaldiak, ikuskizunak eta erakusketak kasu. Ekitaldi guztietarako sarrera librea eta doakoa da, aforoa bete arte. Ekitaldiei buruzko informazio guztia jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke: bzp.eus.

Aurtengo edizioko berritasunetako bat zientzia-jardun profesionalari buruzko hainbat ikuspegi erakustea xede duen Naukas Pro jardunaldiaren eskutik etorriko da ostegun arratsaldean, hilak 15, Euskalduna Jauregiko Auditoriumean. Aurten, ekitaldiak ikuspegi gehigarria izango du, Nazio Batuen 2030eko Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) erreparatuta. Zientziaren arloko hainbat pertsona ospetsuk, Martina García Aísa ekonomialariak (OCDE) eta Marta Olazabal ikertzaileak (BC3) kasu, pobrezia desagerrarazteko eta hiriak klima-aldaketara egokitzeko politika publikoei buruzko ikerketak azalduko dituzte, hurrenez hurren. Gainera, jardunaldian Eneko Axpe (NASA) fisikariak ere parte hartuko du, elikagai alternatiboei buruz hitz egiteko.

Zientziaren zirimiria Bilbon

Jaialdiaren barruan, gaztelaniaz antolatzen den zientzia-dibulgazioko ekitaldirik handiena itzuliko da, Naukas Bilbao, izan ere, iaz hamargarren urteurrena ospatu ondoren, programaren izarra izango da berriz ere hamaikagarren edizioan. Publikoak zientziaren munduko pertsona ezagunak bertatik bertara entzuteko aukera izango du; esaterako, Margarita del Val birologo, immunologo eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko ikertzailea, birusak, aldaerak, txertoak eta osasun globala izango ditu hizpide egingo zaion elkarrizketan.

Era berean, beste hainbat berritasunen artean, Radio Euskadin “La Mecánica del Caracol” zientzia-dibulgaziorako irratsaioaren zuzendariak, Eva Caballero kazetari zientifikoak, ohiko rola baztertu eta lehengo aldiz Naukas Bilbaoko agertokira igoko da amatasunaz hitz egiteko.

María Martinón mediku, paleontologo eta CENIEHko (Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionala) zuzendariak ere parte hartuko du, Afrikako lehen giza-ehorzketari buruz egin berri duen ikerketari esker, Nature aldizkari ospetsuaren azkenaldiko azaletako baten protagonista bihurtu da.

Bestalde, Luis María Escudero matematikaria, Sevillako Unibertsitateko Biologia Zelularraren Saileko irakasle titularra eta ehun bizidunei aplikatutako eskutoideak deritzen forma geometriko berrien aurkitzailekidea, eulia ereduzko organismo dela frogatzen saiatuko da, gizakiengan gertatzen diren hainbat prozesu aztertu ahal izateko.

Almudena M. Castro fisikaria eta musikaria Euskalduna Jauregiko Auditoriumera itzuli da eta, bere hitzaldian, hainbat argudio erabiliz frogatuko du zergatik izan den musika, arte guztien artean, Pitagoras matematikariarengan, Isaac Newton fisikariarengan, Galileo Galilei astronomoarengan eta beste hainbat zientzialariengan eraginik handiena izan duena.

​​Ekitaldi hau Euskalduna Jauregiko Auditorioan egingo da irailaren 16 eta 17an, eta horren barruan, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Ciencia Clip zientziari buruzko bideo-lehiaketako sariak banatuko dira. Horien artean, epaimahaiaren sari berezien irabazleak iragarriko dira. Lehiaketaren irabazleek bidaia bat lortuko dute CERNera, Genevan (Suitza) kokatuta dagoen munduko fisika-laborategirik handienera.

Modu presentzialean zein streaming bidez

Bilbo Zientzia Plazako jarduera guztietarako sarbidea doakoa eta librea izango da. Horrez gain, Naukas Pro zein Naukas Bilbao 2022ko hitzaldietara joaterik ez dutenek zuzen-zuzenean ikusi ahal izango dituzte streaming bidez EITBren ‘Kosmos EITB’ kanalean, Kultura Zientifikoko Katedrarekin sinatua duen hitzarmenari esker. Hitzaldiak EITBren ‘Nahieran’ plataforman ere egongo dira. Bestetik, Bidebarrieta Zientifikoko hitzaldia streaming bidez ikusi ahal izango da KulturguneaTB kanalaren bitartez.

Bilbo Zientzia Plaza 2017an sortu zen Bizkaia Zientzia Plaza izenarekin, dibulgazio zientifikoaren arloko erreferentziazko jaialdi bihurtzeko asmoz, eta horretarako, dibulgatzaile nagusiak entzuteko eta ikerketa-zentroetan egiten den lana ezagutzeko aukera eskaintzen du, zientzia jende guztiarentzako tresna eskuragarri eta dibertigarritzat aurkeztuz. Normalean 20 000 pertsona inguru bildu ohi dituen ekitaldi honen bosgarren edizioa ospatuko da aurten, Bilbo Zientzia Plaza izena daraman lehenengoa alegia, eta zortzi jarduera eskainiko ditu guztira, erakusketak, hitzaldiak eta Naukas Bilbao bezalako zientzia-dibulgaziorako ikuskizunak tarteko.