Blanca Urgell

Klasikoak editatzen, eta zu?

Monumenta Linguae Vasconum 5 taldeko ikerlari nagusia

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/09

Blanca Urgell
Blanca Urgell. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Greenblatt-ek (“El giro”, 2012) proposatu du Poggio Bracciolinik (1380-1459) Lucrecioren “De rerum natura” berreskuratu izanak eman ziola oinarria mundu modernoari: jakin-mina bekatu izateari utziko zion mundu bati, alegia. Liburua guztiz gomendagarria da, baina ni bereziki hunkitu nintzen Bracciolini irudikatu nuenean eskuizkribua estreinakoz eskuetan hartu eta zein zen ohartzean, baita Niccolò Niccoli-ren egundoko ardura haren ondoko kopia guztien ama izango zena egiteari heldu zionean ere. Blanca dut izena eta filologoa naiz.

“Klasikoa, esan beharrekoak esateari sekula uzten ez dion liburua da”, dio Italo Calvinok. Horregatik-edo, erraz aurkitzen ditugu Cervantes edo Shakespeareren edizioak, Balzac edo Austen, Kafka edo Dostoievski, edo Woolf, edo de Castrorenak ―eta gutxi batzuetan baita Axularrenak ere― salgai. Bat baino gehiago, gainera.

Nola hautatu aukeran daudenen artean? Argitaletxearen izenaz? Azaleko irudiaz? Paperaren goxoaz? Salneurriaz? Azalpenak dituen ala ez? Dakienak esango luke ediziogilearen lanaren arabera hautatu behar dela, dudarik gabe.

“Klasikoak editatzea literaturan aditua denak egin dezakeen lanik gorena da”, dio Iglesias Feijook (2002). Nola liteke? Liburua idatzi zenez geroztik, hitzaurrean bildu egilearen biografia, liburuaren gaia eta hiru-lau kontu gehiago, sakabanatu ohar batzuk testuaren oinetan, zer meritu du horrek? Iglesiasek honela erantzuten du: “Editatzea idazlanaren arazo guztiak argitzea da, hitz bakoitza, perpaus bakoitza bere testuinguru zehatzean ulertzea eta, azken batean, ziur egotea egileak nahi zuen obrara ahalik gehiena hurbildu garela”.

Definizio egoki horretan, ordea, ez dago “Filologia” hitza, eta nekez topatuko dugu, onerako behintzat, bestetan ere gaur. Izan ere, gure Fakultatearen izenetik ere desagertu da, filologoa ―Turner-en “Phi-lol-o-gy” (2014) parafraseatuko dut― garun aspergarriak, hamaika datutxo alferrikakoz beteak, aurpegi zurbilak, liburutegiko hautsaz estalitako jakak eta kraska-kraska egiten duten hezurrekin lotzen duen modernitate uhinak ezabatua.

Filologoak fakultatearen barruan gaude, halere, eta lanean, klasikoak ez ezik Francisco Ricok (2005) “eruditoentzako zaharreriak” deitu dituenak ere editatzen; Lazarraga eskuizkribua, adibidez: <http://www.ehu.eus/monumenta/lazarraga/>. Ezustean agertu zenean, 2004an, Euskal Filologiaren oinarriak ikaratu ziren, egilearen soslaia (aitoren semea! arabarra!) eta obrarena (artzain-nobela! eskatologia! emakumearen sexu nahia!) ezezagunak ―eta espero ezinak, apika― baitziren XVI. mendeko euskal literaturan. Eskuizkribuaren hainbat ezaugarri formal ere ezezagunak ziren guretzat ―gaitzerdi, ez hispanistentzat―; zer esanik ez haren hizkuntza, maiz biziki gaitza. Gure lantaldeak urteak eman ditu hori aztertzen, eta hala behar ere. Lehendabiziko “larrialdizko” transkribaketaren gainean norbaitek korrika eta presaka egin zuen edizioak enegarren aldiz erakutsi du testu gordinak perilez beteta daudela.

Izan ere, ez dago “testu” bakar bat, testuaren arketipo baten zenbait aukera baizik. Testu bakoitzaren bertsio bakoitza, eskuzko kopia bakoitza zein ―gezurra badirudi ere― inprenta zaharreko ale bakoitza, bata bestetik ezberdinak dira beti, gehiago edo gutxiago. Batek dioena ez da besterik gabe onartzekoa, hainbat eragilek aldatuta egon litekeelako: denboraren igarotzeak kalte materialak zein hizkuntza-ezaugarrien esanahi edo funtzio aldaketak dakartza, edo euren ahanztura; norbaiten borondateak edukia zein hizkuntza garai berrietara egokitzea, zentsuratzea, faltsutzea, etab.; eta lapsuserako giza-joerak akats txiki eta handiak, batzuetan agerikoak, hala nola “etxe”-ren ordez “exte” balego, baina ez beti konpontzen errazak (ez da beti argia zer egin behar den “etxeak ikusi dut” bezalako zerbaitekin) eta, gainera, ez gutxitan harrapagaitzak. Villasantek egin Axularren edizioko (1976) adibideak hartuta, oharkabeko ordezkapen txiki ia-ia ohartezinak daude (“benturan” > “benturaz”), hitz ñimiñoen desagerpenak (“kandela [bere] eskuan harturik”; taket artekoa falta du) eta “berdinetik berdinerako jauziak” ere: “...kanpoan eta barrenean, bietan [behar duela izan on eta eder: biez] behar duela eduki kontu eta ardura” (“Gero” 402-403).

Filologoak ez du testua “editatzen” soilik, bada, baizik eta aztertzen, egiaztatzen eta interpretatzen, bai irakurleek oztoporik gabeko irakurketaz goza dezaten, bai ikertzaileek beren ikerketak (historikoak, linguistikoak, etab.) egiteko material fidagarria aurkitu dezaten. Honetarako, filologoak obraren testuingurua menderatu behar du, haren gai orokorra, literatur generoa, egilearen gainerako obrak eta “usus scribendi” edo idazteko modua, besteak beste. Gainera, garaiko hizkuntza “hitz egin” behar du, hala gramatikan nola lexikoan ordutik hona gertatu diren aldaketen berri zehatza izan.

Bertsio guztiak bildu, elkarrekin erkatu eta desadostasunak egotekotan banan-banan erabaki beharko du jatorrizko irakurketa zein zen edo, gutxieneko kontuan, zeinek ematen duen hortik hurbilena. Bertsio asko izatea ez da gozoa ― Villacortaren “Bienandanzas y Fortunas”-en edizioa (UPV/EHU, 2015) lekuko, esate baterako―, baina bertsio bakarra duenaren lana ez da errazago izango. Zeinek bere arazoak, hortaz.

Edizioa, bada, testu baten gaineko hipotesi gezurtagarri bat da, edo izan beharko litzateke, behintzat. Eta, finean, Rico maisuak ezin argiago adierazi duenez (2005), edizio baten lehendabiziko eginbeharra “...edizio bat izatea da: testua garbi ipintzea, ez zirriborroz, hutsunez eta euli-kakaz kalkatzea”.