euskaraespañol

'Matiland' aplikazioa, UPV/EHUren Hezkuntzarako App Azokaren VIII. edizioaren irabazlea

Edizio honetan, 8 aplikazio mugikor sortu dira, bereziki pentsatuak Down sindromea eta beste adimen desgaitasun batzuk dituzten pertsonentzat

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/01

Irudia
Azokan parte hartu zuten taldeek beren sorkuntzak erakutsi zizkieten bertaratu ziren ikasle eta irakasleei. | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU

Joan den abenduan egin zen «UPV/EHUren Hezkuntzarako App Azokaren» zortzigarren edizioa. Topaketa horrek amaiera ematen dio Bilboko Hezkuntza Fakultateak eta Ingeniaritza Eskolak urtero antolatzen duten diziplina arteko proiektu bati. Helburua da bultzada ematea, alde batetik, hezkuntza alorrean teknologia berrien erabilerari; bestetik, telekomunikazioen ingeniaritzatik soluzio aplikatuak inplementatzeko gaitasunari.

«Hezkuntzarako VIII. App Azoka» inoiz baino bereziagoa izan da: «Teknologia guztiontzat» lemapean, 8 aplikazio mugikor sortu dira batik bat Down sindromea eta beste adimen desgaitasun batzuk dituzten pertsonentzat. Edo sortzaileek dioten bezala: “era guztietako pertsonentzat, gaitasun ugari eta askotarikoak dituzten pertsonentzat”. Horretarako, egitasmoan parte hartzera gonbidatu dituzte fakultatean ikasten duten Euskal Herriko Down sindrome eta beste adimen urritasunen Fundazioko ikasleak, aurretik ere parte hartu izan dutenak UPV/EHUk eta fundazio horrek sortutako Unibertsitate-Enpresa-Gizarte Ikasgelan.

«Matiland» izan da edizio honen app irabazlea, matematika jolasen bidez ikasteko aplikazioa; lau mundu (Calcuzoo, Tempilandia, Fortunitown eta Numipark), eta hiru desafio mundu bakoitzean, hainbat sarirekin. Gainera, azalpenak eskaintzen ditu taldea bera protagonista den bideoen bitartez.

Aplikazio hori sortu dute Hezkuntza Fakultateko Haizea Ruiz, Oihane Vaamonde eta Eider Vallejo ikasleek eta Telekomunikazio Ingeniaritza Masterreko Diego Sanchez ikasleak.

Edizio oso berezia

Maider Huarte Telekomunikazio Ingeniaritza Masterreko Teknologia Telematiko Aurreratuak irakasgaiaren irakaslearen hitzetan, “aurtengo desafioa handiagoa izan da, izan dugun lankidetza hirukoitz hori dela eta. Fundazioko erabiltzaileak lanean aritu dira ere aplikazioen espezifikazioen eta materialen sorkuntzan, kontuan izanda beren beharrak. Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikasleek forma eta hezkuntza testuingurua eman diote lan guztiari. Ingeniaritzako ikasleak aplikazioak garatzeaz arduratu dira. Ingeniaritzaren ikuspegitik, lan egin da, bezero errealekin ez ezik, baita amaierako erabiltzaileekin ere, eta balio erantsi handia eman dio horrek esperientziari. Aurten, irakasgaiak berak eskatzen zienetik harago joan dira, eta nabari da hori emaitzan, profesionalek sortutakoak diruditen aplikazioak baitira”.

Bere aldetik, Urtza Garay Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoa pozik dago ere edizio honen emaitzarekin. “Aurtengoa esperientzia bikaina izan da, eta ondo diseinatutako eta programatutako aplikazioak sortzea bezain garrantzitsua izan da denon artean eta denontzat sortzea. Erronka izan da hiru erakundeetako ikasleek osatutako taldeetan aritzea, eta emaitzak zoragarriak izan dira, zeren eta, irakasgaiaren gaitasunak lantzeaz gain, bizitzarako funtsezko gaitasun bat ere garatu dugu; hots, zaintza, errespetua eta elkar ezagutza. Irakasle gisa, uste dut ‘App Azoka’ dela hezkuntza jarduera exijenteenetako bat, denbora, ahalegin eta lan ikuspegitik, baina, aldi berean, gehien erakusten didana eta gozatzen dudana, ikasturte guztietan”.

Alba Rodríguez Lehen Hezkuntzako ikasle eta EgunberriApp-ren sortzaileetako baten arabera, “oso esperientzia berritzailea izan da, inoiz ez genuelako horrelako proiekturik egin ingeniaritzako ikasleekin. Gauza guztietan bezala, komunikazioa behar-beharrezkoa izan da, beti ez genuelako elkar ulertzen diseinuaren, programazioaren eta amaierako erabiltzaileen atalek”.

Gainera, desafio handi bat izan da ere lan egitea adimen gaitasun desberdinak dituzten ikasleekin. Albaren hitzetan, “egokitu egin behar izan dugu kontzeptuak zehazteko orduan. Ez duzu feedback azkar hori lortzen, taldeko beste ikasle batzuekin bezala, beste erritmo bat dutelako edo lotsatiagoak direlako, eta ohituta ez daudelako. Dena dela, azkenean, oso gustura egon gara eta denbora igaro ahala lortu dugu alde biek beharrezkoa genuen konfiantza giroa sortzea, eta elkarri lagundu diogu asko”. Iritzi berekoa da Clara Romero, Haur Hezkuntzako ikasle eta aplikazio honen sortzaileetako bat: “esperientzia honek asko eman digu, era guztietako ikasleekin lan egiten eta komunikatzen ikasteko orduan”.

Marta Camacho Telekomunikazio Ingeniaritza Masterreko ikaslea arduratu da EgunberriApp aplikazioa garatzeaz. Haren esanetan, “proiektua kasu erreal bat zen, non haiek bezero rola betetzen zuten. Planteatzen ziguten zer nahi zuten eta guk hori burutzeaz arduratzen ginen, kontraproposamenak eginez, behar zutenera hobeto egokitzeko, denon artean ikusita galderak egokiak ote ziren, hasierako proiektua hobetuta… Egia da espero genuena baino zertxobait korapilatsuagoa izan dela, zeren eta, azkenean, ingeniaritzan gauza teknikoak ikusteko dugun modua ez dator bat haiek duten moduarekin, ikuspegi didaktikoagoa, etab. Hasieran uste genuena baino pitin bat gehiago zaildu zuen horrek lana. Azkenean, oso pozik gaude emaitzarekin: lortu dut sortzea bezeroak nahi duena egiten duen aplikazioa”.

Ainara Arcubilla Fundazioko ikaslea aplikazioaren erabiltzailea da. Pozik erakusten ditu mugikorra agertzen den bideoturorialak. “Guk ideiak ematen genizkien eta bideoak grabatzen genituen. Oso ondo pasatu dut lan hau egiten”, adierazi du, Marta Gangoiti Fundazioko hezitzailea aldamenean duela. Hauxe izan du Gangoitik irakasle lanetan lehen urtea Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikasgela honetan. Haren hitzetan, “esperientzia izan da gogobetegarria eta aberasgarria nire ikasleentzat. Aplikazio hauek gure ikasleei laguntzen diete egunerokoan, eta UPV/EHUko ikasleei erakusten die lan egin dezaketela adimen desgaitasuna duten pertsonekin”.

Arcubilla oso pozik dago ikastegian irakasle gisa izan duen esperientziarekin: “esperientzia honek gauza asko eman dizkit. Ikasi dut nola nire ikasleak talde berean aritu daitezkeen beste ikasle batzuekin, eta zoragarria izan da nire ikasleak ikustea beste ikasle batzuekin bat eginda campusean”.

Deskarga itzazu app-ak

Ondoren, edizio honetan sortutako aplikazioak aurkezten dizkizugu, dagoeneko eskuragarri doan Google Playn:

Matiland

Matematika era gamifikatuan ikasteko aplikazioa. 4 mundu (Calcuzoo, Tempilandia, Fortunitown eta Numipark) eta 3 desafio mundu bakoitzean, hainbat sarirekin.

FutuApp

Futbolean oinarritutako eskolaz kanpoko jarduerara bideratutako aplikazioa. Kirolaren arau eta erregelamenduetara ohitzeko beharrari heltzen dio, era erakargarri eta dinamiko batean. Gainera, inklusioa sustatzen du, edozein motatako taldearentzat erabilgarri izatea bilatzen baitu.

RutiApp

Down sindromea duten adingabeen autonomia sustatzeko pentsatua. Aplikazioak lantzen du eguneroko jardueren plangintza eta antolakuntza, jaikitzen direnetik, higiene pertsonala…

AsteApp

Plataforma interaktibo bat eskaintzen du, norbanakoaren beharretara eta lehentasunetara egokitutako eguneko errutinak pertsonalizatzeko.

Acentua2

Gaztelaniazko azentu marken ortografia ikasteko, jolasaren bidez, berehalako feedbackarekin.

EgunberriApp

Bereziki pentsatua Down sindromea duten pertsonentzat. Pertsona horiek unibertsitatearen barruan sozializatzea bilatzen du, gainerako unibertsitateko kideekin batera aritu daitezen.

LagunApp

Oinarrizko kontzeptuak ikasten laguntzen die desgaitasuna duten pertsonei. Bereziki pentsatua komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat. Garapen kognitiboa, linguistikoa eta soziala sustatu nahi du, eta tresna interaktiboak eta baliabide bisualak eman, modu eraginkor batean ikasteko.

Matidatzi

Down sindromea eta beste adimen desgaitasun batzuk dituzten pertsonei lagundu nahi die matematika eta irakurketa-idazketa kontzeptuak berrikusten, Lehen Hezkuntzan jolasaren bidez landutakoak.