euskaraespañol

Zurerako berniz berriak

Kimika Fakultateko Gradu Amaierako Lan batean zurerako berniz garden eta % 100 solidoak (disolbatzailerik gabeak) garatu dituzte, LED ultramorezko lanparak erabiliz ontzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/31

Irudia
Iker Hidalgo Kimika Fakultatearen kanpoaldean | Argazkia: UPV/EHU

Gaur egun, gure bizitzako ia edozein espaziotan erabiltzen dira estaldurak, pinturak edo bernizak: hormetan, automobiletan, ateetan, altzarietan, zoruetan, etxetresna elektrikoetan, azazkaletan, etab. Normalean, apaintzeko eta babes hesi gisa erabiltzen dira produktu horiek. 

Likido egoeran dagoen bernizetik solido egoeran dagoen azken estaldura lortzea ahalbidetzen duten transformazioen multzoa da ontze prozesua. Eraldaketa hori lortzeko, hainbat erreakzio mota erabil daitezke: ontze ultramorea (lanpara jakin batzuen argiak produktua gogortzeko erreakzioa abiarazten du, eta erreakzioa erradikal edo katioi bidez gertatzen da), lehortze fisikoa, oxidazio bidezko lehortzea, giro tenperaturan edo labean lehortzea, infragorri bidez lehortzea, etab. 

Altzarien sektorean, lerro zuzenak dira joera gaur egungo, eta, horri esker, produkzioa industrializa daiteke abiadura handiko produkzio lerroetan, estaldurak arrabolen bidez aplikatuz eta ultramore (UM) bidez onduz. Bernizatzean, % 100 solidoak diren produktuen zenbait geruza ematen dira, normalean 3 edo gehiago, eta UM lanparak erabiliz bitarteko ontzea egiten da. Horrelako lerroek, gutxienez osagai hauek izaten dituzte: zura lixatzeko makina, arrabola (leuna edo espatuladorea inprimaziorako), UM bidez lehortzeko lanpara, hondoa emateko arrabola, UM bidez ontzeko lanpara, berniz lixagailua, eta akabera emateko arrabola.   

Iker Hidalgo Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatean graduduna da, eta zurerako berniz berriak garatu ditu Gradu Amaierako Lanean, Industrias Químicas Irurena enpresarekin lankidetzan. Hain zuzen ere, zurerako berniz garden % 100 solidoak (disolbatzailerik gabeak) garatu ditu, LED ultramorezko lanparak erabiliz ontzeko. GRALaren helburuetako bat izan da zuraren industrian erabili ohi diren merkuriozko eta galiozko lanparen ordez LED lanparak erabiltzea, eta, bestea, toxikotasun txikiko lehengaiak hautatzea, etorkizunean litekeena delako gaur egun erabiltzen direnetako batzuk debekatzea eta/edo haiek erabiltzeko murrizketak ezartzea. 

Iker Hidalgok azaldu duenez, “azken urteetan, merkatuan etorkizun handia izan dezakeen teknika iraultzaile bihurtzen ari dira LED lanparak, UM bidez abiadura handian lehortzeko aukera ematen dutelako, eta beste abantaila batzuk ere badituztelako, hala nola bero gutxi isurtzea, eramangarritasuna, energia gutxiago kontsumitzea eta ozonorik ez isurtzea. Hala ere, teknika horrek baditu desabantailak ere. Horietako bat da gainazala ez dela ontzen, eta estaldura itsaskor gelditzen dela, oxigenoak estaldurarekin erreakzionatzen duelako lehortze prozesuan; ondorioz, lehortze edo gogortze hori ez da egokia, oxigenoak eragindako erretikulazioa inhibitzen delako eta teknologia horretarako produktu zehatzak falta direlako. Horregatik, teknologia oraindik ez da guztiz ezarri zuraren industrian”. UM bidezko ontze prozesua lanpara jakin batzuek igorritako argia xurgatuz egiten da. “Xurgapen horren ondorioz, produktuan nahasita dauden konposatuen molekulak hautsi, erradikalak sortu, eta zati hautsi horiek (erradikalak) berriro elkarren artean konbinatzen dira, solido bat osatu arte. Hainbat begiko kateak dauzkagu, batzuk luzeak eta beste batzuk laburrak. Tamaina desberdinetako kate horien muturrak hausten ditugu, kate luzeak eta laburrak elkartu eta solido bat osatu arte”. 

Produktua garatzeko egin duen ikerlana “konplexua izan da, hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, UM-LED sistemak oso berriak direlako eta oraindik garatzen ari direlako, isurpen handieneko gailurrak oso estuak direlako, eta merkatuan produktu espezifikoak falta direlako, hala nola uhin luzera zehatzetarako fotohastarazleak. Eta bestetik, uhin luzeren tarte oso estuekin lan egiten duten lanparak erabiliz ontzea zailagoa delako; izan ere, arazo gehigarriak agertzen dira, hala nola gainazala ez ontzea, eta oxigenoa inhibitzea”. 

Erretxina, monomero (diluitzaile erreaktiboa, biskositatea eta azken estalduraren propietateak doitzeko erabiltzen da, eta, erreaktiboa denez, estalduran integratzen da eta ez da lurruntzen), fotohastarazle eta gehigarri desberdinek duten portaera eta erreaktibotasuna aztertu ondoren, Iker Hidalgok ondorioztatu du sakonean eta gainazalean ontzea lortzeko bide bakarra dela “I. eta II. motako fotohastarazleak konbinatzea (argia xurgatzen duten konposatuak dira fotohastarazleak, hautsi egiten dira eta kateen begiak apurtzen dituzte, gero berriro konbina daitezen), eta, amaieran, propietateak hobetzeko gehigarriren bat eranstea. Azkenean, baiezta daiteke bete dugula gure helburua: produktu bat garatzea, UM-LED lanparak erabiliz ondu daitekeena eta ezaugarri egokiak dituen estaldura bat sortzen duena”. 

Egileari buruz 

Iker Hidalgo Gallardok Gradu Amaierako Lana defendatu du aurten, “Desarrollo de fondo transparente para madera curado con UV-LED de 395 nm” (Zurerako hondo gardenaren garapena, 395 nm-ko UM-LEDak erabiliz onduta) izenburupean. Industrias Químicas Irurena enpresarekin lankidetzan egin du GRALa, UPV/EHUko Kimika Fakultateko Biomaterialen ikertaldearen barruan, eta Mariló Gurruchaga eta Aitziber Muguerza irakasleen zuzendaritzapean. Gaur egun, Kimika eta Polimeroak masterra egiten ari da UPV/EHUn.