euskaraespañol

In memoriam: Jesus Mari Larrazabal Antia

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/30

Irudia
Jesus Mari Larrazabal eta Larraitz Zubeldia. Argazkia: Kepa Korta. UPV/EHU

Jesus Mari Larrazabal Antia Zumaian jaio zen 1948an eta Donostian hil da 2021ean, 72 urterekin. 1967tik 1972ra bitartean Elizaren babesean sortutako Herri Gaztedi taldeko kide eta Urola Kostako arduradun izan zen. Paris-X Unibertsitatean Ekonometria eta Filosofia ikasi zituen. Ikasketa horiek Valentziako Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) balioztatu zituen. Ikasketetan erakutsitako trebetasunengatik, aukerak izan zituen Parisko Banku Nazionalean lanean hasteko edo AEBetara Logikako tesia egitera joateko, baina ikasitakoa Euskal Herriaren zerbitzuan erabiltzea erabaki zuen. Erabaki militantea izan zen. Logikako Masterra eta Filosofiako Doktoregoa lortu ostean, 1992an lortu zuen Logikako Katedra, Kalifornian ikerketarako egonaldi bat egin ostean.

16 eta 18 urte bitartean piztu zitzaion logikarako zaletasuna. Matematikaren filosofiaz biziki interesatua zegoen eta gizarte zientzietara hedatu nahi zituen eredu matematikoak. Hala sortu zitzaion logika ikertzeko asmoa. Hortik abiatuta, logikaren hizkuntza naturalerako aplikazio semantikoetara eta kognizio- nahiz ekintza-sistemetara eboluzionatu zuen. Larrazabalen ikerketa-gaiak semantika formala, zientzia formalen (logika, matematika, konputazio-teoria) filosofia eta oinarriak, diskurtsoaren analisia eta ekintza sozialaren teoria izan dira.

1976an Euskal Herrira itzuli eta unibertsitate publikoaren eraikuntzari lotu zitzaion. Bergarako UNEDen zuzendariorde izan zen 1977tik 1979ra bitartean. Zorroagan fakultateko dekanorde eta Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko zuzendari izan zen. ILCLI Institutua (Institute for Logic, Cognition, Language and Information) sortu eta bertako zuzendari izan zen hainbat urtetan. ILCLI Institutuak garrantzi handia ematen dio euskaraz eta ingelesez ikerketa lana egiteari. Euskaraz argitaratzen du GOGOA aldizkaria eta horren zuzendaria ere izan zen Larrazabal.  2017an erretiratu zen eta 2018an unibertsitateko lankideek eta lagunek GOGOAren ale berezi bat atera zuten, bere 70. urtebetzearen opari gisara: https://ojs.ehu.eus/index.php/Gogoa/issue/view/1716

2005ean Eusko Ikaskuntzako lehendakarigai izatera eraman zuen motiboetako bat ere euskararen sustapena modu kementsuagoan defendatzea izan zen.

Politikan jarrera independentistaren eta erabakitzeko eskubidearen defendatzaile sutsua izan da beti. Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen 1978an. Gipuzkoako Batzarretako kide izan zen LAIAtik, 1979tik 1983ra bitartean. Jarrera oso kritikoa izan zuen “sufrikarioaren gizarteratzeari” buruz: gozamena eta atsegina ziren gizarteratu beharrekoak, ez sufrikarioa.  Indar subiranisten batasuna aldarrikatu zuen, ahal zuen neurrian. Gasteizko Legebiltzarrerako hautatua izan zen EA-Eusko Alkartasunarekin eta legebiltzarkide izan zen 2009ko maiatzetik 2010eko ekainera bitartean. Osasun arazoengatik utzi zuen kargu politikoa.

Mikel Haranburu

UPV/EHUko Psikologia Fakultateko eta ILCLI Institutuko kide erretiratua