euskaraespañol

Inger Enkvist, Suediako Gobernuko Hezkuntza sailburu ohia

«Hainbeste esperimenturekin, eskolaren balioa galtzen ari da»

Lund-eko Unibertsitateko Espainiar Filologiako katedradunak uste du gizartea oso permisibo eta adeitsua dela lan egiten ez duten ikasleekin

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/02

Suediako Gobernuko Hezkuntza sailburu ohi eta Lund-eko Unibertsitateko Espainiar Filologiako katedradun Inger Enkvist
Suediako Gobernuko Hezkuntza sailburu ohi eta Lund-eko Unibertsitateko Espainiar Filologiako katedradun Inger Enkvist (Mikel Mtz de Trespuentes. UPV/EHU)

“Norabidea galdu dugu”. Suediako Gobernuko Hezkuntza sailburu ohi eta Lund-eko Unibertsitateko Espainiar Filologiako katedradun Inger Enkvist-en hitzak dira. UPV/EHU bisitatu zuen, Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik. “Las pruebas de la Educación” (Hezkuntzako probak) jardunaldian parte hartu zuen, eta Suediako sistemaren iragana eta oraina izan zituen hizpide. Bide batez, hezkuntzari lotutako gai hauei buruz egin dituen hausnarketak ezagutzeko aprobetxatu genuen: eskola (“Galdu egin da eskolari genion errespetua”), azterketak (“Gaur egun azterketari zaion fobia irrazionala da”), etxeko lanak (“Etxeko lanak ikasleentzat dira, eta ez gurasoentzat”), Txinako hezkuntza eredua (“Motelagoa bazara, lan handiagoa egin beharko duzu; zeure esku dago”), PISA (“Eskolak gehiegi oinarritzen badira PISAko gaietan, kalte egingo diote, oro har, hezkuntza sistemari) eta teknologia berriak (“Ordenagailuari balio handiegia ematen zaio ikasketa prozesuan”).

Campusa: Zure proposamenak oso polemikoak dira; nola ikusten duzu hezkuntzaren panorama gaur egun?

Inger Enkvist: Uste dut hezkuntzarekin esperimentu gehiegi egiten ari garela eta, ondorioz, norabidea galdu dugula. Garrantzitsua da ikasketa prozesua ezagutzea, hobetu ahal izateko, baina orain, hezkuntzarako tresna gisa Internet erabiltzen zentratu gara, eta ez dago frogatuta emaitzek merezi dutela. Gure unibertsitatean, ikerketa bat egin zen: eskola bateko bi talderen emaitzak konparatu zituen, irakasle berarekin eta tresna desberdinekin. Talde batek testu liburuak ardatz hartuta egin zuen lan; besteak, berriz, Internet ardatz hartuta. Emaitzak ez zuen alderik eman lortutako ezagutzari dagokionez, baina, hori bai, ahalegin ekonomiko ikaragarria egin behar izan zen ikasgelan teknologia hori izateko, eta irakasleak denbora gehiago behar izan zuen sarean materiala bilatzeko. Ordenagailuari balio handiegia ematen zaio ikasketa prozesuan. Beharrezkoa da teknologiari buruz hausnartzea: non eta zertan inbertitu. Internet tresna egokia da helduentzat, ezagutza areagotzen eta informazioa bilatzen laguntzen baitu. Alabaina, ez dago frogatuta ikasleak prestatzeko egokia denik.

C: Zein dira estrategia egokienak?

I.E: Agian, atzera egin beharko genuke arbela eta klariona erabiltzera, eta testu liburu onetan inbertitu. Ikasketa prozesuan zentratu behar dugu, eta hobetu egin behar dira testu liburuak, ikasleek ikasketa prozesua amaitzean jasotzen dituzten sariak eta ezagutzak ebaluatzeko probak. Alde horretatik, proba horiek nola egin hausnartu behar da.

«Agian, arbela, klariona eta testu liburuak erabili beharko genituzke berriro»

Desberdinak izan behar dute, eta ez diote horrenbeste erreparatu behar ikaslearen adinari, baizik eta lortutako ezagutzari. Etapa bakoitzaren amaieran, proba bat egin behar zaio ikasleari, egiaztatzeko ea ikasi duen eta hurrengoari aurre egiteko prest dagoen. Hala ez bada, errepikatu egin behar du. Ez dago beste aukerarik.

C: Baina azterketak diskriminatzaileak izan daitezke?

IE: Fobia irrazional bat zaio azterketari. Azterketak erakusten du serioak garela eta ikasleak ikasteko eta ezagutzak lortzeko lan egiten dugula. Funtzionatzen duten sistema guztiek dituzte azterketak. Ezin dena gertatu da Lehen Hezkuntzako ziklo bat amaitu eta ikasleak oraindik irakurtzen ez jakitea, oinarri bat ez izatea eta hurrengora igarotzea. Mailara iristen ez bada, errepikatu egin behar du; bestela, hutsune horiek arrastaka eramango ditu etorkizunera. Ikasleak ahalegin handiagoa egin beharko du, lan handiagoa egin beharko du, eskolaren eta gurasoen laguntzarekin. Hala egin ezean, ikaslea eta gurasoak engainatzen ari gara, itxaropen faltsua emanez. Ez dago beste aukerarik. Duela gutxi, Txinako eskolak bisitatzen egon naiz. Lehen Hezkuntzan, irakasleek eskola ordu gutxi dituzte egunean, eta, hortaz, denbora asko dute gaiak prestatzeko. Ikasleek irakasleekin eta maila altuagoetako ikasleekin lan egiten dute, gaiak berrikusten. Denbora gehiago behar badute, denbora gehiago gelditzen dira ikasgelan. Etxeko lanak eginda ekartzen ez badituzte, lan bikoitza dute. Eta ikasle guztiak irribarretsu ikusten zenituen.

C: Orduan, Txinako ereduaren alde egiten duzu?

IE: Txinatarrei ezin hobeto doakie beren filosofiarekin: “Motelagoa bazara, lan handiagoa egin beharko duzu. Aurrera egin nahi baduzu, zeure esku dago”, guri 60ko eta 70eko urteen aurretik bezala. Kontua da mendebaldeko gizartean onartu egiten dugula ikasleek lanik ez egitea, eta horrek kalte egiten die, ez baitute ikasteko autodiziplinarik eta ohiturarik lortzen. Gure gizartea oso permisiboa eta adeitsua da lan egiten ez dutenekin. Hezkuntza pausoz pauso egiten da; heltze prozesu baten emaitza da. Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara behar diren ezagutzak lortu gabe pasa daitezen uzten badiegu, seriotasun eta gizarte konpromiso falta handia erakusten dugu.

C: Eginkizun hori nori dagokio, irakasleari?

IE: Irakasleak ezin du ezer egin bakarrik. Lau aktore daude, eta indarrak batu behar dituzte laurek: irakasleak, hezkuntza sistemak, ikasleek eta gurasoek. Ikasleak ahalegin bat egin behar du sari bat lortzeko, sistemak helburu argiak jarri behar ditu, eta gurasoek lagundu egin behar dute.

«Ez gara Pisaren tiranian erori behar»

C: Gurasoek laguntzea zer da? Etxeko lanak egitea?

IE: Ez da estrategia ona haurrengan eta beren etxeko lanetan arreta handiegia jartzea. Etxeko lanak beharrezkoak dira, baldin eta eskolan azaldutakoa eta ikasitakoa finkatzeko, berrikusteko edo hobeto ulertzeko balio badute, bereziki atzeratuta dabiltzan ikasleentzat, taldearen mailan jarraitzen laguntzen baitiote. Etxeko lanak ikaslearentzat dira, eta ez gurasoentzat. Haiek lagundu egin behar diete, baina ez etxeko lanak egin.

C: Hala ere, etxeko lanak, askotan, eskolaz kanpoko jarduerei gehitzen zaien zama bat dira.

IE: Gaur egun gehiegikeria bat da haurrek eskolaz kanpoko zenbat jarduera egiten dituzten. Gurasoek hezkuntza zabal bat eman nahi diete seme-alabei, eta agian jarduera bat edo gehienez ere bi egitea ez dago gaizki. Baina arazoak baldin badaude, onena da eskolaz kanpoko jarduerarik ez egitea eta ikasketetan zentratzea. Horrela egiten ez bada, ikasketen aurretik futbola izatea gizarteari eta finantzaketa publikoari barre egitea izango litzateke. Ezin dugu engainu hori onartu.

C: Argi dago azterketen alde zaudela. Alde horretatik, zein da zure iritzia PISA probei buruz?

IE: Proba horiek oso erabilgarriak dira nazioartekoak direlako, joera nazional politikorik ez dutelako eta modu serio batean, hau da, datu objektiboekin konparatzeko balio dutelako. Hala ere, zenbait gabezia dituzte. Azterketa horiek, ELGE erakunde ekonomikoak antolatzen dituenak, matematiketan, zientzietan eta irakurketan oinarritzen dira, hau da, ekonomiaren eta enpresaren garapenerako balio duten gaitasunetan. PISAk, ordea, ez ditu jasotzen hizkuntza, artea, filosofia, erlijioa eta historia, eta gai horiek behar-beharrezkoak dira mundua eta herrialde bateko kultura ulertzeko. Hori dela eta, beste proba nazional batzuk egin behar dira. Sistema PISAk testatzen dituen ezagutzak prestatzen zentratzen bada, galdu egingo dira eskolak belaunaldi bakoitzari eman behar dizkion beste oinarrizko elementu batzuk. Ezagutza horiek ahazten baditugu, Pisaren tiranian eroriko ginateke, eta kalte egingo genioke oro har hezkuntza sistemari.

C: Azkenik, zer uste duzu etxean eskolatzeari buruz?

IE: Joera hori sortu da, eskolarekiko mesfidantza handia dagoelako; izan ere, etxean eskolatzeak izugarrizko ahalegina eskatzen die gurasoei denbora eta diru aldetik. Gurasoek erabakitzen badute beren haurrek ezagutzak etxean jasoko dituztela, izan daiteke beldurra diotelako ikasgeletan eta ikastetxeetako korridoreetan gertatzen den indarkeriari. Egia da fenomeno hori ez dela berria, beste garai batzuetan ere gertatzen zela, baina hori gertatzen da galdu egin delako hezkuntzari eta eskolaren balioari zitzaion errespetua. Beste arrazoi bat ideologikoa izan daiteke, gurasoak ez datozelako bat eskolaren ideiekin. Eta eskolak ahalik eta objektiboena eta neutroena izan behar du. Idealena da komunitate guztiarentzat balio izatea, zentro beharrezko, erakargarri eta desiragarri bat izatea, baina hainbeste dira egiten ari garen esperimentuak, ezen eskolaren balio galtzen ari baikara.