euskaraespañol

Maria Puy Portillo eta Saioa Gómez

Intsektuak, mikroalgak eta laborategiko haragia proteina iturri alternatiboak dira: beharrezkoak ote ditugu?

Farmazia eta Elikagaien Zientzietako Saileko Nutrizio eta Obesitate Taldeko ikertzaileak eta CIBEROBN zentroko kideak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/12

Foto por pvproductions - www.freepik.es
Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Munduko biztanleria gehitu ahala, proteina eskaera ere gehituz doa. Aldi berean, gero eta ohartuago gaude gaur egun proteina eskuratzeko erabiltzen diren iturriak ez direla jasangarriak, nagusiki animalia proteinak izaten baitira. Arazoaren gakoa, hein batean, abeltzaintzak behar dituen lursail eta ur kantitate handietan datza, eta horrek ingurumenean eragiten duen inpaktuan.

Hori dela eta, proteina jatorri tradizionalentzako alternatiba bila dabil elikagai industria, jasangarriagoak izan daitezkeenak eta, aldi berean, nutrizioaren ikuspuntutik ere egokiak izango direnak.

Edonola ere, ezin dugu ahaztu gure merkatuan badugula jada kalitate handiko proteina, jasangarria, osasungarria eta ekonomikoa; adibidez, lekaleena.

Hala eta guztiz ere, jendeak iturri alternatiboak eskatzen ditu, eta horrek berrikuntzara eta produktu berriak sortzera bultzatzen du elikagai industria. Ikus ditzagun agertzen ari diren proteina iturri batzuk.

Haragi kultibatua, laborategikoa edo ‘in vitro’-koa

Zenbait lekutan, esaterako Singapurren eta Israelen, baimenduta dago haragi horren kontsumoa. Europar Batasunean, oraingoz, ez. Erabiliko balitz, elikatzeko darabiltzagun animalien kopurua gutxitu ahalko genuke.

Haragi mota horren ekoizpenaren abiapuntua gihar biopsia bat izaten da, animalia bizidun bati hartua izan daitekeena. Gero, isolatu egiten dira zelulak (normalean, zelula amak, zeinak laborategian gihar zelula bihurtzen baitira, hau da, berezitu egiten dira), eta ugaldu egiten dira, zelula gehiago sortzen dira.

Ugaltzeko, zelulek nutrienteak eta hazkunde faktoreak behar izaten dituzte, besteak beste. Agian, kultibo horiei ematen zaizkien konposatuetatik ika-mika gehien eragin dezakeena, batetik, animalia seruma izango da, zeinak ugaltzen ari diren zelulei behar dituzten nutrienteak eta hazkunde faktoreak ematen baitizkie, eta, bestetik, kultiboak kutsa ez daitezen erabiltzen den antibiotikoa (abeltzaintzan ere erabiltzen da); izan ere, zelulak laborategian hazten diren baldintzetan, bakterioak ere ondo baino hobeto hazten dira.

Seruma lortzeko, animaliak hil behar dira, baina ez proteina iturri moduan zuzenean kontsumitu behar bagenitu beste. Ildo horretan, seruma erabili behar ez izateko alternatibak ikertzen ari dira, arrakastaz ikertzen ere, oraindik gehiago murriztu ahal izateko hil beharreko animalien kopurua.

Horrelako haragiak balio biologiko handiko proteinak (kalitate onekoak) eskaintzen baditu ere, beharbada haragi tradizionalak dituen nutriente batzuekin osatu beharko litzateke; adibidez, B12 bitaminarekin edo burdinarekin.

Azkenik, aztertu egin beharko da haren ekoizpenak duen kostu energetikoa, eta zenbat baliabide material, esate baterako, plastikoak, beharko diren.

Intsektuak

Munduan 2 000 intsektu espezie inguru kontsumitzen dira; haien nutrizio balioa aldatu egiten da intsektu batetik bestera, sexuaren, metamorfosi egoeraren (larba, heldua) eta beste faktore batzuen arabera.

Haien proteina edukia % 1 eta % 81 artekoa izan daiteke (materia lehorrean); balio biologiko (kalitate) handikoa da eta, oro har, digerigarritasuna ere handia da; beraz, printzipioz, intsektuak proteina iturri onak izan daitezke.

Gainera, Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) haien kontsumoa jasangarria izan daitekeela deritzo, haien hazkuntzak ez duelako abereenak adinako lekurik behar eta kutsadura gutxiago sor dezakeelako.

Hala eta guztiz, haien kontsumoak arrisku biologikoak, kimikoak eta alergenikoak sor ditzake kontsumitzaileentzat, eta horregatik da garrantzitsua Europako Elikadura Segurtasunaren Agentziak (EFSA) horiek ebaluatzea. Arrisku horiek ebaluatzen diren artean, zazpi intsektu espezie kontsumitzea baimentzen du Europar Batasunak. Haietako bat, Tenebrio molitor larba edo irinetako harra, joan zen urtean eman zuen ontzat EFSAk.

Mikroalgak

Gero eta ezagunagoak egiten ari dira, nutrizio aldetik interes handiko konposatuak dituztelako; adibidez, proteina eta molekula bioaktiboak, osasunerako onak. Mikroalga horietako batzuk, esate baterako, espirulina eta chlorela, baimenduta daude Europar Batasunean; baina jaten den kantitatea oso txikia da (osagarri modura jaten dira gehienbat) eta, beraz, haien proteina ekarpena txikia izango da.

Gainera, haien balio biologikoa ez da animalia jatorriko proteinena bezain handia. Bestalde, haien hazkuntza ere ez da oso eraginkorra oraindik eta, horrenbestez, garestia egiten da. Azkenik, beste elikagai batzuekin gertatzen den moduan, arretaz zaindu behar dira haiek edukitzen dituzten zenbait osagai, esate baterako, azido nukleikoak edo metal astunak, halakoak gehiegi kontsumitzea kaltegarria izan baitaiteke.

Beharrezkoak al dira proteina iturri alternatibo horiek?

Gaur egun, animalia jatorriko proteinaren kontsumoa altua da, gehiegizkoa batzuetan; beraz, gure gizartean, bederen, proteina iturri berriak bilatzeak ez luke lehentasunezkoa izan behar.

Kontsumoa gutxitu eta, hartara, sistema, bere horretan, jasangarriagoa izan daiteke. Gainera, lekaleak proteina iturri bikainak dira, osasungarriak eta jasangarriak, eta, zerealekin behar bezala konbinatuz gero, kalitate oneko proteina eskaintzen dute.

Hala eta guztiz, ezin dugu ahaztu gizartearen eskaerei erantzuten diela industriak, eta animalia jatorriko iturri tradizionalen ordez (batez ere, ganadua) berri horiek erabiltzen dituztenentzat alternatiba ona izan daitezkeela.