Ezkerreko hiru kultura politiko –sozialismoa, komunismoa eta ezker erradikala edo iraultzailea– ikertzearen bidez, Víctor Aparicio Rodríguezek egindako ikerketak azaldu nahi du zeintzuk izan ziren kultura politiko horiek izan zituzten jarrera teorikoak, diskurtsoak eta praktika zehatzak, Trantsizioko indarkeria politikoaren gaiari lotuta.
Indarkeria Trantsizioko aktore politiko gisa
UPV/EHUren tesi batek sakon jorratu ditu fenomeno hori eta horrek zenbait gizarte mailatan eta esparru politiko jakin batzuetan izandako inpaktua
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2022/01/13
Víctor Aparicio Rodríguezek egindako tesiak ikuspegi historiko bat du, eta indarkeria politikoak Espainiako demokratizazio prozesuan jokatu zuen rol benetan garrantzitsuari buruz aurrez egindako ekarpenak garatzen ditu. Trantsizioari buruzko kontakizun gehienetan, ez da nahikoa jorratu errealitate hori. “Indarkeria politikoa zentraltasun izaera izan zuen demokratizazio prozesuan, praktika gisa eta kategoria zehatz gisa, baina baita, batik bat iruditeria gisa ere, garaiko aktore protagonisten diskurtso, ekintza eta portaera politikoetara sartzera iritsi zen eta, ondorioz, trantsizio prozesuaren bilakaeran zuzenean eragin zuen elementu sinboliko gisa”, azaldu du doktore berriak.
Ezkerreko hiru kultura politikoren –sozialismoa, komunismoa eta ezker erradikala edo iraultzailea– analisiak, indarkeria politikoarekin lotutako gaiekin erlazionatutako ekoizpen teoriko eta diskurtsiboak eta ezkerreko hiru kultura politiko horiek indarkeria politikoarekiko izandako jarrera, praktika eta ekintzek erakusten dutenez, indarkeria politikoa funtsezko faktore bat izan zen, eta ikertutako erakundeen nortasuna, estrategia politikoak eta bilakaera markatu zituen. Horrela, ondorioztatzen denez, indarkeria politikoak Trantsizioko aktoreak baldintzatu zituen; beraz, baita Trantsizioa bera ere.
Gizarteak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan zuen jarrerari buruzko ikerketek adierazten duenez, espainiarrek oso kontuan hartu zuten faktore bat izan zen indarkeria politikoa; hain zuzen ere, nabarmen arbuiatu zuten. Ondorioz, uneko gizartearen berezko berezitasun horiek argi eta garbi baldintzatu zuten erregimena aldatzeko prozesuaren bidea. “Moderazioaren aldeko apustu orokorra –1977ko ekaineko hauteskundeetako emaitzek argi utzi zuten– eta gatazka sozialeko arrisku handiagoa ekar zezaketen aldaketa politikoko proposamen erradikalagoekiko kontrako jarrera mesfidatia faktore erabakigarriak izan ziren politikaren garapenerako eta prozesuan parte hartu zuten aktoreentzako”, adierazi du ikertzaileak.
Alderdien estrategiak
Hori horrela, sozialistek sozialismoaren historiako une jakin batzuetan beren gain hartutako matxinada manu batzuk utzi zituzten, eta kultura politiko horren balio bakezale eta humanistak birbalorizatu; tartean, pluralismoa eta parlamentarismoa. 1940ko hamarkadaz geroztik, PSOEk “Espainiako arazoaren konponbide baketsua” defendatu zuen; hau da, diktadurarekin amaitzea indarkeriarik gabe. Hogeita hamar urte geroago, ez zuen jarrera hori aldatu. PCEk gerrillaren aldeko apustua egin zuen hasiera batean diktadura frankistaren lehen hamar urteetan, eta, gero, funtsezko “bira taktiko” bat egin zuen, eta Adiskidetze Nazionaleko Politika egin zuen 1956an. Politika hori funtsezkoa izan zen, eta horretan oinarrituta eraiki zituzten komunistek frankismoaren kontrako aliantzak, masa mugimenduetan izan zuten parte hartzea eta beren trantsizio proposamenak 1970eko hamarkadan.
Ikertutako ezker erradikaleko taldeei dagokienez –Espainiako Alderdi Komunista (nazioartekoa) [(PCE (i)], Langileen Erakunde Iraultzailea (ORT), Mugimendu Komunista (MC) eta Liga Komunista Iraultzailea (LCR)–, ikusi da komunistek beren gain hartutako adiskidetze nazionalarekiko ukoa eta diktadurarekin amaitzeko eta sozialismoa ezartzeko masa indarkeriaren defentsa teorikoa denek partekatzen zituztela haiek sortu eta lehen ureetan, 1960ko hamarkadaren amaieratik 1970eko hamarkadaren lehen erdira bitartean. Beren nortasuna berretsi nahi izan zuten; izan ere, Santiago Carrillo buru zuen alderditik urrundu nahi zuten. Ildo horretan, indarkeria politika, batik bat plano teorikoan, eta diskurtso iraultzailea benetako nortasun ikur bilakatu ziren, eta frankismoaren azken etapan praktikan jarri nahi izan zituzten, intentsitate txikiko indarkeria mailekin bada ere.
Jarrera terrorismoaren aurrean
Terrorismoaren gaia izan zen Trantsizioko beste arazo nagusietako bat. Eskuin muturreko terrorismoaz harago, ETAren eta GRAPOren ekintzek, funtsean, demokratizazio prozesuan terrorismoa errotzea eragin zuten. Horren harira aipatu behar da ikertutako ia erakunde guztien jarrera, diktadura garaian, ia bat zetorrela frankismoari uko egiteko “aktibismo armatuan” zebiltzan erakunde horiekin. Nolanahi ere, nabarmendu behar da antiterrorismoa komunisten ikur bereizgarri bilakatu zela Trantsizioan. Hori horrela, PCEren Euskadiko adarra izan zen ETAren indarkeriaren aurka Euskadiko kaleetan manifestatu zen lehen erakundea.
PSOEk, bere aldetik, mehatxu terroristari buruzko kontzientziazio prozesu motelago eta gradualago bat bizi izan zuen. 1977an, ETAko aktibisten “erromantizazioaren” legatuarekin jarraitzen zuen eta geroago hasi zen konturatzen arazoaren dimentsioez, eta ikuspegi kritiko kategorikoago bat hartu zuen bere gain. Nolanahi ere, arazoa berandu errekonozitu bazuten ere, sozialistek, eta batik bat euskal sozialistek, tinko egin zioten aurka ETAren indarkeriari.
Ikerketaren funtsezko ondorioa da indarkeria politikoa etengabea zela Trantsizioan eta funtsezko elementu erabakitzaile bat izan zela ikertutako erakundeen jarrera, diskurtso eta portaera politikoetan. “Batera edo bestera, indarkeria faktore erabakigarri bat izan zen, eta hura gabe ezin dira ulertu Espainian, 1975etik 1982ra bitartean, jazo ziren gertaera politiko gehienak. Indarkeria beste “aktore politiko” bat izan zen, aldaketa politikoko prozesuaren garapen konplexuan nahasita. Gainera, fenomenoaren zentraltasuna eztabaidaezina da, eta aintzat hartu behar da Espainiako Trantsizioa azaltzeko edozein saiotan”, esan du amaitzeko Víctor Apariciok.
Informazio osagarria
Víctor Aparicio Rodríguezek, Luis Castellsen eta José Antonio Pérezen zuzendaritzapean, egin duen doktorego tesia “La izquierda y la violencia política en la transición española. Discursos y prácticas (1975-1982)” deitzen da. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko Saileko Historia Garaikideko unibertsitate arteko doktorego programaren barruan egin da.