FotoVoz Bilbao: hiru auzok elikadurarekin nolako harremana duten azaldu dute

UPV/EHUko partaidetzazko ikerketak, Euskadin egindako lehena eta estatuan egindako bigarrena bera, Deustuko, Uribarriko eta San Frantziskoko ohiturak erakusten ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/02

Biztanleek eurek aztertu dituzte euren elikadura. (Argazkia: Zelai Garcia)

Bilboko Deustu, Uribarri eta San Frantzisko auzoetako bizilagunek egindako 110 argazkik auzotarron elikadura ohiturak erakusten dituzte, Fotovoz Bilbao proiektuaren bitartez. Proiektu horren helburua da, hain zuzen ere, osasunarekin eta elikadurarekin lotutako inguruneko faktoreak diagnostikatzea. Euskadin egin den partaidetzazko lehenengo esperientzia da, eta estatuko bigarrena. Leyre Gravina UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle eta ikertzaileak zuzentzen du proiektua.

Fotovoz proiektua UPV/EHUko Erizaintzako eta Osasunaren Sustapeneko Ikerketa Taldeak abian jarri duen ‘Nire Osasun Auzoan’ programaren barruan dago. Leyre Gravina taldearen koordinatzailearen hitzetan, “helburua da herritarrek parte hartzea eta euren komunitatearen ahulgune eta indarguneak zein diren jakitea, eta, hala, norbanakoen, familien eta komunitateen bizi kalitatea hobetuko duten soluzio praktikoak eman ahal izatea”.

Deustuko, Uribarriko eta San Frantziskoko bizilagunek parte hartu dute ikertaldearen azken jardueran, eta Osakidetzak, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere lagundu dute. Fotovoz Bilbao hiru auzo horietan egin da, maila sozioekonomiko desberdinak dituztelako (altua, tartekoa eta baxua, hurrenez hurren).

Ikerketa taldeak partaidetzan oinarritutako metodologia kualitatiboa erabili du, berria Osasungintza Publikoaren arloan. Orain arte Madrilen eta Bilbon besterik ez da aplikatu, eta hasia da Bartzelonan ere erabiltzen. Bilbon, biztanleek eurek aztertu dituzte auzoak: euren elikadura inguruneari argazkiak atera dizkiote, argazkiak kategorizatu dituzte, ondorioak atera dituzte eta hobetzeko proposamenak egin dituzte. Leyre Gravinak zuzentzen duen taldea arduratu da parte hartu duten pertsonak bideratzeaz eta auzoen kezkak transmititu eta zabaltzeaz.

Lan horren emaitza gisa, FotoVoz Bilbao liburua argitaratu da, non bizilagunen gai eta argazkietako batzuk jasotzen baitira. Zelai García argazkilariak ere lagundu du argazkiak kategorizatzen, eta hark diseinatu du argazki liburua, zein webgunea honetan: www.mibarriosaludable.com/eu/ eskuragaia den. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Sorkuntza eta Diseinua Gradua egin zuen Garcíak.

Ikerketak aurrera egin ahala, auzo bakoitzak bere ñabardurak erakutsi zituen argazkien bidez. Deustuko irudiek, kasurako, elikagai establezimenduekin lotuta sortzen diren harreman sozialak erakusten dituzte; Uribarrin, prekaritatea eta ohitura txarrak dira erretratuen ardatzak; eta San Frantziskon, azkenik, kultur aniztasuna eta merkatuaren eraldaketa. Ikerketa lanaren harira, auzotarren kezkak eta beharrak ere azaleratu dira: Deustun, ingurune fisikoa hobetzea gomendatzen dute; Uribarrin, baldintza sozialak, jateko ohiturak eta ingurune fisikoa hobetu daitezela eskatzen dute; eta San Frantziskon, bestalde, egoera sozioekonomikoa aldatu nahi dute.

Ondorioak

“Ekintza hauekin –esan du Gravinak‑, hiri inguruneak biztanleen bizi ohituretan nola eragiten duen aztertu nahi dugu, ohiturek haien osasunean nolako eragina duten jakin, eta auzo bakoitzeko arazoen irtenbideak aurkitu”. Proiektuan parte hartu dutenek sei alderdi sozialen inguruan antolatu dituzte irudiak: ohitura txarrak, kultur aniztasuna, merkatuaren eraldaketa, harreman sozialak, prekaritatea eta ohitura osasungarriak.

Ohitura txarren artean, hiru taldeek onartzen dute azukre asko eta sarri kontsumitzen dutela eta, gainera, sari gisa erabiltzen dela, batik bat haurrekin. Horrekin batera, diru sarrera txikienak dituzten eremuetan, nabarmentzen dute haurrek janari laster asko kontsumitzen dutela. Jateko modu horri aurre egiteko, ariketa fisikoa bultzatuko duten jarduera komunitarioak sustatzea proposatzen dute.

Kultur aniztasunak eta atzerritarren presentziak ere aldarazten du auzo bakoitzeko elikadura. Denda batzuetan kanpoko produktuak saltzen dira; horren ondorioz, produktuok gehiago kontsumitzen dira, eta, era berean, kolektibo desberdinen arteko komunikazio kulturala hobetzen da, batik bat elkarren arteko beldurra desagertzen denean.

Merkatuaren eraldaketari dagokionez ere ikuspegi desberdinak erakutsi dituzte auzo bateko eta besteko bizilagunek. Maila sozioekonomiko apala duten auzotarrentzat, bazar dendak areagotzea kezkagarria da; erdi mailako auzo batean bizi direnentzat, berriz, garrantzitsua da askotariko dendak eta merkatuak egotea eta handizkako merkatariak eta txikizkakoak elkarrekin bizitzea, eta ontzat jotzen dituzte denda txikiak eta familiarrak. Ahalmen sozioekonomiko handiagoa duten bizilagunek beste kezka batzuk dituzte: farmazia edo supermerkatuetan elikadura osagarriak saltzea eta horien efektu osasungarriari buruzko iruzurrezko publizitatea egitea.

Hausnarketa prozesuetan parte hartu dutenen iritziz, janaria ospakizunetako funtsezko elementua da, harreman sozialak sustatzeko oso modu ona. Ildo horretatik, ‘pintxo-pote’ efektua nabarmentzen dute, baina zalantzan jartzen dute ohitura osasungarria ote den. Sozializatzeko bigarren elementu gisa, San Frantziskon eta Uribarrin gastronomia jaialdiak azpimarratu zituzten; azaldu zutenez, belaunaldien eta kulturen arteko harremana bultzatzeko aukera dira, baina ez daude jaialdiotan kontsumitzen den alkohol kopuruaren alde.

Hiru auzoek ikuspegi desberdinak dituzte beren premiei dagokienez. Maila sozioekonomiko apaleneko auzoa kezkatuta dago prekaritateaz, pobreziaz eta horrek guztiak etxebizitzetan eta kalean dituen ondorioez, eta agintariei eta alderdi politikoei inplikazio handiagoa eskatzen die. Tarteko maila ekonomikoa dutenek haurren eta hirugarren adinekoen babesean jartzen dute arreta, eta maila sozioekonomiko ona dutenentzat, berriz, zaborra eta zaborraren kudeaketa oso garrantzitsua da.

Azkenik, ohitura osasungarriei dagokienez, guztiek azpimarratu zuten beharrezkoa dela elikagai freskoak eta kalitate onekoak edukitzea. Deustun, esaterako, fruta eta barazki asko jaten dute, bizilagunen esanetan; Uribarrin, bestalde, auzoko merkatuetan erosten dute, eta horrek sozializatzen laguntzen die; eta San Frantziskon, berriz, bertako jatetxeen kalitatea eta haien tratua eta ematen duten janari osasungarria nabarmentzen dituzte. “Janari merkeagoa eta kalitatezkoa eros daiteke; are, beste auzo batzuetako bizilagunak ere bertako supermerkatuetara jotzen dute”, diote auzotarrek.