euskaraespañol

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 5.750.000 euroko laguntzak onartu ditu ikerketarako

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/05

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak gaur, ekainaren 5ean, Carlos Santamaría Zentroan, Donostian, egin duen Gobernu Kontseiluan ikerketarako laguntzak emateko hainbat deialdi onartu ditu, eta guztira 5.750.000 euro emango dira.  

Zehatzago esanda, ikertaldeei laguntzak emateko lehenengo deialdian 300.000 euro bideratuko dira ikertalde berrien sorrera bultzatzeko –kideak gazteak izaten direnez ez dira heltzen bikaintasun mailara– eta, era berean, sustatzeko talde horien lehiakortasuna eta elkarlanean jardun dezatela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile eta enpresekin. 

Bigarren deialdiaren helburua da bultzatzea doktoreen prestakuntza, eta horretarako prestakuntza bidean dauden ikertzaileak kontratatuko dira, batez ere unibertsitatearentzat estrategiakoak diren arloetan. Horrez gain, sustatuko du nazioartekotzea eta euskarazko ekoizpen zientifikoa, eta ikerketa harremanak sendotuko ditu Euroeskualdeko Nazioarteko Bikaintasun Campusaren barruan, Bordeleko Unibertsitatearekin eta Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatearekin batera eratuan. Deialdiaren barruan lau modalitate daude prestakuntza bidean dauden doktorego aurreko ikertzaileak kontratatzeko: lehenengoa, orokorra; bigarrena, tesiak euskaraz egitekoa; hirugarrena, tesiak Bordeleko Unibertsitatearekin tutorekidetzan egitekoa; eta  laugarrena, azkenean, tesiak Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatearekin tutorekidetzan egitekoa. Guztira 5.450.000 euro emango dira, 60 laguntzatan banatuta. 

Kontseilua egin ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea den Eva Ferreirak laguntza horien balioa azpimarratu du. “Horien bidez” nabarmendu du, “oso alderdi desberdinetako ikerketa bultzatzen dugu: lehenik, gazte akademikoak suspertzea, beren ikerketa-ibilbidearen hasieran; bigarrenik, euskarazko ikerketa bultzatzea; eta, hirugarrenik, nazioartekotzea eta beste unibertsitate batzuekiko lankidetza sendotzea. Ekintza hau, beraz, guztiz bat dator gure Plan Estrategikoan ezarri ditugun helburuekin”.