euskaraespañol

Arkitektura ikasleak Saguesera begira

Aurkeztutako liburuak Donostia hiriko alderdi horretako proiektuak biltzen ditu; hura berrirudikatu eta berregiteari buruzko estrategiak proposatzen ditu

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/21

Irudia

Joan den ikasturtearen amaieran, Donostiako Udalak Sagues alderdia berrirudikatu eta berregiteari buruzko estrategiak proposatzeko eskatu zion UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoari. Proposamenak Arkitektura graduko bosgarren ikasturteko Hirigintza, Paisaia eta Lurraldeko Aipameneko ikasgaietan sartzen dira, eta oinarri teorikoa eman zuten Gros auzoko bazter hau definitzeko orduan. Egindako lanek ingurunearen diseinu kontzeptual eta funtzional bati erantzun zioten, hirigintza plangintzaren ikuspegitik adierazita. Guztira, 77 ikaslek parte hartu zuten, tartean direla Erasmus programako ikasle atzerritarrak eta Bordeleko Unibertsitatekoak.

Sagues. Arkitektura ikasleen begiradak’ lana UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu du, eta Donostiako udalaren Udalbatza Aretoan aurkeztu dute berriki Eneko Goia alkateak eta UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendariak. Testu honek Arkitekturako ikasleek egindako lan horren emaitzak biltzen ditu, baita Gipuzkoako hiriburuko ingurune horri konponbidea ematen lanean diharduten irakasleek ondutako irizpideak ere.

“Laburbilduz, ondorioztatu dugu Sagueseko proposamenak askotariko herritarrei zuzenduta egon beharko direla, auzotarren beharrizanei erantzun beharko diete, eta hiriko gune berezia izatearen balioa zaindu, natur ingurunearen arreta ahaztu gabe”, Izaskun Aseguinolaza UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Hirigintza Arloko koordinatzaileak nabarmendu duenez.