euskaraespañol

In memoriam: Javier Villarreal Armendariz

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/21

Irudia

Ekainaren 11n, utzi egin gintuen Javier Villarreal Armendariz adiskide maiteak.

Jakin-nahi handiko artista zen, gaur egungo arte joerei adi egoten zena eta, era berean, buru-belarri aritzen zena bere-bereak ziren lan ildoetan. Beti zegoen prest bere lanetan tresna berriak sartzeko, horiekin esperimentatzeko eta bere prozesu eta emaitzak eskuzabaltasun osoz eskaintzeko. Jabier Villarrealek ikerketa lan handia egin zuen Arte Ederren Fakultatean lan egin zuen urte guztietan. Dena ematen zuen bere eskoletan, eta gogotsu aritzen zen han egiten ziren proiektuekin, zeinak bere estilo gertukoarekin bultzatzen baitzituen.

Jabier Villarreal, Jabi haren lankide eta lagunentzat, 1987an hasi zen Fakultatean lanean. Haren ardura ziren marrazketa-ikastaroak eta proiektuak. Aurki piztu zitzaion grafika digitalarekiko interesa (kontuan hartu garai hartan uste zela teknologia berri horrek ez zuela zerikusirik lan artistikoarekin). Sormen artistikorako irekitzen ziren aukerekiko interes horrek eraman zuen Irudigintza Teknologikoaren arloa sortzera, eta horri esker jarri zituen martxan bertako tailerrak ere. Gaur egun oraindik, hogeita bost urte geroago, sormen lan handia egiten da tailer horietan, eta etengabe aztertzen da teknologia digitalek artearen arlora ekar ditzaketen aukerei eta erronkei buruz. Jabirentzat teknologiarekin lan egitea ez zen besterik gabe teknika berriak onartzea edo horietara egokitzea; harentzat, tresna horiek kritikoki aztertzeko aukera bat zen, teknologia hori asmo eta proiektu baten mende jartzea. Urte hauetan guztietan, gatazkatsua izan da artearen eta teknologiaren arteko harremana, eta Jabik hasieratik ikusi zuen hori.

Jabik eskuetara iristen zitzaion guztiarekin esperimentatzen zuen: bideo kamera batekin, ikatz ziri batekin, inprimagailu batekin, laser ebakitzaile batekin, aluminiozko plantxa batekin, 3D edo 2D eskaner batekin, makokiren kasko magiko batekin, ikasgelaren gainean hegan egiten zuen drone batekin, kamera digitalarekin, analogikoarekin, akuarela olio edo fotopolimeroarekin... Denak balio zuen sormen esperientzia berrietan sartzeko eta ikasleak abentura horretara erakartzeko.

Bere obra artistikoarekin baliabide tradizionalen eta berrienen arteko hibridazio ideia landu zuen, eta dentsitate handiko unibertso poetiko bat sortu. Metodo, teknika eta tresna berriak ez ziren inoiz erabili bere obra artistikoaren oinarriaren kontura: gure gizarteen gaur egungo bizitzari buruzko kontakizun konplexu eta bizia.

Zortea dugu lankide eta lagun gertuko, gogotsu, irudimentsu eta sakon hau ondoan izan dugulako. Eskerrik asko, Jabi, urte hauetan eman duzun guztiagatik, eta hain eskuzabal eta gertukoa izateagatik.

Xabier Idoate

Arte Ederren Fakultateko lankidea.