euskaraespañol

ANECAren zuzendaritzak Euskal Herriko Unibertsitatea bisitatu du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/27

Irudia
UPV/EHUko errektoretza taldea eta Anecako zuzendaritza taldea, Bizkaia Aretoko terrazan. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

ANECA Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean harremanak estutzea eta euskal unibertsitatearen beharrak bertatik bertara ezagutzea izan dira Mercedes Siles Molina ANECAko zuzendariak Eva Ferreira UPV/EHUko errektorearekin Bizkaia Aretoan urriaren 26an egin duten topaketa instituzionalaren helburu nagusiak.

Bilera ANECAko zuzendaritza-taldea Espainia osoko unibertsitateetako errektoreei egiten ari zaien bisita presentzialen barruan kokatzen da, Agentzia bultzatzen ari den aldaketak azaltzeko, eskaintzen diren zerbitzuen katalogoa zabaltzeko eta unibertsitateetan dauden beharrak bertatik bertara ezagutzeko.

Topaketa errektorearen eta ANECAko zuzendariaren arteko lehen bilera batekin hasi da. Ondoren, errektoretza-talde osoak, Agentziak, Lázaro Rodríguez gerenteak eta Mª Concepción López-Fernández Irakasleen Ebaluazio Dibisioko zuzendariak bat egin dute, agentzia ezartzen ari den aldaketak eta UPV/EHUko unibertsitate-komunitatearen eskaerak zehatz-mehatz ezagutzeko.

Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak topaketa instituzional horren balioa azpimarratu du: "Ebaluazio-agentziak erabakigarriak dira irakasleak behar bezala egiaztatzeko eta eskaintza akademikoaren kalitatea bermatzeko. Horregatik, ANECAren eta unibertsitateen arteko harreman instituzional arin batek balio erantsi handia ematen dio goi-mailako hezkuntzaren etorkizuneko garapenari. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiet agentziako zuzendariari eta bere taldeari UPV/EHUra egindako bisitagatik eta etorkizuneko gaiak jorratzeko eta ikuspuntuak alderatzeko izan dugun aukeragatik”.

ANECAko zuzendariak, bere aldetik, adierazi du bisita horrek agerian uzten duela “ANECA unibertsitateetatik gertu dagoela, zerbitzu publikorako bokazioa baitu". Bileran, gaineratu zuenez, "Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak eta UPV/EHUk gure lan-ildoak azaldu ditugu eta elkarri laguntza eskaini diogu, eta horrek, zalantzarik gabe, unibertsitate-komunitatearen onerako izango da".